Jaurlaritzak onartu egin du pentsio osagarrien dekretu berria

Araudiaren helburu nagusia da BGAEak Arabara eta Bizkaira ere hedatzea. Orain arte, langileen %15 inguruk zituzten han.

BGAE
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren batzarra, urtarrilaren 26an, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko otsailaren 13a
12:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du pentsio osagarrien sistema Arabara eta Bizkaira ere hedatzeko helburua duen araudia. Gobernuaren ustez, baliagarria izango da «estatuan bakarra eta berritzailea den etorkizuneko lehentasunezko enplegu sistema finkatzeko» . Dekretua apirilean sartuko da indarrean, eta sei hilabeteko epea egongo da horretara egokitzeko.

Bi urteko lanketaren ondoren, dekretuak urtarrilaren amaieran jaso zuen Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren onespena. Kontseilu horretan ordezkaritza dute pentsio osagarrien sistema kudeatzen duten talde guztiek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, kooperatibek, sindikatuek, patronalak eta BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeek.

BGAE edo pentsio osagarriak nahiko hedatuta daude Gipuzkoan, Geroaren bitartez. Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenak sortu zuen BGAE hori, baina gero harekin bat egin dute lurraldeko beste hainbat sektoretako itunek, eta gaur egun langileen erdiek baino gehiagok dute enpleguari lotutako pentsio osagarri bat. Araban eta Bizkaian, ordea, langile publikoek, kooperatibista batzuek eta Kutxabank, Tubacex eta beste enpresa batzuetako langileek dituzte oraindik, gutxi gorabehera langileen %15ek. Nafarroan ere ez daude oso hedatuta.

Eusko Jaurlaritzak onartu duen dekretuan, enpleguari lotutako pentsio osagarriak arautu dituzte. Eta, zehazki, lehentasunezko BGAEak; hau da, enplegatzaileen eta langileen ekarpenarekin hornitzen diren pentsio planak. Horietako hiru daude gaur egun: Geroarena, Elkarkidetzarena (udaletako eta aldundietako langileena), eta Lagun Aro (Mondragoneko eta beste kooperatiba batzuetako langileena).

Plan horien helburua da langileak erretiroa hartzen duenean pentsio osagarri bat eskuratzea hilero. Hots, jarritako dirua errenta gisa kobratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.