Eusko Jaurlaritzaren zorpetzeak jauzi nabarmena eman du 2012. urteko lehen hiruhilekoan. Zor bizia ia 6.800 milioi eurora iritsi da, tarte horretan %22 handitu ondoren. Igoeraren ia erdia, hala ere, kontularitzan gertatu diren aldaketei zor zaie, orain arte kalkulutik at zeuden bi sozietate publiko zorpetzean aintzat hartu behar direla erabaki baitu estatuko kontu hartzailetza orokorrak. Nafarroaren zorrak ere jauzi handia egin du urtearen hasieran, %11,4 igo baita: 2.725 milioi euro zor ditu, 2011 amaieran baino 279 milioi euro gehiago (+%11,4). Iruñeak, ordea, ezin dio igoera kontularitzari egotzi, 2011 amaieran aplikatu zitzaiolako aldaketa.
Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazoka eta Alokabide dira Jaurlaritzaren zorra handitu duten erakunde publikoak. Bien artean 500 milioi euro zor dituzte, eta Jaurlaritzak bere gain hartu behar dituenen artean sailkatu dituzte. Aldaketak ez du Gasteizko gobernua ezustean harrapatu, joan den urteko defizit publikoa kalkulatzerakoan dagoeneko biren datuak aintzat hartu zituelako Espainiako Ogasun Ministerioak.
Zorpetzearen eta defizitaren zenbaketa SEC-95 sistemaren bidez egiten da, Europan pareko datuak lortu ahal izateko. Sistema horrek zenbait irizpide markatzen ditu sozietateen zorra gobernuak bere gain hartu behar duen edo ez erabakitzeko. Elkarte batean hainbat administraziok parte hartzen badute, zorra nori egokitu behar zaion zehazteko modua ere aurreikusita dago. Esaterako, jabetza kopuru bera dute Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak erakustazokan, baina diru gehien nork bideratzen duen kontuan hartu da.
Gobernuak ez du zalantzan jarri bi sozietate horien zorpetzea bere gain jartzeko erabakia. Ez da lehen aldia izan, Visesa ere kalkuluetatik at egon ondoren 2010. urtean sartu zelako. Kontrakoa ere gertatu da, gainera. Bilbao Ria 2000 elkartearen zorra Jaurlaritzaren kontuetan zegoen 2010. urtea arte, eta, harrezkero, Espainiako Gobernuari egotzi zaio. 1.122 milioi gehitzen dizkiote menpeko elkarteek Jaurlaritzaren zorrari.
BPGaren %10etik gora
Espainiako Bankuak atzo argitaratu zituen erkidegoen zorpetze egoerari buruzko datuak. Urtarrila eta martxoa bitartean izandako hazkundearen ondorioz, Jaurlaritzaren zorpetze mailak barne produktu gordinaren %10,2ra iritsi da, kopururik handiena 1995 .urtean kalkulua martxan jarri zenetik. Ekonomia eta Ogasun Sailetik egindako aurreikuspenen arabera, urte amaieran zor bizia 7.300 milioi euro ingurura iritsiko da.
Beste erkidego batzuekin alderatuta, zorpetzearen pisua txikia da EAEn. Hala ere, kontuan hartu behar da eskumen banaketa propioaren ondorioz foru aldundiek beste toki batzuetan baino garrantzi handiagoa dutela. Esaterako, errepideen eraikuntza eta mantentze lana. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek beste 2.071 milioi euroko zorra dute, aurreko hiruhilekoan baino 20 milioi gutxiago (-%1). Udalerrien kontuak alde batera utzita, EAEko sektore publikoaren zorpetzea %13,3 litzateke.
Finantza zama, kontrolpean
Zorpetzeari buruzko datuek kontakizun argia ematen dute. 1998. urtean Juan Jose Ibarretxe lehendakari izendatu zutenetik jaitsiera esanguratsua izan zuen urtero. Hazkunde ekonomikoaren bultzadari esker, %1 baino gutxiago izatera iritsi zen. 2007. urtean, hain zuzen ere, 302 milioi baino ez zituen zor Jaurlaritzak, bere menpeko sozietate publikoek baino gutxiago (340 milioi). Krisi ekonomikoak erabat eman zion buelta egoera horri. 2009. urtea 2.600 milioitik gorako zorrarekin itxi zen, eta bi urte gerago 5.500 milioira igo zen. Espainiarekin hitzartutako planaren arabera, 2014. urtean 8.850 milioi eurora iritsiko da.
Jaurlaritza ez dago kezkaturik zorpetzearen hazkundearekin. Interesen eta amortizazioen truke ordaindu beharrekoari arazorik gabe aurre egin ahal zaiola uste du. Aurten 425 milioi bideratuko ditu zorpetzearen faktura ordaintzeko, aurrekontu orokorraren %4. Erkidegoak finantzatzeko lege organikoaren arabera, gehienez ere interesen eta amortizazioen zama %25 izan liteke, eta hortik urrun jarraitzen du gobernuak.
Edonola ere, finantza zamaren fakturak gora egingo du nabarmen urtetik urtera. 2015. eta 2018. urteen artean, batez beste 600 milioi izango dira. 2019an 700 milioitik gorakoa izango da, 2009an hamar urterako saldutako bonuak itzuli behar direlako. Aurreikuspenak betetzen badira, 2020. urtean berriro ere jaitsiko da finantza zama hori.
EAEko gobernuak dagoeneko jaulki duen zorraren batez besteko epemuga bost urte eta bederatzi hilabetekoa da, eta interesa, %3,55. Zorpetzearen %61ek interes finkoa du, eta gainerakoaren truke interes aldakorrak ordaintzen ditu.
Nafarroan, %14,5
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak baino datu are okerragoak ditu Nafarroak. Foru erkidegoaren zorra bere barne produktu gordinaren %14,5 izatera iritsi da. Krisia hasi zenean baino lau aldiz handiagoa da zorra; 2007an BPGaren %3,6 zen.
Espainiak, berriz, zorra bikoiztu du. Burbuilaren urteetako diru sarrera oparoak baliatu zituen zorra gutxitzeko, eta bere BPGaren %35,8ra jaistea lortu zuen 2008 hasieran. Azken hiruhilekoan, berriz, %72,1ra iritsi da. Datu absolutuetan, 774.549 milioi euro zor ditu. Zatirik handiena (%55,2) Estatu zentralari dagokio.
Jaurlaritzaren zorpetzeari 500 milioi gehitu dizkiote BECek eta Alokabidek
Urtarriletik martxora, %22 handitu da gobernuaren zorra, eta barne produktu gordinaren %10etik pasatu daInteresen eta amortizazioen zamari aurre egiteko arazorik izatea ez du espero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu