Tekno-oligarkiaren munduan dena da dirua, dena da garapena, dena da boterea. Oinarriak, baina, ez dira pentsa daitekeen bezain sendoak edo mugiezinak. Duela bi aste Jensen Huang munduko pertsona aberats eta boteretsuenetakoa zen. Aberats eta boteretsu izaten jarraitzen du gaur, baina jada ez da Nvidia enpresako kontseilari ordezkaria.
Haren esanetan, dimisioa eman du; pentsa daiteke, ordea, Huangek saihestu egin nahi izan duela administrazio kontseiluak kaleratzea berak duela 33 urte sortutako enpresatik, eta kargua bere kabuz utzi duela. Enpresak, agurrean, eskertu egin dio urteotan egindako ekarpen «sakona». Huangek 1993an sortu zuen enpresa, eta ordutik aritu da bertan. Nvidia munduko enpresa baliotsuenetakoa bihurtzen lagundu du: Nvidiaren burtsako balioa lau bilioi euro ingurukoa da.
Zergatik eman du dimisioa? Funtsean, enpresaren akzioek balioaren %30etik gora galdu dutelako azken egunetan. Jaitsiera eragin du Huangek bi emakumerekin izandako harremanak. Horietako bat Singapurreko Megaspeed datu zentroko burua da. Txinako Gobernuaren espioia izatea egotzi diote. Huangek ukatu egin du emakumea espioia zela zekienik. Txinak ukatu egin du emakumea espioia denik. Bigarren emakumea enpresako goi kargu bat da, The New York Times egunkariaren arabera.
Barkamen eskea, igandean
Igandean ez zuen asmorik dimisioa emateko. Orduan zabaldutako mezuaren arabera, Huangek zuzendaritzako kideei, bazkideei eta akziodunei agindu zien haien konfiantza berreskuratzeko lan egingo zuela. «Zerbait hobea merezi duzue nigandik», esan zien. «Nvidia zuzentzea da nire bizitzako pribilegio handiena. Zuentzat baliagarria izatea eta zuen konfiantzakoa izatea da nire ardura. Ez dut ardurak eskatzen zuen moduan jokatu».
Adimen artifizialaren garapenean funtsezkoa da Nvidia. Zehatzago esateko, Nvidiaren GPU Grafikoak Prozesatzeko Unitate aurreratuak. Pentsa, AEBek mugatu egin diote Txinari sal diezazkieken GPUak, AEBek adimen artifizialaren garapenean nagusitasunari eusteko eta Txinaren garapena mugatzeko. Gaur egungo GPUen bertsio zaharragoak saltzen dizkie Txinako enpresei, ahalmen txikiagoa dutenak.
AEBetan ikerketa abiatu dute Huangek Txinari ustezko espioiaren bitartez isilpeko informazioa eman dion edo ez argitzeko. Zalantzak uxatu nahi izan zituen Huangek igandean: «Maite ditut gure herrialdea eta enpresa. Nvidia eta AEBetako segurtasun nazionala babesten ditut».
Enpresaren ikurra
Huangek bi emakume horiekin izandako harremana albiste nagusia izan da AEBetako eta Europako komunikabide askotan: munduko GPU ekoizle nagusiaren buruzagitza kolokan ikusi dutelako, eta morboa erakarri duelako. Izendatu dute behin-behineko ordezkoa: Colette Kress, Finantza arduraduna.
Huang Taiwanen jaio zen, eta AEBetan hazi. Ez da izan Nvidiaren kontseilari ordezkari hutsa, goitik behera kontrolatu du enpresaren ibilbidea eta garapena. Nvidiaren ikurra ere izan da, Steve Jobs Appleren ikur izan zen moduan. Huang ezezaguna da jende askorentzat, Nvidiak ez baititu ekoizten telefonoak, tabletak edo entzungailuak, GPUak baizik; hala ere, bideo jokoen zaleen artean estimatuak dira haren GeForce txartel grafikoak.
Huang kontseilari ordezkaria izan da, baina ez da bulego batean ezkutatuta egon. Ohikoa izan da ekitaldietan eta aurkezpenetan larruzko jakarekin eta kirol oinetakoekin ikustea. Donald Trump AEBetako presidentearen gertukoa da, eta Trumpekin izan zen teknologia arloko enpresa erraldoietako buruzagiekin bilera egin zuenean, irailean.
Akziodun nagusia
Huangek aberats eta boteretsu izaten jarraituko du. Enpresako akziodun nagusia da, akzioen %3,6 inguru baititu. Bere aberastasuna 145.000 milioi dolar ingurukoa da (131.000 milioi euro). Munduko hamahirugarren pertsona aberatsena da, Bloombergen arabera.
Eta orain zer? Elon Musk Space X-ko buruak enpresako ateak zabaldu zizkion Huangi.