Joel Mokyr, Philippe Aghion eta Peter Howitt, Ekonomiako Nobel saridunak

Berrikuntzak hazkunde ekonomiko iraunkorra nola sustatzen duen aztertzen egindako lana aitortu die Suediako Zientzia Akademiak.

Ekonomiako Nobel sariak aurkezteko ekitaldia, gaur, Stockholmen. ANDERS WIKLUND
Ekonomiaren Nobel sariak aurkezteko ekitaldia, gaur, Stockholmen. ANDERS WIKLUND
Irune Lasa.
2025eko urriaren 13a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Suediako Zientzia Akademiak Joel Mokyr, Philippe Aghion eta Peter Howitt ekonomistak saritu ditu, Berrikuntzak sustatutako hazkunde ekonomikoa esplikatzeagatik. «Teknologia bizkor garatzen ari da eta guztioi eragiten digu, produktu eta ekoizpen modu berrien bidez, zeintzuek aurrekoak ordezkatzen dituzten, amaierarik gabeko ziklo batean». Hori da, akademiaren aburuz, «hazkunde ekonomiko iraunkorraren oinarria, zeinak bizi kalitate, osasun eta ongizate hobea ekartzen dituen».

Saria, berez, bi zatitan banatu du erakundeak. Nobel sariaren erdi bat Joel Mokyrrentzat da: hark hazkunde iraunkorraren kausak aztertu ditu, historia ikertuz. Ikertzaileak frogatu du ezen, berrikuntzen autogenerazio prozesu bati eusteko, beharrezkoa dela, gauzek nola funtzionatzen duten jakiteaz gain, haren arrazoia esplikatuko duten azalpen zientifikoak ezagutzea ere.

Ezagutza hori gabe, zaila zen asmakizunek bata besteari jarraitzea bultzada propioarekin. Hala gertatzen zen Industria Iraultzaren aurretik, aurrerabidea oztopatuz. Ildo horretan, Mokyrrek azpimarratu izan du garrantzitsua dela gizartea prest egotea ideia berriak onartzeko, aldaketak ahalbidetzeko.

Sariaren bigarren zatia Philippe Aghionek eta Peter Howittek partekatuko dute; izan ere, akademiaren arabera, desberdina da saritu den gaira biek egindako hurbilpena —eredu matematikoen bidez egina— eta Mokyrrena egindakoa.

Suntsipen sortzailea

Aghionek eta Howittek «suntsipen sortzailearen bidezko hazkunde iraunkorraren teoriagatik» jaso dute saria.

Biek eredu matematikoa eratu zuten fenomeno baterako: produktu berri eta hobetu bat merkatura sartzean, produktu zaharragoak saltzen dituzten enpresak galduan ateratzen dira. Berrikuntzak, innobazioak, zerbait berria dakar, eta, beraz, kreatiboa da, sortzailea. Baina aldi berean suntsitzailea ere bada, lehiak gainditu egiten duelako atzean geratzen den enpresa.

Bakoitzak bere moduan, bi ikertzaileek azaldu dute nola suntsipen sortzaileak sortzen dituen modu eraikitzailean kudeatu beharreko gatazkak. Bestela, berrikuntza blokea daiteke, jada sendotuta dauden enpresen eraginez, edo beren geroa arriskuan ikusten duten interes taldeen eraginez. Ildo horretan, Aghionek eta Howittek berrikuntza, aldaketa teknologikoak eta lehiarako politikak izan dituzte ikergai.

«Sarituen lanak erakusten du hazkunde ekonomikoa ez dela egintzat jo behar. Suntsipen sortzailearen oinarrian dauden mekanismoak sustatu behar ditugu, geldialdian ez erortzeko»

JOHN HASSLER Ekonomiako Nobel sariaren batzordeko presidentea

Mokyr historialaria katedraduna da Illinoisko Northwestern Universityn (Chicago, AEB). Herbehereetan jaioa da (1946), baina israeldar eta estatubatuar herritartasunak ditu.

Aghion ekonomista frantziarra (Paris, 1956) Frantziako Kolegioan eta INSEADen aritzen da ikerketan eta irakaskuntzan, baita London School of Economics-en ere.

Howitt ekonomista kanadarra (1946) Brown Universityko ikertzailea da (Rhode Island, AEB).

Ekonomiako Nobel saria ematen duen batzordeko presidente John Hassleren ustez, «sarituen lanak erakusten du hazkunde ekonomikoa ez dela egintzat jo behar. Suntsipen sortzailearen oinarrian dauden mekanismoak sustatu behar ditugu, geldialdian ez erortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.