Espero bezala, Erresuma Batuko Komunen Ganberak bart tramiterako onartu du gobernu kontserbadoreak aurkeztutako barne merkatuari buruzko lege proiektua. Alde izan ditu DUP Ipar Irlandako Alderdi Unionistako zazpi botoak, eta baita Alderdi Kontserbadoreko parlamentari gehienak ere. Hala ere, 30 tory abstenitu egin dira, eta beste bik kontra bozkatu dute.
Matxinatu diren parlamentario tory horiek ez dira proiektuaren aurka dauden bakarrak. Alderdi Kontserbadorean itzal handia eta postu esanguratsuak izandako hainbat izenek gogor kritikatu dute brexit-erako irteera akordioa urratzea dakarren legea, eta horien artean daude Theresa May, David Cameron eta John Mayor lehen ministro ohiak.
Analista askoren arabera, parlamentuko hainbat tory «bolbora lehor gordetzen» dabiltza, lege proiektuaren kontra egiteko une egokiaren zain. Komunen Ganberan gauzak errazago izan ditzake Boris Johnsonen proiektuak, baina Lorden Ganberan oposizioa handiagoa izango da toryen artean, besterik ez bada ere, legearen tramitazioa ahalik eta gehien luzatzeko.
Boris Johnson lehen ministroak aurkeztutako barne merkatuaren lege proiektuak baditu hainbat klausula urratu egiten dutenak 2019ko urrian Erresuma Batuak eta Europako Batasunak hitzartutako irteera akordioa. Hain zuzen, Johnsonek berak negoziatu zuen akordio hori, eta garaipen gisa aurkeztu zuen egungo parlamentua osatzeko hauteskundeetan.
Lege proiektuak zalantzan jartzen ditu, batez ere, Ipar Irlandarako aurreikusitako neurriak; horien helburu nagusia zen ez itzultzea Irlandarekiko muga zurrunera, eta horrela Ostiral Santuko bake akordioari eustea.