Junckerrek eskuak garbitu ditu, nahiz eta «gehiegizko ingeniaritza fiskala» aitortu

Esan du Luxenburgoko zerga ihesaren «erantzule politikoa» dela, baina ez «arkitektoa».EBko harmonizazio fiskalerako neurriak iragarri ditu

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko burua, atzo, Bruselan egindako prentsaurrekoan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Jean Claude Juncker joan den astean jasotako kolpea arintzen ahalegindu zen atzo, baina ezin izan zuen zaplaztekoaren orbana ezkutatu. Hamazortzi urtez Luxenburgoko lehen ministro izan zen aldian ehunka multinazionalek bere gobernuarekin zerga ihesa errazteko egindako tratu sekretuen auziak ageri-agerian utzi du, eta Europako Batzordeko presidente izendatu berriaren irudia ardiak zaintzen jarri duten otsoarena da dagoeneko. Argi utzi zuen: «Ez da dimisiorik izango». Bere burua Luxleaks deitu dioten kasuaren «erantzule politikotzat» aitortu arren, esan zuen dena legearen barruan egin zela eta edonola ere ez dela bera Luxenburgoko zerga sistemaren «arkitektoa».

Eskuak garbitzearekin batera, kontraerasora ere egin du Junckerrek. Benetako iraultza fiskal bat martxan jarriko duela iragarri zuen, baina, bere herrialdean ahalbidetu duen zerga ihesaren ostean, sinesgarritasun tarte txikia du horrelako promesak egiteko. Hain zuzen, sinesgarritasun horri buruz galdetu zion kazetari batek: «Europarrek zergatik sinistu beharko lizukete zerga ihesaren eta iruzurraren kontra zaudela?». Argudio sendo barik erantzun zion: «Horixe esaten ari naizelako».

Interes gatazkarik ez

ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoaren lanari esker jakin da 2002tik 2010era bitartean Pepsi, Ikea, FedEx, AIG, Deutsche Bank eta munduko beste 340 multinazionalek baino gehiagok itunak negoziatu zituztela Luxenburgoko zerga agintariekin, pagatu beharreko zergak nabarmen txikitzeko. Hori guztia, Juncker Luxenburgoko lehen ministro zenean. Beste herrialde batzuetan egindako salmentak edo lortutako irabaziak dukerrian kokatutako filialetara bideratu izan dituzte enpresa horiek. Berez, %29koa da sozietate zerga Luxenburgon, baina, multinazionalen eta agintarien arteko itunei esker, sarri %1eraino txikitu dute tasa.

«Nire iraganean ezerk ez du erakusten Europan zerga ihesa antolatzeko nahirik dudanik», esan zuen Junckerrek. Eta iragarri zuen Batzordeak harmonizazio eta gardentasun fiskalean sakontzeko neurriak aurkeztuko dituela zerga iruzur eta ihesari aurre egiteko. Baina hilda jaio den promesa bat da: batetik, neurri fiskalak aho batez onartu behar dituztelako estatuek, eta orain arte ez dute horretarako prestasunik erakutsi abantaila fiskalak erabiltzen dituzten estatuek—Austriak, Herbehereek, Irlandak eta Luxenburgok, besteak beste—; bestetik, Durao Barrosok egin zuelako ahalegina 2011n, eta ez zuen lortu adostasunik.

«Agian, beste herrialde batzuetan bezala, gehiegizko ingeniaritza fiskala izan zen Luxenburgon», aitortu zuen Junckerrek europarlamentuan. Dena «legezkoa» izan arren, horren jatorrian dagoen arazotzat, hain zuzen, EBko harmonizazio fiskalik eza jo zuen. Bestalde, ukatu egin zuen interes gatazkarik dagoela Batzordeak Luxenburgoren «laguntza fiskalak» ikertzerakoan. «Hau ez da Juncker Junckerren kontra», gaineratu zuen. Ukaezina da, ordea, Junckerren iragana gutxienez Junckerren orainaren kontra jarri zaiola bete-betean.

Haren azalpenekin ez dira gustura azaldu Euskal Herriko eurodiputatuak. Ikerketa zabal bat egiteko eskatu du Izaskun Bilbao jeltzaleak, baldin eta ALDE talde liberalaren konfiantza berreskuratu nahi badu. «Bizirik baina ukituta atera da», ziurtatu du EH Bilduko Josu Juaristik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.