Kamioilari bat hil da Muxikan, haren ibilgailua trenbidera erorita

Aurten lanean ari zela hildako 54. langilea da, eta 11. garraiolaria.

Lan istripuen aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lan istripuen aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 15a
17:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi-635 errepidean zihoan kamioi bat bidetik irten da gaur arratsaldean, Muxikan (Bizkaia). Ibilgailua errepidearen ondoan doan trenbidera erori da, eta, hartutako kolpe handiaren ondorioz, bertan hil da gidaria. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du istripuaren berri, eta azaldu du bertaratutako osasun zerbitzuek ezin izan dutela ezer egin kamioilaria salbatzeko. Haren izenaren berri ez dute eman.

Ertzaintzak ikerketa hasi du jakiteko zergatik irten den kamioia bidetik. 

Ezbeharraren ondorioz, errepideko eta trenbideko garraioa eten egin behar izan dute, eta auto ilarak izan dira.

LAB sindikatua bere webgunean egiten ari den zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako 54. langilea da Muxikan zendutakoa, eta gutxienez horietako hamar dira garraiolariak. Sektore horretan gertatu da aurtengo lan ezbeharrik larriena: martxoaren 5ean, N-113 errepideko 101. kilometroan, Fiteroko lurretan (Nafarroa), bi kamioik aurrez aurre jo zuten, eta barruan zihoazen lau garraiolariak hil egin ziren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.