Merke atera zaio BBVAri Katalunian hedatzea. Euro bat ordainduko dio FROB funts publikoari Unnimen truke, eta hark hurrengo urteotan etxegintzaren erruz izan ditzakeen galeren %80 estalita izango ditu. Terrassa, Sabadell eta Manlleuko kutxek osatutako bankua da Unnim. Ia 30.000 milioi euroren aktiboak ditu —Kutxak eta Vitalek batera bezainbeste—, 600 bulego ditu —Bartzelonako Valles eskualdean batez ere— eta milioi bat bezero.
Irailean nazionalizatu zuen FROBek Unnim, euro baten truke orduan ere. Guztira diru publikoko 953 milioi jaso ditu. BBVAk ez du diru hori itzuli beharko, finantza sektore osoak bere gain hartuko duelako, FGD Gordailuen Bermerako Funtsaren bidez. Gainera, FGDk estaliko ditu datozen hamar urteotan Unnimek etxegintzarekin lotuta izan ditzakeen galeren %80, 4.800 milioiko mugarekin. BBVAri egokitu zaio gainontzeko %20. FROBen arabera, asko jota 2.635 milioi gal ditzake Unnimek, eta horien 1.330 milioi jada hornituak ditu. Hori beteko balitz, BBVAk 265 milioi galduko lituzke.
Hurrengoa, Banco de Valencia
Hasiera batean Aragoiko Ibercaja zen Unnim erosteko faborito nagusia, uste baitzen BBVAk indar handiagoa egingo zuela Catalunya Caixa handiaz jabetzeko. Uda ondoren jakingo da hura eta Novacaixagalicia noren esku geratzen diren. Hurrengo asteotan Banco de Valenciaren geroa erabakiko dute.
Kataluniako Unnim bankua euro baten truke erosi dio BBVAk Estatuari
Etxegintzan izan ditzakeen galeren %20 baizik ez ditu bere gain hartuko; gainontzekoa FGDk estaliko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu