Txinako presidentearekin nahikoa denborapasa du egun hauetan Donald Trumpek, baina behin bihar Xi Jinpingek Pekinerako hegazkina hartzen duenean zer gertatuko den kezkatuta dago Europako Batasuna, blokearen diesel hornikuntza baitago jokoan.
Asteartean aipatu zuen Trumpek AEBetako dieselaren esportazioak aldi batez debekatzeko aukera. «Esan dut: ez dezagun dieselik bidali. Diesel asko ekoizten dugu. Hori eskatu dut nire jendearen artean», esan zuen Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bilera izan aurretik.
Hitz horietatik uler daiteke Trump aintzat hartzen ari dela legealdi erdiko hauteskundeetan lehiatzen ari diren hautagai errepublikano batzuen eskaria. Inflazioa, eta batez ere dieselaren prezioa, zama handia bihurtu dira haientzat, nekazari eta garraiolari estatubatuarrak gero eta haserreago daudelako kostuen igoera dela eta.
Gainera, erraza da diesel garestia Trumpek Iranen abiatutako gatazkarekin lotzea, nahiz eta AEBetako presidenteak Ukrainak Errusian egindako erasoei leporatu erantzukizuna.
1,6AEBek zenbat diesel esportatu duten abuztuan, eguneko milioi upeletan Inoiz baino diesel gehiago esportatzen ari dira AEBak. Abuztuan 1,6 milioi diesel upel esportatu zituzten eguneko, eta horren bosten bat etorri zen Europako Batasunera. Brasil, Txile, Mexiko, Peru, Maroko, eta Erresuma Batua dira AEBetako dieselaren beste erosle handi batzuk.Â
Diesela dagoeneko urri eta garesti dagoenez, Trumpen asmoen inguruan oso kezkatuta agertu da gaur Europako Batasuna, gero eta iturri gehiagok esaten baitute balitekeela AEBek 90 egunez geratzea diesel esportazioak. EB «diesel inportatzaile handia» dela aitortu du gaur Anna-Kaisa Itkonen Europako Batzordeko Energia eledunak.
Berak egin dio oharra Trumpen administrazioari: bi eskualdeen arteko kooperazioa txikitzea bi aldeen kalterako izan daitekeela esan du.
Diesel esportazioak hiru hilabetez etetea AEBetako ekonomiarentzat berarentzat ere kaltegarria izan daitekeela esan du EBk, eta espero duela bazkideek elkarrekin hitz egitea merkatu partekatuei eragin diezaiekeen erabaki bat hartu aurretik.
AEBetan ere bai
EB ez da bakarra. AEBetako petrolio konpainiek eta findegiek ere esan dute diesel esportazioen debekuak AEBei eurei kalte egin diezaiokeela, 36 sektore eta konpainiak sinatutako gutun batean.
Chris Wright AEBetako Energia idazkariak ere gauza bera esan zuen atzo, eta esplikatu zuen esportazioak debekatzeak ez duela arazoa konponduko, are gehiago, gasolina eta kerosenoa garestitu ditzakeela: «Ezin baduzu gure findegietako dieselik esportatu, biltegiratzeko tokirik gabe geratzen zara, petrolioaren deribatuen fintzea murriztu behar duzu, eta horrek gasolina eta kerosenoa garestituko ditu».