Kresal usainik ez da nabari handik. Baina lepoari tira eginez gero, itsasoa ikus daiteke. Donostiako Zuatzu enpresa parkean du egoitza Opegui Gipuzkoako baxurako kofradien federazioak, eta han hartu du BERRIA Miren Garmendiak, elkarteko idazkariak (Ordizia, Gipuzkoa, 1965). Aspaldi itxi zuten Donostiako portuko lonja; orain, baxurako arrantzaren «balorizazio zentro bat» jarria dute han, jatetxe eta guzti, eta Opeguik berak kudeatzen du. Garai aldaketen sinbolo.
Iaz ez bezala, aurtengo arrantzaldia albiste txar batekin hasiko duzue.
Bai, iaz lortu genuen Espainiari dagokion antxoaren kuotaren parte bat euskal arrantzaleentzat bakarrik izatea. Orain, guk erabakitzen dugu noiz eta zenbat arrantzatu, eta horrek etekin handiagoa ateratzeko ahalmena ematen digu. Aurten, berriz, berdelaren kuota %70 murriztu digu Bruselak: kolpe latza izan da.
Antxoarena zuen eskaera historikoetako bat izan da. Zer aldatu da Madrilen?
Arrantza zuzendaria. Lehen ere egondakoa da, eta harekin askotan hitz egindakoa naiz. Bazekien orain arteko egoerarekin ezin genuela jarraitu, eta aukera eman digu; proba egin, eta demostratu dugu sektorearentzat hobe dela horrela egitea.
Baina badaude kontrako ahotsak ere.
Tira, aurten ere ibili da baten bat marmarrean. Antxoa arrantzatzera inoiz ez edo oso gutxi joaten diren horiek izaten dira, baina Kantauriko flotaren %90 baino gehiago ados dago sistema berriarekin.
Berdelarenak zer ondorio izango ditu aurten?
Oso kezkatuta gaude. Bereziki amuarekin dabiltzanei eragingo die. Haientzat, urteko fakturazioaren parte handi bat izaten da berdela. Bizkaiko flotan pisu handia dauka; Gipuzkoan, txikiagoa. Barku txikiak dira, kostaldetik gertu ibiltzen direnak. Askotan, berdelaren arrantzarekin hasten dira, baina gero jauzi bat egiten dute.
Kontsumitzaileek ere nabarituko dituzte ondorioak, ezta?
Aspaldi esan nuen berdela bisiguaren pare jarriko zela prezio aldetik. Tamalez, pronostikoa bete egingo da.
«Kolapsora bidean goaz; beharbada, geroago hartuko dira neurriak, baina ordurako ez da berdelik egongo»
Berdelaren arrantzaldia gelditzea eskatu zenuten, baina Madrilek eta Bruselak ez dute onartu. Zergatik?
Zientzialariek proposatuta egin du murrizketa Bruselak, eta gu ados gaude horrekin. Berdela galzorian dago, gehiegi arrantzatu da eta. Guk, horri aurre egiteko, planteatzen genuen itxiera bat egitea, espeziea berreskuratzeko plan sendo bat abiatzea eta, beharbada, kuota txiki batzuk jartzea. Baina Europa osoan gu izan gara hori eskatu dugun bakarrak. Guk konplizitate handiagoa daukagu Madrilekin Bruselarekin baino. Baina Espainiak geldialdia eskatuta ere ez litzateke inora iritsiko. Egoera halakoa izanda, zer egingo dugu? Ba, arrantzatzera atera, besteak aterako dira eta.
Zeintzuk dira besteak?
Nagusiki Europako Batasuneko uretan arrantza egiten duten baina Europako Batasunak ezartzen dituen kuotak bete behar ez dituzten herrialdeak: Islandia, Norvegia... Haientzat ere badira zientzialarien txostenak, baina haiek beren kuotak jartzen dituzte, eta %48ko murrizketa baino ez dute ezarri; eta Bruselak ontzat eman du hori. Guk Europari esan diogu horrek ez duela zentzurik. Kolapsora bidean goaz; beharbada, geroago hartuko dira neurriak, baina ordurako ez da berdelik egongo.
Bruselak ezin du ezer egin?
Herrialde horiekin merkataritza akordioak ditu, eta duela bi urte babes mekanismo bat atera zuen: haren arabera, muga batzuk jar ditzake, baina ez du tresna hori erabili nahi.
Zergatik?
Europako Batasunaren barruan ere beste interes batzuk daudelako. Adibidez, Herbehereetako eta Alemaniako arrasteontzi handientzat eta hango transformazio industrientzat oso inportantea delako Norvegiaren uretan bakailaoa eta bestelako espezieak arrantzatu ahal izatea. Europako Batasunean denak ez goaz norabide berean. Euskal Herritik urrun dago Brusela, eta itsasotik ere bai. Dena bulegoetan erabakitzen da. Berdelaren kasuan, zein da helburua? Arraina berreskuratzea, ezta?
Arrantza ulertzeko modu bat arriskuan al dago?
Euskal Herriko baxurak beste teknika batzuk ere erabiltzen ditu; sare inguraketa, esaterako. Haientzat inportantea da berdela, baina hegaluzearekin eta antxoarekin molda daitezke, espezie horiek oso ondo baitaude. Amuko flotak kezkatzen gaitu bereziki. Berdelik gabe, hegaluzearen menpe geratuko dira guztiz, eta hegaluzea, askotan, kostaldetik urruti egoten da, eta barku txiki horientzat ezinezkoa da haraino joatea; kostua oso handia da.
Berdelaren auziak antxoarekin gertatutakoa ekartzen du gogora.
Bai, baina antxoarekin errazagoa izan zen. Eremu geografiko askoz txikiago bati eragin zion, Espainiari eta Frantziari. Errazagoa izan zen ados jartzea; denok gelditu ginen. Berdelak eremu geografiko oso zabala hartzen du, eta herrialde askok dituzte interesak arrantza horretan.

Beste merkataritza itun batzuk ere baditu Europako Batasunak Afrikako, Asiako eta Hego Amerikako herrialdeekin. Nola eragiten dizuete zuei?
Baxurako ontziei ez askorik. Guk arrantzatutakoa Europako merkatuan gelditzen da, baina lehia desleiala ere badago gure artean. Dena den, itun horiek alturako flotari eragiten diote bereziki, hegaluzeari eta legatzari. Batetik, gure ontziak herrialde horietan aritzen direlako, baina Bruselak ezarritako baldintzekin; eta, bestetik, hangoek hona esportatzen duten arrainak baldintza malguagoak dituenez, produkzio kostu txikiagoak dituztelako.
Berriki arraina porturatzeko kontrolak zorroztu dizkizue Bruselak, baina Madrilek malgutu. Zertan da egoera?
Ziurgabetasuna erabatekoa da. Guk Madrilek esandakoa beteko dugu; honetan ere badugu haren babesa, baina...
«Indartu ditzatela itsasoko eta lehorreko kontrolak, gure gainekoak eta arraina erosten dutenen gainekoak, denonak. Karga guztia ezin da arrantzaleen bizkar utzi»
Baina neurri horiek ez al dira beharrezkoak, besteak beste, legez kanpoko arrain porturatzerik izan ez dadin?
Neurri horietako batzuk betetzen ditugu dagoeneko, baina barku guztiek ezin dute. Gu arrantzatzera ateratzen gara; ezin dugu ondoan bulego bat eraman harrapatzen dugun arrain bakoitza ontzian bertan pisatzeko eta erregistratzeko, Bruselak eskatzen duen moduan. Hori portuan egiten dugu guk; kontrola han dago. Indartu ditzatela itsasoko eta lehorreko kontrolak, gure gainekoak eta arraina erosten dutenen gainekoak, denonak. Karga guztia ezin da arrantzaleen bizkar utzi.
Errelebo falta aipatzen duzue maiz. Migratzaileak hartzen ari dira lekukoa. Urrian, Getariako ontzi bateko eskifaiak salatu zuen armadoreak langileak esplotatzen zituela eta arrazakeriaz jokatzen zuela. Zer egiten duzue halakorik ez gertatzeko?
Kasu jakin bat da. Guk bi aldeak entzun ditugu, kofradietan biak baitira gure bazkideak, bai marinelak eta bai armadoreak. Egiaztatu dugu soldaten inguruan zegoen gatazka konpondu dela. Konpondu izan ez balitz, ontzi hori kanporatuko genukeen, argi eta garbi. Bestea ez dago gure esku, guk bi aldeak ordezkatzen baititugu. Epaitegiek argitu beharko dute hori. Dena den, argi dugu sektorearentzat oso kaltegarriak direla horrelako gatazkak. Guk beti esan dugu gurean denek dituztela baldintza berberak, izan euskal herritarra edo izan atzerritarra, eta harro gaude horrekin.
Baina baduzue protokolorik edo kontrol neurririk?
Kuadrilla bera da neurririk eraginkorrena. Taldean egiten da arrantza, eta ontziak ere taldean joaten dira: batean zer gertatzen den berehala jakiten da besteetan. Hori bai, mezu argia bidali diegu: halakorik ezin da berriz gertatu. Izugarrizko ahalegina egiten ari gara sektorea aurrera ateratzeko, erakargarri egiteko, eta halakoek min izugarria egiten digute.
Badira urte batzuk Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak bateratzeko prozesua abiatu zenutela, baina ez da gauzatu. Desadostasunik sortu al da?
Ez, ez. Denok argi dugu beharrezkoa dela, eta zenbait kontutan batera gabiltza.
Berriki Kofradia Basque Seafood sozietatea sortu duzue elkarrekin eta Jaurlaritzaren babesarekin, eta arraina manipulatzeko enpresa bat erosi zenuten iaz, Berriatuko POSA. Getariako hegalabur haztegia ere martxan jarri duzue. Negozio berriak garatzea da zuen asmoa?
Aspalditik dugu arazo bat transformazioarekin eta komertzializazioarekin. Kontsumo ereduak aldatu dira; gazteek garbituta, xerratan eta ontziratuta erosten dute arraina. Guk egiten ez badugu, kanpotik egingo dute. POSAren aukera agertu zitzaigun, eta aurrera egitea erabaki genuen. Lonjen funtzionamenduan eta salmentetan ere erronka handiak ditugu.