Sare globalean harrapatuta

Europako Batasunean jaten diren hamar kilo arrainetik zortzi kanpotik datoz. Parlamentuaren txosten baten arabera, arrantza sektorea ez da lehiakorra: merkataritza akordioek, ekoizpen kostuek eta arau zorrotzek mugatzen dute bertako ekoizpena.

Getariako 'Santa Luzia Hiru', sarea botatzen, antxoa arrantzatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
Getariako 'Santa Luzia Hiru' sarea botatzen, antxoa arrantzatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elikadura segurtasunaz hitz egitean, kanpoko zerealekiko eta energiarekiko mendekotasuna ageri da sarri lehen lerroan. Baina bada bestelako mendekotasun isilago bat ere: arrainarena. Europako Batasuna munduko merkatu nagusietako bat da, 450 milioi kontsumitzaile baititu. Baina, arrain kontsumoa handitzen ari bada ere, bertako ekoizpena gero eta txikiagoa da.

Europako Parlamentuak argi utzi du plazaratu berri duen txosten batean: EBk kontsumitzen duen arrainaren %85,8 inportatzen du, eta joera horrek gora egiten jarraituko du. Ez da gorabehera zikliko bat, egiturazko arazo bat baizik, kontsumo ereduen aldaketek, kostu egiturek eta EBk beste herrialde batzuekin dituen merkataritza akordioek bultzatutakoa. Ondorioa gordina da: «EBko arrantza sektorea ez dago lehia globalerako diseinatuta».

Europan jaten den arrain eta itsaski multzoaren ia erdia bost espeziek osatzen dute —bakailaoa, atuna, izokina, ganbak eta legatza—, eta, multzo horretatik %9 baino ez da Europako Batasunean arrantzatutakoa.

%14,2

Zenbat ekoizten den Europako Batasunean. Europako Batasuneko arrantzaleek harrapatutakoak eskari errealaren %14,2 baino ez du betetzen. Gainera, kontuan hartu behar da bertako ontziek arrantzatutakoaren parte handi bat esportatu egiten dela. Hala, kanpotik dator EBn kontsumitzen den izokin ia guztia, atunaren %70 inguru, ganben eta otarrainxken ia %90, eta, bakailaoari eta legatzari dagokienez, bost piezatik lau.

Txostenaren arabera, kontsumitzaileentzat onuragarria izan daitekeen dinamika —hornidura egonkortzea eta prezioak jaistea— mehatxu bat bihurtu da sektorearentzat. «Merkatuen liberalizazioak hornidura egonkortu eta prezioak jaitsi ditu, baina, aldi berean, EBko ekoizleen gaineko presioa areagotu du, eta kanpoko merkatuekiko mendekotasun estrukturala sendotu du».

Merkataritza itunen zama

Ekoizpen kostuak dira Europako arrantza sektorea gehien baldintzatzen duen faktoreetako bat, egileen arabera: soldatek %33 hartzen dute, eta energiak %21. «Energiaren prezio altuek, lan baldintza babestuagoek eta arrantza araudi zorrotzagoek ekoizpena garestitzen dute».

Konparazio baterako, azken urteetan Marokon gasolio litroak 1,2 euro inguruko prezioa izan du; EBn, 1,6 eta 1,9 euro artekoa. Elektrizitateari dagokionez, kilowatt-ordua 0,09 euroan zegoen Marokon; EBn, 0,30 eurotik gora. Horrek sardinari eragiten dio bereziki, eta zehazki sardina kontserbei.

Txileko muskuiluaren kasuan, berriz, ekoizpen kostua 0,69 eurokoa da kiloko; Galiziakoa, 1,18 euro ingurukoa. Lupiaren eta urraburuaren kasuan, piszifaktorietakoa da Europan jaten den ia guztia. Baina Turkiak bakarrik EBren halako lau ekoizten du, «eta askoz ere prezio txikiagoan».

Ikusi gehiago

Txostenean arreta berezia jarri diote Thailandiako atunari. Urtero 100.000 eta 120.000 tona artean sartzen dira EBra herrialde horretatik; kontsumoaren %20 inguru da hori. Gainera, %30 eta %40 artean merkeagoa da. Egileen arabera, EBk Thailandiarekin dituen merkataritza akordioek modua eman dute hori gerta dadin: «Europako arrantzaleek kuota eta kontrol zorrotzei aurre egin behar dieten arren, Thailandiako inportazioek baldintza malguagoak dituzte».

HEGALUZEA
Arrantzaleak atunak deskargatzen Filipinetan. FRANCIS R. MALASIG/EFE

Antzeko egoera sortuko du EBk eta Mercosurrek berriki sinatutako akordioak. Argentina eta Uruguai legatz, txipiroi eta otarrainxka esportatzaile handiak dira, eta orain arte %12 eta %20 arteko muga zergak ordaintzen zituzten; orain, desagertu egingo dira.

Nekazariak bezala, arrantzaleak ere kexu dira herrialde horietan ez dituztelako Europako arrantzaleek dituzten ingurumen eta kalitate betebeharrak. Bruselak Catch sistema ezarriko du aurten: inportazio guztien jatorria eta trazabilitatea kontrolatzeko tresna. Desoreka batzuk zuzenduko ditu, baina, egileen ustez, prezioetan dagoen aldea ez du konponduko.

Sistema «zaharkitua»

Sektoreak badu beste arazo bat, eta EBren barne antolaketarekin du lotura. Egitura «zaharkituta» dagoela dio txostenak. «Sistema horren helburua ez da soilik eraginkortasun ekonomikoa: enplegua eta kostaldeko komunitateen iraupena bermatzea ere bilatzen du. Horregatik, estatu kide askok kuoten zati bat eskala txikiko flotari gordetzen diote [baxurakoari eta arrantza tradizionalari]. Balio sozial handikoa da, baina hornikuntza gaitasuna mugatzen du».

2015etik 2024ra, 3.346 ontzi berri baino ez dira sartu EBko flotan; urtean 335 ontzi, batez beste. «Behar zenaren laurden bat». Ziurgabetasuna dago inbertsio falta horren atzean; izan ere, kuotak aldakorrak dira, Mediterraneoko eta Baltikoko stockak nabarmen murriztu dira, eta ez da ziurra sektorea etorkizunean errentagarria izatea. «Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko arrakala egiturazkoa bihurtu da, eta flota modernizatu ezean desoreka hori areagotuko da».

Ondarroako arrantza portua, iazko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ondarroako portua, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU

Ekoizpen gaitasuna handitzeko beste bide nagusia akuikultura da. Hala ere, azpisektore horrek ez du Bruselak espero zuen aurrerabidea egin. EBk milioi bat tona inguru ekoizten ditu urtean, baina kontsumoaren %10 baino ez da, eta energia kostuak eta baimen prozesu luzeak oztopo dira.

Galderak airean

Joera demografikoei eta proteina eskariaren handitzeari erreparatuta, badirudi arrain kontsumoak gora egingo duela aurrerantzean ere. Txostengileen arabera, sektorearen etorkizuna hiru faktorek baldintzatuko dute: klima aldaketak stocketan izango duen eraginak, akuikulturaren hedapenak eta merkataritza itunen bilakaerak. Eta hiruretan ikusten dituzte kezkarako motibo gehiago baikor egoteko arrazoiak baino. Haien ustez, Mediterraneoko eta Baltikoko stockak berreskuratzeak eta akuikulturaren bidez kontsumo kuota %10etik %20ra igotzeak ez luke gaur egungo arrakala murriztuko.

Merkataritza akordioei buruz, berriz, uste dute EBk baldintza sozialak eta ingurumen klausulak gogortuko balitu prezioen aldea murriztuko litzatekeela, baina kontsumitzaileen poltsikoen kalterako izango litzatekeela hori. Kontrara, liberalizazioa areagotzeak prezio baxuak mantentzea ekarriko luke, baina sektorearen ahultzea bizkortu luke.

Txostenak, beraz, konponbideak baino gehiago galderak uzten ditu airean. Arrantzaleek, bitartean, sareak uretara botatzen jarraituko dute, jakinda arrantzatutakoak merkatu globalean lehiatu beharko duela, eta haien etorkizuna, neurri handi batean, itsasotik kanpo erabakiko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.