85 urteko ibilbidea erabat amildu zaio azken urteetan Azkoitiko (Gipuzkoa) Juaristi makina-erreminta sektoreko lantegi historikoari: ia bi urte dira enpresaren jarduera guztiz geldirik dagoela, hornitzaileekin pilatutako zorrak handitzen joan baitira. Egoera hori dela eta, 52 langilek haien kontratua bertan behera uztea eskatzeko auzitara jo zuten, eta arrazoia eman diete epaitegietan: kaleratze bidegabe batean aurreikusitako kalte ordainak ordainduko dizkiete, hau da, 33 eguneko soldata lan eginiko urte bakoitzeko.
Kalte ordainak ez dizkie enpresak berak ordainduko, ordea, Fogasa Espainiako Soldatak Bermatzeko Funtsak baizik, Juaristik argudiatu baitu ez duela diru nahikorik horretarako. «Kezka handia» sortzen die horrek langileei, eta jabearen jarrera salatu dute: enpresaren etorkizunari «irtenbide bat» bilatu gabe jarraitzen baitu. Hemeretzi dira lantegian jarraitzen duten langileak —2024ko abenduan 97 lankide ziren—, eta salatu dute haien egoera «jasanezina» dela. «Langileok erabat abandonatuta gaude: lanik gabe, lau hilabeteetako soldatak ordaindu gabe eta enpresak Geroa BGAEari 32 hilabeteko ekarpenak egin gabe».
Egunero-egunero lantegira joaten jarraitzen duten langileek aldi baterako erregulatzeko espediente bat indarrean dute 2025eko maiatzetik, «enpresaren bideragarritasuna» bermatzeko argudiopean. Abenduan beste espediente bat sartu zen indarrean, langileen ordezkariekin aurretik adostu gabe. Langileen esanetan, hemezortzi makina dituzte egiteko —enpresak kobratu egin du lan horregatik—, baina ez dute horiek fabrikatzeko materialik. Esan dute, gainera, enpresaren jabe Carlos Juaristik ez duela asmorik material gehiago ekartzeko.
«Zuzendaritzarekin izan genuen azken bileran jasotako mezua argia izan zen: geratzen diren langileak alde batera utzi ditu, eta ez du Juaristirekin aurrera jarraitzeko borondaterik», nabarmendu dute langileek. Haien ustez, jabearen helburua lantegian geratzen diren langileek amore ematea da, eta ahalik eta behargin gutxienek jarraitzea enpresa saltzen duenerako —harentzat merkeago ateratzeko—.
Salatu dute jabearen estrategia langileek enpresa pixkanaka uztea dela, Juaristiren salmenta «ahalik eta merkeen» ateratzeko.
Langileen iritziz, «lantegia jada itxita dago», baina «erakundeen aurrean bakarrik» jarraitzen du irekita. Izan ere, gaitzetsi dute erakunde publikoak haien egoeraz kezkatu direla, baina egindako ahaleginak ez direla nahikoa izan jabearen jarrera aldatzeko: «Ez dute haren benetako konpromisorik lortu, jabea egiten ari den mugimendu guztiek bere interesak babestea baitute helburu».
Merezi ez duen itxiera
«Ez gaude enpresa baten itxiera hutsaren aurrean», salatu dute beharginek, eta arrazoi dute: enpresa historikoaren kategoria dauka Juaristik, AFM makina-erremintaren klusterrak emandakoa. Carlos Juaristik Zarandona familiari erosi zion 2017an, Aitek ingenieritza eta automizazio industrialeko enpresaren jabe ere denak. Langileen arabera, Aitek-ek behar zituen pieza guztiak bertan ekoizteko erosi zuen enpresa, baina trantsizio hori egiteko «plan estrategikorik» zehaztu ez zuenez, kontratuak atzeratzen eta hornitzaileek pilatutako zorrak handitzen joan dira azken urteetan.
Urtarrilean adierazi zutenez, iaz «pare bat enpresak» azaldu zuten interesa Juaristi erosteko eta haren jardunarekin aurrera segitzeko, tartean Europako talde batek. Jabeak, ordea, ez du enpresa saldu nahi, baina ez du bankuek eskatutakoa egin finantzaketa lortzeko.
Juaristiren egoera ezohikoa bada ere, makina-erreminta sektoreko enpresen fakturazioa %5 murriztu zen 2025ean, bereziki autogintzarentzat lan egiten dutenenak. Halere, Juaristiko langileek argi dute enpresak bizi duen krisia barruko erabakien ondorio dela.
85 urteko ibilbidearen ostean, badirudi Juaristiko lantegian makinak behin betiko itzaliko diren eguna geroz eta gertuago dagoela. Beharginek uste dute egungo errealitatea dagoeneko hori dela, eta salatu dute hemeretzi langileren eta haien familien etorkizuna kolokan dagoela. «Juaristik beste amaiera bat merezi zuen, eta langileok ere bai».