Kontuak onartzeko eskatu dio EBk Irlandako oposizioari

Sinn Feinek konfiantza mozioa jarri dio Coweni, eta haren alderdiko batzuk ere matxinatu dira

Iker Aranburu.
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak presio egin die Irlandako alderdi politikoei defizita murrizteko plan berezia eta 2011ko aurrekontuak hauteskundeen aurretik onar ditzaten. Bi egitasmo horiek onartzeko nahiko boto ez ditu ziurtatuta Brian Cowen lehen ministroak, Fianna Fail bere alderdiaren barruan disidentzia hedatzen ari delako.

Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioak bilera izan zuen atzo Estrasburgon Irlandako eurodiputatuekin, eta hor esan zien «funtsezkoa» zela aurrekontuak«lehenbailehen» ontzat hartzea, herrialdearen inguruan dauden uste txarrak gutxitzeko. «Egunetik egunera, [krisiak] ondorio kaltegarriagoak ditu Irlandako ekonomian, eta horregatik beharrezkoa da neurriak bizkor indarrean jartzea», gaineratu zuen Bruselan Amadeu Altafaj ekonomia gaietarako komisarioak.

Aurrekontuan oztopoak ez jartzeko eskaera batik bat oposizioko alderdiei zuzenduta zegoen, gehiengoa baitira hamabi europarlamentarien artean: hiru baizik ez dira Fianna Fail gobernuko alderdikoak. Fine Gael eskuindarrak lau ditu, hiru haien aliatu laboristek, eta bana sozialistek eta independenteek.

Brian Cowenen gobernuaren asmoa da gaur bertan aurkeztea datozen lau urteotan defizita 15.000 milioi eurotan gutxitzeko plana. Abenduaren 7an aurkeztu nahi ditu aurrekontuak, eta horien bitartez 6.000 milioiko aurrezkia egin nahi dute Dublingo agintariek. Berdeek koalizio gobernua utziko dutela iragarri ondotik, gehiengoa galdu du Cowenek, eta iragarri du urtearen hasieran bozetara deituko duela. Aurretik, ordea, gastua murrizteko bi egitasmoak onartzeko eskatu du, eta esan du horiek gabe Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak ez diotela Irlandari mailegurik emango.

Ildo horretan mintzatu zen atzo Noel Dempsey Garraio ministroa ere. «Kasu honetan ezitxaroteko luxurik ez daukagu. Laguntza eskatu dugu, eta laguntza emateko baldintza gisa jarri digute lau urteko plana izango genuela eta aurrekontuak onartuta izango zirela». Coweni leialtasuna eskaini dio Dempseyk, FFko diputatu askok ez bezala. Atzo iluntzean bilera zeukaten horietako batzuk Gobernuaren aurkako konfiantza mozioa aurkeztu ala ez erabakitzeko.

Konfiantza mozioa

FFko kritikoei aurreratu zaie Sinn Fein. Alderdi errepublikanoko lau diputatuek konfiantza mozioa aurkeztu zuten atzo. «Irlandako herriari iseka egiten dion antzezlan honekin jarraitu behar al dugu? Demokratikoki hautatzea ukatzen ari zaigu, FFk eta Berdeek aurrekontu basati eta atzerakoi baten ator hertsagarria jarri nahi diotelako herriari», argudiatu du Sinn Feinek.

Ikusteke dago zein jarrera izango duten Fine Gaelek eta laboristek mozio horren aurrean, eta Bruselaren presioen aurrean men egingo ote duten. Enda Kenny FGko buruzagiak eskatu dio Coweni aurrekontuen aurkezpena bi astez aurreratzeko, hartara puntu batzuei buruz hitz egiteko. «Erantzukizunez jokatzeko prest gaude, Estatuaren mesedetan». Lehen ministroak ezezkoa eman dio eskaerari, eta eskatu dio EBko eta NDFko kideekin biltzea, egoeraren larritasunaz ohartzeko. Kennyren arazoa da orain FFren aurrekontuak besterik gabe onartuko balitu, urte hasieranlaboristekin batera osa dezakeen gobernua oso mugatuta izango zela erabakiak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.