Jabea aldatuko du Nafarroako Koxkak: Sherpa Capital Espainiako arrisku kapitaleko funtsak enpresaren akzio gehienak eskuratu ditu. Operazio horren ondorioz, Sepides sozietate publikoa irten egingo da.
Enpresaren jabetzan aldaketak izan diren arren, zuzendaritzan jarraituko dute Razkin familiako kideek, gutxiengo partaidetza batekin. Sherpa Capitalek ez du zehaztu zer portzentaje eskuratu duen, baina enpresaren kontrola hartu duela baieztatu du. Kudeatzailearen helburua da Koxkaren tamaina bikoiztea hiru edo lau urtean, «bai hazkunde organikoaren bidez, bai nazioarteko hedapena azkartuta».
Koxkak hozte ekipamendu komertzialak ekoizten ditu, supermerkatu eta merkataritza kate handientzat batez ere: Mercadona, Carrefour, Lidl, Aldi eta Tescorentzat, besteak beste. Iruñean dauka ekoizpen planta, Landabengo industrialdean. Gaur egun, 250 langiletik gora ditu. 40 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta 50 milioikoa aurreikusi du urte honetarako. Salmenten %53 esportatzen ditu. Bulegoak ditu Mexikon, Frantzian, Erresuma Batuan eta AEBetan.
Urte zailak igarotakoa
Nafarroan erro sakonak dituen enpresa bat da Koxka. Iriondo eta Guibert familiak buru zituen enpresari talde batek sortu zuen, 1966an, eta 1999ra arte eutsi zioten. Urte hartan, sektore bereko AEBetako multinazional batek erosi zuen, Hussmann Internationalek, eta urtebete geroago Ingersoll Rand taldearen eskuetara igaro zen.
2010era arte. AIAC inbertsio funtsak hartu zuen. Urte haietako krisi ekonomikoak gogor jo zuen elikaduraren sektorea ere, eta funts horrek lau urtez baino ez zion eutsi. 2014an, konkurtsoan sartu zen. Enpresa desagertzeko zorian egon zen, baina, urtebete geroago, Razkin familia buru zuen talde batek enpresa erosi eta berriz martxan jarri zuen. Haren ondoren, 2021ean, Espainiako Gobernuko Sepides sozietate publikoa sartu zen Koxkaren kapitalean, hiru milioi euro jarrita, enpresaren hazkundea bultzatzeko.
Orain funts bat sartuko da kapitalean, gehiengoarekin. Sherpa Capitalek Madrilen du egoitza. 350 milioi euroren baino gehiagoren aktiboak kudeatzen ditu; enpresa ertainetan eta hazkunde fasean daudenetan espezializatuta dagoela dio. Koxkaren kasuan, helburu hauek jarri ditu: inbertsio gaitasuna handitzea, I+G proiektu berriak sustatzea eta, bereziki, merkatu kuota irabaztea. Hain zuzen ere, horretarako konkurtso fasean dagoen Frost-Trol sektore bereko lehiakideak utzi dezakeen hutsunea baliatu nahi duela azaldu du.