Koxkaren etorkizuna datozen asteetan erabakiko da. Eveac administratzaile judizialak gaur likidazio plana aurkeztuko du, eta prozesu hori amaituta, Koxka erosteko lehiaketa prozesua abian jarriko du. Oraingoz Koxka erosteko hamasei eskaintza jaso dituzte. Atzo, Eveac enpresako arduraduna langileen batzordearekin batzartu zen, eta prozesu osoaren berri eman zien. Gainera, 380 langileen kontratuak eteteko erregulazio espedientea sina dezatela eskatu zien. Eveacen arabera, erosleei begira garrantzitsua litzateke langile batzordearekin adostasuna azaltzea; sindikatuek mesfidantzaz ikusten dute proposamena.
Koxkak saltokietarako hozkailuak egiten ditu, eta krisiak gogor jo dituen enpresa horietariko bat da. 2009ko otsailean 275 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek jazarpen sindikala salatu zuten. Bide luzearen ostean, iaz eta aurten epaitegiek arrazoi eman zieten. Bitartean, AIAC arrisku kapitaleko sozietateak erosi zuen enpresa 2010ean, eta lau urte geroago, kiebraren atarian dago. Langileek enpresa deskapitalizatzea egotzi zioten funtsari eta bere bi administratzaileek enpresa utzi zuten. Irailean, zorrak itota, borondatezko hartzekodunen konkurtsora jo zuen eta epaileak Eveac sozietatea izendatu zuen administratzaile judizial; Fagorren prozesua kudeatu duen enpresa bera, alegia.
Eveacek langileen kontratu guztiak eteteko erregulazio espedientea aurkeztu du, baina langileen batzordeari proposatu dio nahiago duela hitzartua izatea. Arrazoizko kaleratzeetan legeak baimentzen du lan egindako urte bakoitzeko 20 laneguneko kalte-ordaina baina gehienez hamabi hilabete pagatzea. Eveacek proposatu du 21 lanegun eta gehienez hamahiru hilabetekoa izatea.
Langile batzordeak zuhurtziaz hartu du proposamena. Koxkako Iruñeko lantokian UGTk hiru ordezkari ditu, CCOOk bi, eta banaELAk, LABek eta Solidarik; Azkoiengo Kobol fabrikan, berriz, CCOOk bi eta ELAk bat.
ELAko Jokin Arbearen arabera, «kontraesanezkoa» da Eveacen jarrera, alde batetik enpresak dirurik ez dagoela esan eta gero kalte-ordaina apur bat hobetu nahi duelako: «Eveacek proposatzen du langilerik gabe errazago izango dela saltzea, baina hori txeke zuri bat sinatzea da».
LABeko Xabi Martinezen aburuz, langileen kontratuak eteteak erraztu egiten dio balizko erosleari ondoren lan baldintzak beherantz negoziatzeko. UGTko Fernando Juriok dio ez dutela erabaki zer egin. Akordioa egon edo ez, azaroaren amaieran baimenduko du epaileak espedientea, eta urte amaierarako zorraren likidazioa gauzatzea espero da.
Denetariko eskaintzak
Uneotan Eveacek hamasei eskaintza ditu mahai gainean. Horietariko batzuek Kobol enpresa erostea planteatzen dute, eta beste batzuek, bi fabrikak erostea. Lehiaketa prozesua baloratzeko irizpideok hartuko ditu aintzat Eveacek: prezioa, zenbat langileri eutsiko zaion, Koxkako langileen lan baldintzek indarrean jarraituko duten, kaudimena eta finantza ahalmena, langileekin hitzarmena, industria proiektua, akordioa hartzekodunekin eta hornitzaileekin. LABen eta UGTren arabera, prozesua modu serioan planteatu du Eveacek. «Beste likidazio prozesuetan ere erabil daiteke. Hala ere, uste dugu langileen espedientea amaieran aztertu beharko litzatekeela eta ez orain», dio Xabi Martinezek.
Administratzaile judizialak Koxka erosteko hamasei eskaintza ditu
Eveac administratzaileak 380 langileen erregulazioko espedientea sinatzeko proposatu dio langile batzordeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu