KPItik gorako soldata igoerak nahi ditu ELAk, erosahalmenari eusteko

Confebaskek egiturazko erreformak eskatu ditu, inflazioa kontrolatu eta enpresek lehiatzeko gaitasuna ez galtzeko

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kontsumo prezioen indizearen iazko bilakaerarekin kezkatuta azaldu da ELA sindikatua, prezioak soldatak baino gehiago igo direlako. Egungo testuinguruan prezioak %3 igo izana «bereziki kaltegarria» dela uste du, «langabezia tasa altua, gizarte zerbitzuak murrizten dituen gastu publikoa baxua eta langileriari kalte egiten dioten erreformak gehitu behar zaizkiolako prezioen igoera horri». Hala, %3tik gorako soldata igoerak eskatu ditu, langileek erosteko ahalmenari eusteko modu bakarra hori dela iritzita. Ekonomiaren hazkunde garaietan lan errenten parte-hartzea murriztu egin dela azaldu du, eta langileriak ezin duela banaketa horretan galtzen jarraitu.

Euskadiko CCOOri ere ulertezina egin zaio kontsumo prezioak horrenbeste igo izana. Ekonomia Europako Batasuneko batez bestekoa baino gutxiago hazi denean, kontsumo prezioak batez bestekoa baino gehiago hazi izanak harritu du gehien. Petrolioaren prezioak elikagaien eta lehengaien prezioak kutsatuta ere, horrenbesteko igoera normala ez dela uste du. «Agintariak behartuta daude jarduera jakin batzuek eragiten duten inflazioa murrizten lagunduko duten formulak aztertzera, are gehiago ekonomia atzeraldian eta geldialdian egon den urtean». Zerbitzuen sektorea inflazioa eragiten duten jarduera horien artean dagoela adierazi du sindikatuak. «Inflazio hori ez du petrolioaren garestitzeak eragiten, kanpoko lehia faltak baizik».

KPIaren igoera gehien sufrituko dutenak behartsuenak izango direla adierazi du, gainera, batez ere langabeak eta pentsiodunak. Horiek hala, langileei erosahalmena mantentzea bermatuko dien klausulak lan hitzarmenetan sartzeko eskatu du CCOOk.

Confebask patronala ere kezkatuta agertu da kontsumo prezioen igoera dela eta. «Horrelako igoera batek kalte egiten dio gure enpresen lehiatzeko gaitasunari, eta hazkunde ekonomiko txikiko garaietan oso kezkagarria da hori». Baina, hark ez du eskatu soldatak KPIa adina igotzeko, hark egiturazko erreformak eskatu ditu, prezioen igoera kontrolatu eta enpresek lehiakortasuna galtzea saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.