Krisiari aurre egiteko, ia 500 milioiko inbertsioa iragarri du Jaurlaritzak

352 milioi euro industriako produkzio ehuna indartzeko erabiliko ditu; eta 26 milioi euro, gazteentzako enplegua sortzekoMurrizketak baztertu, eta ekonomia berpizteko neurriak defendatu ditu Lopezek

Bilbo
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko ia 500 milioi euroko inbertsioa iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Gastua zaintzea eta zor publikoa kontrolpean izatea beharrezkoa delako, baina neurritasuna oinarri duten politika publikoekin bakarrik ekonomia ez delako zulotik aterako. «Hiru urte daramatzagu eskuin neoliberalak agindutako errezetak indarrean jartzen, murrizketak murrizketen gainean egiten eta baliabide publikoak gutxitzen. Eta zein da emaitza? Atzeraldia, belaunaldietarako pobrezian erori diren herrialdeak, enplegu galera eta ongizate estatuaren eraistea», adierazi zuen Patxi Lopez lehendakariak atzo, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin zuen agerraldian. Horretatik guztitik ondorio logiko bakarra atera daitekeela esan zuen: «Politikazaldatu beharra dagoela, politikaz eta helburuz». Horretan ari ei da Eusko Jaurlaritza.

Funtsean, lau lan ildo ditu krisiaren kontrako Eusko Jaurlaritzaren estrategiak: langabeziari aurre egitea, enpresei finantzaketa bermatzea, ekonomiari bultzada ematea eta gazteentzako enplegua sortzea. Aurreneko bi lan ildoen inguruko xehetasunak duela aste batzuk aurkeztu zituzten, beraz, martxan daude dagoeneko. Atzo beste bien nondik norakoak azaldu zituen lehendakariak. Iragarritako inbertsioak, baina, ez dira berriak; 2012rako aurrekontuetan jasota daude dagoeneko.

Produkzio ehunari bultzada

Ekonomia sustatzeko eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako produkzio ehuna indartzeko, berriz, 352 milioi jarriko ditu Jaurlaritzak aurten. Diru horretaz 8.500 enpresa inguru baliatuko direla aurreikusten du, eta berak egindako inbertsioak haien inbertsioa —1.000 milioi euro ingurukoa— sustatuko duela.

Jarduera esparru eta ezaugarri askotako enpresei lagunduko die diru horrekin. Besteak beste, 17 milioi euroren laguntzak emango dizkie turismo eta merkataritza arloko enpresei; 30 milioi eurorenak ikerketa proiektuak garatzen eta doktoreak kontratatzen dituzten enpresei; eta 26 milioi eurorenak izaera teknologiko edo berritzailea duten industriako enpresei, enplegu berriak sortzeko inbertsioak egiten laguntzeko.

Horrez gain, 106 milioi eurorekin lagunduko ditu nekazaritzako, arrantzako eta elikagaien industriako enpresak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan esparru horretako 2.200 enpresa daude, eta haietan 15.000 lagun inguruk lan egiten dute —hiru herrialdeetako lanpostuen %6,6—. Lopezen esanetan, euskal ekonomian historia eta garrantzi handia duen sektorea da, eta, azken urteetan bezala, datozenetan ere Jaurlaritzaren laguntza izango du, modernizatzeko eta ikerketan, garapenean eta berrikuntzan inbertitzeko baliabideak izan ditzan.

Gazteentzako lana sortu

Krisiari aurre egiteko estrategiaren barruan, gazteentzako enplegua sortzea da Jaurlaritzaren beste helburua, haiek ari baitira sufritzen krisiaren gordinena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tasa orokorra bikoiztu egiten du 25 urtez azpiko langabezia tasak. «Horregatik, ahalegin berezia egin dugu esparru horretan», adierazi zuen lehendakariak, «oso ondo prestatutako gazteak ditugulako, baina lan merkatura sartzeko sekulako zailtasunak dituztelako».

Nazioartekotzearen eta euskal talentuaren alde apustu egin, eta ikasketak atzerrian osatzeko lehendik martxan bi beka programei beste bat gehitzea erabaki du Jaurlaritzak, 26 milioi euroko inbertsioa eginda. Gazteei atzerriko merkatuetan presentzia duten euskal enpresetan praktikak egiteko aukera emango die horrela. Prestakuntza, mantenu, soldata eta gainontzeko gastuen %75 Administrazioak ordainduko ditu; enpresek, beraz, Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak bakarrik hartu beharko dituzte beren gain. Alde horretatik, enpresaburuei ahalegina egiteko eskatu zien Lopezek, «Euskadik ezin dezakeelako gazteen talentua eta gaitasuna alferrik galdu, haiek direlako lekukoa hartuko dutenak».

Lehendakariak gogotik defendatu zuen krisiari aurre egiteko «Euskadi eredua», eredu zorrotza, baina inbertsioa eta ekonomia sustatzeko baliabideak jartzen dituena, eta gizarte zerbitzuei eusten diena. «Gure eredua badabil, eta krisitik indartuta aterako gara, lider ekonomiko berri gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.