Kutxabank Salto Systems enpresaren kapitalean sartu da

Salto Systems eraikin inteligenteen enpresan sartu da Kutxabank, Indar Kartera funtsaren bitartez. Azken hilabeteetan egin duen hirugarren inbertsio operazioa da.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko uztailaren 22a
17:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxabankek bere negozio zorroa zabaldu du, Gipuzkoako Salto Systems konpainiaren kapitalean sartu baita. Hain zuzen Indar Kartera funtsaren bidez egin du hori. Azaldu duenez, bere egin ditu Salto Systems taldearen akziodun nagusietako baten, hau da, Alta Private Equityren zenbait partizipazio, baina ez du zehaztu zenbat.

Gipuzkoako Salto Systems enpresa eraikin inteligenteak diseinatzen ditu. Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Nuzidersen (Austria) ditu egoitzak, 1.850 langile inguru ditu, eta haren hornitzaileen %80 Euskal Herrikoak dira. Horregatik eta sektorean liderra izateagatik sartu da Kutxabank enpresa horretan; hain zuzen, Kutxabankek adierazi du halako konpainiak nahi dituela bere inbertsioetarako. Operazioa, bestalde, Salto Systemsen berregituraketa prozesu betean egin dute. Inflexion Private Equity Partners funts britainiarra, Florac frantsesa eta euskal inbertitzaile talde bat (Jose Poza, Urrutia familia eta Jose Galíndez) ere sartu dira kapitalean.

Gaur jakinarazitako hori Kutxabankek azken hilabeteetan egindako hirugarren inbertsio operazioa da. Izan ere, Uvescon sartu zen 2025eko abenduan, eta Ayesa Digitalen 2026ko urtarrilean; 250 milioi euroko ekarpena egin zuen guztira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA