Etxe gehiago saltzen ari dira, eta merkatu hipotekarioa gora doa berriro, modu nabarmenean zenbait finantza entitateren kasuan, gainera. Kutxabankek 1.000 milioi euroren baino gehiagoren hipotekak egin ditu urtarriletik ekainera, eta estreinakoz gainditu du kopuru hori sehileko bakar batean. Izan ere, aurreko urteko epe berean baino %14 mailegu gehiago eman ditu etxeak erosteko.
Bankuak dio operazio gehien-gehienak bezeroek bere lehen etxebizitza erosteko direla. Hamarretik bederatzi lehen etxea erosteko dira, hain justu. Beste datu esanguratsu bat ere eman du Kutxabankek etxebizitzaren merkatuaren egungo ezaugarri bat ezagutzeko: lotu diren hipoteken %40 baino ez dira 35 urtetik beherakoek sinatutakoak. Alegia, gazteak dira etxebizitza beharra gehien dutenak, baina gutxiago dira 35 urtetik beherakoak etxe horiek erosten.
Bestalde, hipoteka bat aukeratzean, zerbait aldatzen ari da bezeroen joeran interes tasari dagokionez. Jakina da diru merkearen aroa dela, eta bankuak euriborra gehi %1 inguru eskaintzen ari direla azkenaldian; euribor negatiboak egiten du hileroko ordainketak oso kopuru apalekoak izatea, %1 inguruko interesekoak hain zuzen, baina baita hortik beherakoak ere. Eta hala ere, gero eta gehiago dira interes finkoko hipoteka egiten dutenak. Dagoeneko %47 dira mailegua itzultzeko epe osoan interes tipo bera pagatzea aukeratzen dutenak Kutxabanken, euriborrari lotu gabe.
Gaur egun, banku hori %3 inguruko interes finkoa eskaintzen ari da sarritan. Argi dago interes negatiboko aroan bezero horiek galtzen aterako direla bolada batez. Kontua da 30-40 urteko eperako hartutako hipotekaren interes tasa asko aldatu daitekeela, eta diru merkearen aroa halako batean bukatuko dela.