Kutxabankentzat ez da hodei beltzik ageri zeruertzean. 405,5 milioi euro irabazi ditu 2026ko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %22 gehiago. Bankuak enpresen finantzaketaren arloan izan du hazkunde nagusia: kreditu zorroa %19,3 handitu, eta 18.450 milioi eurora iritsi da. Etxebizitza erosteko mailegu berriek, aldiz, %2,1 egin dute behera.
Enpresei emandako maileguen igoera nabarmena izan da negozioaren atal guztietan. Banka korporatiboan —enpresa handiei eta multinazionalei emandako kredituan— %15,3 handitu du zorroa; enpresa ertain eta txikienean, %18,9; erakunde publiko eta instituzionaletan, %23,6; eta higiezinen sustatzaileei emandakoan, %24,7.
Partikularren arloari dagokionez, berriz, bi norabide izan ditu bilakaerak. Etxebizitza erosteko finantzaketa berria %2,1 gutxitu da. Kontsumorako maileguek, ordea, %24,8 egin dute gora.
Horrenbestez, bankuaren negozio bolumen osoa —kredituak, gordailuak eta balantzetik kanpo kudeatutako aurrezkiak— %9,9 handitu da, 155.395 milioi euroraino.
Interes marjina, beherantz
Emaitza ona izan arren, Kutxabanken banku jarduera nagusiaren diru sarrerak ia ez dira aldatu: 938,3 milioi euro izan dira, iazko lehen seihilekoan baino %0,4 gutxiago. Horretan zerikusi zuzena du interes marjinak —maileguengatik kobratzen duenaren eta aurreztaileei ordaintzen dienaren arteko aldeak— behera egin izanak, %5,4.
Bankuak beste bide batzuetatik konpentsatu du jaitsiera hori. Zerbitzuengatik eta aseguruengatik lortutako diru sarrerak %8,7 handitu ditu, 362,9 milioi euroraino. Inbertsio funtsen, zorroen eta pentsio aurrezkiaren kudeaketak bultzada handia izan du. Inbertsio funtsetan kudeatutako aurrezkia, esaterako, %16,3 handitu du.
Kutxabankek bere fundazio akziodunen artean —BBKren, Kutxaren eta Vitalen artean— 202,7 milioi euroko dibidendua banatuko du, lehen seihilekoko emaitza garbiaren erdia.
Halaber, osasuntsu dagoela erakusten duten beste datu batzuk ezagutarazi ditu Kutxabankek. Nabarmendu duenez, %0,99ko berankortasun tasa du —garaiz ordaintzen ez diren maileguen proportzioa—, Europako Banku Zentralak gainbegiratzen dituen bankuen artean txikienetakoa. Aurreko urteko lehen seihilekoan %1,11koa zuen.
Kaudimenari dagokionez, berriz, %21,3ko kapital ratioa du —galerak bere baliabideekin estaltzeko duen gaitasunari dagokio—, EBZren kontrolpean dauden erakundeen artean handienetakoa.