Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz irabazi zuenaren adina irabazi du Kutxabankek. 641,3 milioi euro garbi irabazi zituen 2025ean, eta 2026ko urtarriletik irailera 639 milioi euro. Iazko epe berarekin alderatuta, %38,4 handitu ditu irabaziak.
Negozio bide ezberdinetatik egin du hori. Enpresei emandako kreditu zorroa %21,4 handitu du. Hazkundea nabarmena izan da segmentu guztietan; bereziki, higiezinen sustapenean (%26) eta erakundeei emandako finantzaketan (%24,2).
Aldiz, bestelakoa izan da partikularrei emandako finantzaketaren bilakaera. Hipoteketan mailegatutako dirua %3 murriztu du. Kontsumorako maileguak, berriz, %9,7 handitu ditu.
Halaber, interes tasak nahiko apal daudenez, bankuak horregatik lortzen duen irabazi marjinak %2,3 egin du behera. Alegia, bezeroei emandako kredituengatik jasotzen duenaren eta bezeroen gordailuengatik nahiz beste finantzaketa iturri batzuengatik ordaintzen duenaren arteko aldea txikiagoa izan da aurten.
Hori, neurri batean, konpentsatu egin du beste zerbitzu eta aseguruengatik lortutako diru sarrerekin: %8,1 handitu ditu. Inbertsio funtsen eta beste ondare batzuen kudeaketak ere lagundu du hazkunde horretan.