Bikote batek alabaren eta suhiaren 503.000 euroko hipoteka bermatu zuen 2006an. Orain, Donostiako merkataritza arloko epaitegiak hartutako obligazioetatik salbuetsi du bikotea, kontratuan gehiegizko klausula bat zegoela iritzita.
Etxe erosleek ezin izan zioten aurre egin kuoten ordainketari, eta Kutxabankek erabaki zuen gurasoen ondasunak hartzea alabaren eta suhiaren etxea hartu aurretik.
Horren aurrean salaketa jarri zuen bikoteak, Stop Kaleratzeak eta IRPH Stop plataformek aholkatuta. Abokatuek nabarmendu zuten hipoteka kontratuan gehiegizko klausula bat sinatu behar izan zutela, uko egin behar izan zietelako "ordena, eskusio, zatiketa eta iraungitze" eskubideei.
Eskusio onurak dio zorra hartu zuenak ondasunak dituen bitartean ezin zaiola ondasunik kendu bermatzaileari; zatiketarenak dio proportzionalki banatu behar dela zorra; eta ordenarenak dio zein ordenatan kendu behar diren ondasunak. Iraungitzeari dagokionez, zorra duenak zorraren baldintzak aldatzen baditu bermatzailea jakinarazi gabe hark maileguarekin zuen lotura galtzen duela.
Sententziak dio eskubide horiei uko eginda bermatzaileak "arrazoizkoa baino egoera okerragoan" geratu zirela ikuspegi juridikotik. Epaileak erabaki du bikotea hartutako obligazioetaik salbuesteaz gain Kutxabankek ordaindu beharko dituela gastu judizialak. Halako bigarren epaia da Euskal Herrian.