LAB Ipar Euskal Herrian, 25 urte ukatutako aitortzaren alde borrokan

2000. urteko Maiatzaren Lehenean eratu zuen LABek bere Ipar Euskal Herriko adarra, «frantses sindikalismoaren zentralismoari» aurre egiteko. Mende laurdenaren ospakizuna urriaren 25ean eginen dute, Lekornen.

Sindikatuko kideak larunbat honetan Baionan egindako agerraldian. LAB
Sindikatuko kideak larunbat honetan Baionan egindako agerraldian. LAB
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko ekainaren 7a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den urtean LAB sindikatuak bere 50. urteurrena ospatu zuen, Bilbon. Historian aurrenekoz 50.000 afiliaturen langa igaro zuten, eta sindikatua osasuntsu eta indar betean dagoela azpimarratu. Aurtengoan, berriz, bigarren urteurrena ospatzera doaz, LAB sindikatuaren Ipar Euskal Herriko adarrak 25 urte bete baititu: «Klase sindikatu abertzalea, feminista eta antikapitalista» batzen duen «sindikatu nazional bakarra» dela adierazi du Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LABeko bozeramaileak.

Baionako Gambetta plazan bildu dira kideak gaur goizean, San Izpirituko zubi puntan, lehen mobilizazioa egin zuten gunean, urteurrenaren ospakizunerako gomita egiteko. Egun osoko egitaraua prestatu dute urriaren 25erako, Lekornen (Lapurdi). Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko LABeko idazkariak azaldu du zer aurreikusi duten: sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aztertuko dute goizean, zenbait belaunalditako militanteen testigantzekin osatutako hitzaldi batean; eta, bazkaritik landa, txaranga eta kontzertuak izango dira arrastiria alaitzeko. Egunaz informazio gehiago iragarriko dute datozen hilabeteetan.

Nazio mailakoa

Langile Abertzaleen Batasuna 1974an sortu zen, eta Hego Euskal Herriko langile abertzaleak baino ez zituen bildu 26 urtez; baina, 2000. urtean, Ipar Euskal Herriarekin saretu ziren, eta sindikatu nazional bakar bihurtu. Ipar Euskal Herriko adarra Maiatzaren Lehenean abiarazi zuten, baina lehenagotik ere bazen dinamika bat sortzen hasia: «80ko eta 90eko hamarkadetan zenbait talde eta kolektibo sortu ziren, hala nola Euskal Herriko Langileen Elkartea (EHLE) eta Atxik, langile abertzaleak antolatzeko asmoz».

«Bazterketa sindikala hasiera-hasieratik jasan izan dugu; patronalaren eta beste sindikatuen eraginez epaitegietara jo behar izan dugu, sindikatu izaera frogatzera»

ARGITXU DUFAULABeko bozeramailea

Helburu nagusia «frantses sindikatuen zentralismo eta hegemoniari» alternatiba baten proposatzea zen, bertako sindikatu «abertzale eta euskalduna sortzeko». Egiteko beste molde bat nahi zuten, eta «ez zen erraza izan». Baina aitzina egin zuten, «langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa baitzen».

LABeko militante batzuk, aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
LABeko militante batzuk, aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ

Egoera horretaz oharturik eta beste biderik ireki nahian, ehun bat langile batu ziren Hego Euskal Herrian jadanik eratua zen LAB sindikatuko Iparraldeko adarra sortzeko: erabakia nazio mailako V. kongresuan hartu zuten, Donostian. Eta «xinaurri» lanari ekin zioten, «formatu, antolatu eta borrokatu».

Geroztik 25 urte pasatu dira, eta «sektore guztietan» sortu dituzte sailak. Hauteskundeetan aurkeztu dira behin eta berriz, eta urtetik urtera ordezkagarritasun handitu dute. «Oztopo guztien gainetik», erran du Dufauk.

Bazterketari buru

Urteak aitzina hainbat erasori buru egin behar izan dietela salatu dute, «hasiera-hasieratik». Sindikatu izaera auzitegian frogatu behar izan dute behin baino gehiagotan, patronalak eta beste zenbait sindikatuk salatu izan baitituzte. «Bazterketa sindikala» deitu diote militanteek.

Egoera orokortu dute, LAB sindikatuaren izatea bera egoera soziopolitiko jakin batek baldintzatzen baitu, hala Hego nola Ipar Euskal Herrian. «Aitortza sozial eza» salatu dute, zeinak ondorioztatu baitie «Frantziako Estatuaren ultrazentrismoa» jasatea.

Halere, alde onari erreparatuta, beren ekarpena antzematen dela nabarmendu dute: «Egunero, lantokietan, sektore guzietan: industrian, pribatuan, funtzio publikoan, borroka transbertsaletan. LABeko delegatuak eta afiliatuak buru-belarri ari dira sindikalismoa egiten, langileen alde borrokatzen».

Etorkizunera begira jarri dira, LABek ondoko urteetan eginen duen ibilbideari begira: «Euskal Herrian erabaki nahi dugulako, lan eta bizi baldintzak duinak nahi ditugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.