Lana

Labanak Eskuan sortu dute, Gipuzkoako ostalaritzan lege hausteak salatzeko plataforma

LAB eta ESK sindikatuek eratu dute, eta lurraldeko ostalaritzako lan hitzarmen berria betearaztea izango da haren helburua.

Plataformaren aurkezpena, gaur, Donostian. LABANAK ESKUAN
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 5a
12:52
Entzun

Dozena bat urtez iraungita egon ondoren, joan den apirilean berritu zuten azkenean Gipuzkoako ostalaritzako lan hitzarmena, ELA, LAB, CCOO eta UGTren babesarekin —ELAk %55eko ordezkaritza dauka—. Baina sindikatuak jakitun dira hitzarmenak dioena ez dela beti betetzen, eta irregulartasun horiek zuzendu nahi dituen plataforma sortu dute LABek eta ESK-k.

Labanak Eskuan izena du plataformak, eta gaur aurkeztu dute, Donostian. Sare sozialetan presentzia izango du, eta harremanetarako kontaktuak emango ditu, langileek ikusten dituzten irregulartasunak eta legez kanpoko jokaerak salatu ditzaten. Salatutako egoera bakoitzari «irtenbide aproposa» bilatzen saiatuko da plataforma.

«Gipuzkoako ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu», ziurtatu dute LABeko eta ESK-ko ordezkariek, eta sektoreko langileei dei egin diete plataforman parte har dezaten.

Sindikatu horien ustez, sektoreko langile askok ugazaben gehiegikeriak jasan dituzte. «Askok eta askok lan kontraturik gabe egin izan dute lana, legezko lanaldikoak baino ordu gehiago eginez, lanaldien arteko hamabi orduko atsedena errespetatu gabe, eta abar». Hitzarmena berritu gabe egoteak «prekaritatea betikotu du», baina orain, lan baldintzak eguneratu dituzten honetan, osorik betearazten dituztela egiaztatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.