Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena datorren urtean iraungiko da, baina hura berritzeko elkarrizketak datorren astean hasiko dituzte. Azaroaren 26an eratuko da ituna berrizko negoziazio mahaia, eta, hari begira, LAB sindikatuak arduraz jokatzeko deia egin die parte hartuko duten alde guztiei, hala patronalari, nola gainerako sindikatuei: «Garai honek eskatzen duen mailan egon daitezela eskatzen diegu».
Hain zuzen ere, gaur egun indarrean dagoena 2023an sinatu zuten FVEM patronalak eta CCOO, UGT eta LAB sindikatuek. ELA, berriz, itunetik kanpo geratu zen, eta ez zuen izenpetu, hitzarmen hobea lor zitekeela iritzita. Izan ere, negoziazio prozesu korapilatsua eta luzea izan zen. Hamahiru hilabetez aritu ziren ados jarri ezinik, eta, grebak eta mobilizazioak direla eta, hainbat langileren aurkako salaketak ere egon ziren, gatazkaren harira izandako istiluengatik.
Ez alferrik, negoziazio kolektiboaren ikur handietako bat da metalgintzarena Euskal Herrian. Langile gehien aritzen den sektorea izaki, erreferente da industriako beharginen lan baldintzak ezartzeko. 150.000 langile inguruk lan egiten dute lurraldeetako siderurgia industriaren lan hitzarmenaren baldintzapean. Bizkaian dihardute gehienek: ituna sinatu zen azken aldian 56.000 langileri eragiten zien zuzenean.
«Zatiketa saiakerak»
Hain zuzen ere, hitzarmenak duen «garrantzia» azpimarratu du LABek, beste enpresa batzuetan ere itun hori hartzen dutelako oinarritzat hitzarmen propioa negoziatzeko. Iratxe Azkue Bizkaiko Industria Federazioko arduradunak azpimarratu du itun horrek langile ororentzako «gutxieneko baldintzak» bermatzen dituela. «Hitzarmen indartsu bat orekarako eta justiziarako tresna da», nabarmendu du.
Duela bi urte sinatutako hitzarmenean %15eko soldata igoera adostu zuten 2022-2025eko eperako, urtez urte honela banatuta: %6,5ekoa 2022rako; %4koa 2023rako; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako. Horrez gainera, itunean jaso zuten ere 2026aren hasieran doikuntza bat egitea, baldin eta epe horren ostean pilaturiko KPIa handiago bazen. Soldatez gain, halere, beste hobekuntza batzuk ere hitzartu zituzten, hala nola lanaldia egun bat murriztea eta subrogazio eskubidea telekomunikazioekin zerikusia duten azpikontratetara ere zabaltzea.
Sindikatuek ukitu ezin izan zuten puntuetako bat aldi baterako laneko enpresen erabilera da. Metalgintzan oso ohikoak dira, eta enpresariek haietaz baliatzea defendatu dute, lantaldea kudeatzeko malgutasuna ematen dielakoan.
Bada, LABek adierazi duenez, orain ere gai horretan zein beste puntu batzuetan aurrerapausoak lortu nahi badira, sektorearen «aktibazioaren eta antolakuntzaren» bidez lortuko dira. «Negoziazio honen indarra ez dago mahaian gertatzen den guztian bakarrik. Indarra lantokietan dago, jendearen inplikazioan, behar denean kolektiboki erantzuteko gaitasunean. Hori da gakoa, eta hori izan da beti gure indargunerik handiena», azpimarratu du Azkuek.
Aurreratu du, halere, aurreko bi itunekin gertatu bezala, orain ere negoziazioak zailak izango direla: «Badakigu frenoa jarri, luzamenduetan ibili, zalantzak sortu eta zatiketak sortzeko saiakerak egongo direla». Sindikatuak bere jarrera finkatu du, ordea, eta azpimarratu du sektorean diharduten «milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin» eseriko dela mahaian.
Eta gauza bera egiteko eskatu die gainerako sindikatuei ere. Gogorarazi die 2019an eta 2023an lortu zutela inongo edukietan atzera ez egitea, «sektorea tinko, bat eginda eta helburu komun batekin mantendu zelako». Izan ere, Azkuek azpimarratu du patronalak gatazka baliatuko duela «eskubideak murrizteko», eta ohartarazi du orain ere gauza bera egiten saiatuko dela. Horren aurka, «indarrez eta koherentziaz» jardutea galdegin du.