LABek eta CCOOk sinatu dute Gipuzkoako papergintzako hitzarmena

Sindikatu horien arabera, lau urterako akordioa egin eta erosahalmena bermatzeko moduko soldata igoerak jaso dituzte, baita errelebo kontratuaren bermeak eta eskubide berriak ere.

Zikuñagako paper fabrika, Hernanin. JON URBE / FOKU
Zikuñagako paper fabrika, Hernanin. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 14a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako papergintzak lau urterako lan hitzarmen berria izango du, baina adostasun sindikalik gabe. LABek eta CCOOk sinatu dute gaur Adegi patronalarekin joan den astean itxitako aurreakordioa. ELAk eta UGTk, berriz, ez dute bat egin: ELAren ustez, akordioak ez die erantzuten sektorearen erronka nagusiei, eta UGTk iritzi dio hitzarmenaren indarraldia luzeegia dela jasotzen dituen hobekuntzak aintzat hartuta.

Sektorearentzat garrantzi berezia du akordioak. Gipuzkoako papergintzan 1.800 langile inguru daude, eta azken urteetako eraldaketarik sakonenean dago. Prentsarako paperaren kontsumoak beheranzko joera etengabea izan du azken hamarkadan, eta enpresa askok beren jarduera berrasmatu behar izan dute: ontziratze papera eta kartoia ekoizten hasi behar dute, merkataritza elektronikoaren hazkundeak irekitako merkatuari erantzuteko. Aldi berean, energiaren garestitzeak, lehengaien prezioen gorabeherek eta deskarbonizazioaren eskakizunek industria osoaren lehiakortasuna jarri dute jokoan.

Aldaketa horien isla izan da Errenteriako Papresaren krisia ere. Bereziki prentsarako papera ekoizten zuen enpresa horrek hartzekodunen konkurtsora jo zuen, eta ekainean CL Grupo Industrial taldeak erosi zuen ekoizpen unitatea. Langileen %20 inguru kaleratu edo subrogaziotik kanpo utziko dituzte, 40 bat.

«Etorkizunari erantzuteko»

Ziurgabetasun horren erdian itxi dute LABek eta CCOOk 2026tik 2029ra arte indarrean egongo den hitzarmena. Soldatei dagokienez, lehen bi urteetan KPIaren araberako eguneraketa izango dute langileek; hirugarren urtean KPIari puntu erdi gehituko zaio, eta laugarrenean puntu bat. Horrez gain, 2029an urteko lanaldia bi ordu murriztuko da.

Akordioak beste hainbat neurri ere jasotzen ditu. Horien artean daude langileak hala eskatzen duenean errelebo kontratua —ohikoa nahiz manufakturakoa— egiteko betebeharra, manufakturan erretiro partzialaren gutxieneko portzentajea %67an bermatzea, Geroa borondatezko gizarte aurreikuspen sistemarako ekarpena %2,4ra igotzea, beroaren aurkako protokoloak ezartzea, deskarbonizazioari buruzko lanketa abiatzeko konpromisoa hartzea, koefiziente murriztaileak adosteko prozesua martxan jartzea, zaintzarekin lotutako baimen berriak ezartzea eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzea.

LABek jokaleku ekonomikoarekin lotu du hitzarmenaren balioa. Sindikatuaren iritziz, akordioak «bizitzaren garestitzeari aurre egiteko» balioko du, eta, aldi berean, enpleguari eusteko tresnak indartzen ditu, errelebo kontratua derrigorrez ezartzearekin eta etorkizuneko erretiro aurreratuari atea ireki diezaiokeen koefiziente murriztaileen lanketarekin. Era berean, beroaren aurkako protokoloak, deskarbonizazioari buruzko konpromisoak eta zaintza beharrei lotutako baimen berriak nabarmendu ditu.

CCOOk ere ontzat jo du, eta «negoziazio luze, zorrotz eta arduratsuaren» emaitzatzat jo du hitzarmena. Sindikatuaren ustez, akordioak erosahalmena babesten du, belaunaldi arteko erreleboa sendotzen du, eta sektoreari egonkortasuna ematen dio datozen lau urteetarako, industria eta ingurumen erronkei aurre egiteko tresnak txertatzearekin batera.

ELA eta UGT, aurka

ELAk du ordezkari gehien negoziazio mahaian (%48,98), baina beste bien batura handiagoa da. Haren ustez, hitzarmenak ez ditu jaso negoziazioan planteatutako aldarrikapen nagusiak: soldaten igoerek ez dute benetako hobekuntzarik ekarriko, lanaldiaren murrizketa «bi ordura» mugatzen da, eta lau urte barrura atzeratzen da, eta lan osasunaren arloan ez da behar adinako bermerik ezarri. Bereziki kritikatu du beroaren aurkako protokoloan ez behartzea enpresak ordezkaritza sindikalarekin ados jartzera, eta hitzarmenaren edukia ez aplikatzeko aukerak mugatuko lituzkeen klausularik ez jasotzea.

Sindikatuak, gainera, salatu du Adegik atzera egin zuela lan istripu eta heriotzetarako aseguru estaldurak handitzeko negoziazioan hartutako konpromisoan, eta deitoratu du LABek eta CCOOk aurreakordioa babestu izana behin betiko testua itxi aurretik.

UGTk ere ez zuen bat egin aurreakordioarekin, baina hark ez du ordezkaritzarik negoziazio mahaian; haren iritziz, hitzarmenaren lau urteko indarraldia ez dator bat jasotzen dituen soldata hobekuntzekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA