Hego Euskal Herriko hiriburuetan protesta egin dute estatu mailako hitzarmenak aplikatzen dizkieten enpresa batzuetako langileek, LABek deituta. Horien bitartez, euren lan baldintzak Euskal Herrian erabaki nahi dituztela adierazi dute, eta, horrekin batera, martxoaren 17ko greba orokorrera deitu dute, gutxieneko soldata propioaren alde.
LABen arabera, gauza bat dute komunean telemarketineko langileek, biltegi handietakoek, Mercadona eta Dia saltokietakoek, eta McDonald’s eta KFC janari azkarreko kateetakoek: «Euren lan baldintzak Espainiako Estatuan arautzen dituzte, eta patronalek hori baliatzen dute euren lan baldintzak prekarizatzeko».
Sindikatuak azaldu duenez, estatu mailako itunak dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %30ek, eta oro har hitzarmen horietan jasotzen diren oinarrizko soldatak 1.500 eurotik behera daude. Besteak beste, sektore hauetan: ile apaindegietan, %13 txikiagoak dira; saltoki handietan, %18; gimnasioetan, %23; telemarketinean, %26; eta janari lasterreko kateetan, %31.
Enpresa hitzarmenetan ere gauza bera gertatzen dela salatu du. Mota horretako itunak dituzte Mercadonan, Lidlen eta Carrefourren, eta LABek azaldu du horietan ere oinarrizko soldatak 1.500 eurotik behera daudela.
Ohartarazi du, halaber, patronalak «estatalizazioa ezartzeko mekanismoak» garatzen ari direla; besteak beste, azpisektore itunak baliatuz. Adibidetzat jarri du ostalaritza modernoa deiturikoaren hitzarmen berria —hor sartzen dira janari lasterreko kate batzuk —. LABek gogoratu du enpresa horiek ez dituztela ostalaritzako herrialde itunak aplikatzeko obligaziorik, eta enpresa horietako langileen baldintzak ostalaritzako gainerakoenak baino eskasagoak direla.