Zenbat balio du industriaren deskarbonizazioak, eta «benetan» nor ari da ordaintzen faktura hori? LABek argi dauka: enpresak dirutza handia jasotzen ari dira laguntza publikoetan, baina hori ez da lan baldintzetan islatzen ari.
Hala ohartarazi du Ipar Hegoa fundazioaren Ikusmiran azterlanaren 24. zenbakian. Oro har, sindikatuaren arabera, deskarbonizazio prozesuan murgilduta dauden enpresek mozkinak handitu dituzte azken urteetan; langileek, berriz, kaleratzeei, aldi baterako enplegu erregulazioei eta bestelako neurriei aurre egin behar izan diete. LABek nabarmendu duenez, prozesu horrek industria eredua bera berrantolatzen ari da, eta horrek eragin zuzena du lan harremanetan.
Sindikatuaren esanetan, industriaren deskarbonizazioa ez da modu neutroan garatzen ari. Haren ustez, kasu askotan «trantsizio energetikoaren diskurtsoa» berrantolaketa industriala eta kostuen murrizketa justifikatzeko erabiltzen ari dira.
Txostenean jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herrian sei azpisektorek eta 55 enpresak sortzen dute CO₂ isuri arautu guztien %32. Argindarraren ekoizpenak du pisurik handiena (%28); ondoren datoz petrolioaren fintzea (%26), zementuaren industria (%18), metalurgia (%8), papergintza (%5) eta beiraren industria (%5). Gainerako %10a beste sektore batzuen artean banatzen da.
LABek aztertu ditu sektore horietako enpresen irabaziak eta enpleguaren bilakaera 2013tik 2023ra bitartean. Ondorioztatu duenez, petrolioa fintzeko sektorearen mozkinak %35 handitu dira; beiraren industriarenak, %9; metalurgiarenak, %7; eta papergintzarenak, %14.
«Plangintza publikorik ezean, merkatuak gidatuko du trantsizioa, eta trantsizio hori ez da behar adinakoa izango, ordenarik gabe egingo da eta bidegabea izango da»
KRISTINA GETELABeko Industria federazioko arduraduna
Hala ere, sindikatuak ohartarazi du epe berean inbertsio produktiboak behera egin duela sektore horietan, eta horrek eragina izan duela trantsizio teknologikoaren erritmoan nahiz enpleguaren egonkortasunean.
«Laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek ezin dituzte dibidenduak banatu. Mekanismo zorrotzagoak behar dira diru publikoa jasotzen duten enpresek baliabide horiei ematen dieten erabilera kontrolatzeko», adierazi du sindikatuak.
Langile gutxiago
Ildo horretan, LABek gezurtatu egin du azken urteetan zabaldu den ideia bat: haren iritziz, trantsizio energetikoa ez da enplegua sortzen ari industrian. Sindikatuak bildutako datuen arabera, 2013tik hona beira fabrikazioaren azpisektorean enplegua %33 murriztu da EAEn eta %43 Nafarroan; oinarrizko burdinezko produktuen ekoizpenean, %25 EAEn eta %13 Nafarroan; metalen galdaketan, %10; eta zementuaren fabrikazioan, %8.
Bestalde, CO₂ isuriek ez dute behera egin. Elektrizitatearen sorkuntzan %29 handitu dira, zementuaren industrian %17 eta beiraren produkzioan %2. Jaitsierak bi azpisektoretan baino ez dira izan: metalurgian (%15) eta papergintzan (%25).

LABek salatu duenez, gero eta enpresa gehiagok jasotzen dituzte milioika euroko laguntza publikoak trantsizio energetikoarekin lotutako proiektuetarako —Europako Next Generation funtsen eta beste programa batzuen bidez—, baina sarritan enplegua mantentzeko inolako baldintzarik gabe.
Horren aurrean, sindikatuak defendatu du trantsizio energetikoak planifikazio publikoa behar duela, sindikatuen parte-hartze zuzenarekin eta deskarbonizazio planak negoziazio kolektiboaren erdigunean jarrita. Era berean, laguntza publikoak enplegua eta inbertsio produktiboa bermatzeari lotzea, lanaldia murriztea, langileen birkualifikazioa sustatzea eta deslokalizazioen aurkako neurriak indartzea proposatu du. «Plangintza publikorik ezean, merkatuak gidatuko du trantsizioa; ez da behar adinakoa izango, desordenatuta egingo da, eta bidegabea izango da».
Beste eredu bat
LABek nabarmendu du industriaren deskarbonizazioa ez dela prozesu erraza, baina posible dela, «baldin eta eskaria murriztu eta ekoizpen eredua aldatzen bada».
Horretarako, hainbat neurri proposatu ditu: eraikuntzan material gutxiago eta eraginkorragoak erabiltzea —egurra, esaterako—, lantegiak berritzea energia kontsumoa gutxitzeko, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea eta garraio publikoa indartzea.
Ekoizpen prozesuei dagokienez, elektrifikazioaren alde egin du —bero ponpak, galdara elektrikoak eta indukzio bidezko berokuntza baliatuz—, material birziklatu gehiago erabiltzea proposatu du, eta hidrogeno berdea, biometanoa eta bestelako erregai alternatiboak garatzearen alde agertu da. Karbonoa harrapatzeko sistemak, berriz, osagarri gisa erabiltzea defendatu du, ekoizpen prozesu jakin batzuetan saihestu ezin diren isuriak murrizteko.