LABek seguruak ez diren makinak gelditzera deitu du

Sindikatuak protokolo bat landu du lan tresna arriskutsuak identifikatzeko. Ibilgailuen IATren antzeko azterketak eskatuko ditu. Salatu du lan istripu gehienak prebentzio legea ez betetzeagatik gertatzen direla.

LABeko Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte, asteartean Donostian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
LABeko Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte, asteartean Donostian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 18a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autoei eskatzen zaien bezala, lanean erabiltzen diren makina eta tresnei ere azterketak egitea. Besteak beste, proposamen hori egin du LAB sindikatuak, lan istripurik ez gertatzeko. Protokolo bat eta gida bat landu ditu, enpresetan segurtasun bermerik betetzen ez duten makinak identifikatu, egokitu eta, behar izanez gero, geldiarazteko. Langileen osasuna babesteko urrats «eraginkor eta dokumentatua» izatea nahi du. Sindikatuaren esanetan, eguneroko lan istripu askoren oinarrian dagoen arazo nagusiari erantzun nahi diote horrela.

Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak azaldu duenez, protokoloa ez da txosten tekniko hutsa, ezta dokumentu juridiko soila ere; bi eremuetako oinarriak ditu, baina «ekintza sindikalerako gidaliburu bat» da batez ere. Prebentzio arloko ordezkariei zuzenduta dago, eta urrats «sinple baina zorrotzak» jasotzen ditu.

Gidak Espainiako 1215/1997 Errege Dekretua du oinarri: makina zahar zein berrien gutxieneko segurtasun baldintzak jasotzen ditu araudi horrek. Besteak beste, LABek ibilgailuen IAT azterketa baten antzekoa egitea proposatuko du: kontrol zerrenda baten bidez arrisku nagusiak identifikatu, dokumentazioa eskatu eta, akats larriak badaude, makinak geratzeko ahalmena erabiltzeko. «Langileek egunero erabiltzen dituzten makinak ez dira eramaten IAT batera, baina arriskuak antzekoak edo larriagoak dira», ohartarazi du Iriartek.

Urratsak progresiboak izango dira: lehenik, prebentzio arloko ordezkariak makina aztertu eta arriskuak erregistratuko ditu; gero, enpresari hamabost eguneko epea emango zaio dokumentazioa aurkezteko eta detektatutako arriskuak konpontzeko; epea igaro eta neurririk ez badago, sindikatuak salaketa jarriko du Lan Ikuskaritzan; larritasuna handiagoa bada, ikuskaritzari eskatuko dio makina berehala geldiarazteko prozedura aplika dezala. Eta kasurik larrienetan, ordezkari sindikalek edo langile batzordeak berehala geldituko dute makina. Prozedura Lan Ikuskaritzarekin landuta eta kontrastatuta dagoela ziurtatu du sindikatuak.

«Mozkinak, biziaren gainetik»

Protokoloaren atzean dagoen arrazoi nagusia azaldu dute LABeko ordezkariek: haien iritzian, laneko istripuak prebentzio legea betetzen ez delako gertatzen dira nagusiki. «Prebentziorik ezaren arazoa ez dugu sindikatuok bakarrik seinalatu. Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako txostenak argi adierazten du enpresen %80k ez dutela betetzen prebentzio legea». Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduradunak gogorarazi duenez, egunero gertatzen dira ezbehar larriak, eta askok ondorio dramatikoak dituzte; erorketak eta harrapatzeak dira ohikoenak, eraikuntzan bereziki.

Muniozgurenek bi arrazoi nagusi jarri ditu mahai gainean: batetik, salatu du patronalak ez duela bere gain hartzen dagokion erantzukizuna, eta «mozkinak lehenesten ditu»; bestetik, uste du instituzioek ere ez dutela prebentzioaren aldeko kontrol nahikorik egiten.

Horren harira, Lan Ikuskaritzaren rola indartu behar dela nabarmendu du: «Beharrezkoa da ikuskari kopurua handitzea eta haien lana eraginkorragoa izatea, baina erabaki politiko ausartak behar dira; Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, patronalari ez diote aurre egin nahi. Ondorioz, patronala eta instituzioak eskutik helduta doaz berriro».

Mutualitateen eskumenak zabaltzeko abian den prozesua ere kritikatu du Muniozgurenek, langileen osasuna «interes ekonomiko pribatuen esku uzten» ari direlakoan. Gogoratu du Espainiako Gobernuak jada onartu duela kontingentzia arrunten kontrola eta artapena mutualitateen esku uztea, eta bai Eusko Jaurlaritza eta bai Nafarroako Gobernua lege hori garatzeko akordioak lortzen ari direla. «Horren bidez, beste urrats bat egin da langileon lan osasuna esku pribatuetan uzteko, etekin ekonomikoak lehenetsiz osasun irizpideen gainetik».

Patronalak absentismoari buruz zabaltzen ari diren mezuekin lotu du hori. «Langileak, gaixorik edo ondoezik badaude ere, lanera joan daitezen nahi dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.