LABen kontrako helegitea jarri du FO sindikatuak

Enpresa txikietako hauteskundeetako LABen hautagaitza baliogabetzeko eskatu du Frantziako sindikatuak. Beste sindikatu andanaren kontra ere jo dute, tartean, Bretainiako SLB eta Korsikako STC.

FOko eta LABeko kideak, iazko maiatzaren leheneko manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU
FOko eta LABeko kideak, iazko maiatzaren leheneko manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 7a
15:43
Entzun

FO sindikatuak helegitea jarri du enpresa txikietako hauteskundeetarako LABek aurkeztu duen hautagaitzaren kontra. Frantziako sindikatuaren arabera, LAB ez da sindikatu bat, elkarte bat baizik, eta ez du finantza arloko gardentasunik. Sindikatu abertzaleak agiri batean jakinarazi duenez, atzo iragan zen helegitea aztertzeko auzi saioa Parisko Auzitegian, eta maiatzaren 24an ukanen dute emaitza. 

Eñaut Aramendi LABeko kideak erabat gezurtatu ditu FOren akusazioak, eta sindikatu gisa aurkezteko legezko baldintza guziak betetzen dituztela erran du. Maiatzaren 13an, Frantziako Lan zuzendaritzak ontzat eman zuen LABen hautagaitza. Helegitea ezartzea «katastrofikoa» dela erran du Aramendik, eta langileen kontrako eraso bat dela erran du. «Erreformaz erreforma, ez gara gai Frantziako Gobernuari aurre egiteko, Olinpiar Jokoen harira greba eskubidea murriztea aipatzen ari dira Frantziako Senatuan; dena egina da langileen kontra, eta sindikatu batzuek badute denbora, dirua eta energia xahutzeko beste sindikatu batzuen kontra». 

Aramendiren hitzetan, FOren gisako Frantziako sindikatuak botere galtzen ari dira, eta horregatik jotzen dute «indarra hartzen» ari diren sindikatu txikiagoen kontra. Argitu du Paristik heldu dela FOren erasoa, eta ez dutela Ipar Euskal Herriko egiturarekin mintzatzeko aukerarik izan. «Oraintxe, ez dugu batere harreman onik». Izan ere, azken urteetan FO sindikatuak sustatu du gehien LABen kontrako boikota. «Baina beste sindikatuek onartu dute», azpimarratu du Aramendik; «ikusiko dugu orain nola erreakzionatzen duten».

2016ko aurrekaria

Ez da lehen aldia enpresa txikietako hauteskundeetako LABen hautagaitzaren kontra egiten dutena. 2016an, CGT sindikatuak salatu zuen, euskara erabiltzea leporatuta. Orduan salatu zuten LABek ez duela sindikatu profesional izateko estatusa betetzen, euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobesten duelako, eta sindikatu independentista gisa aurkezten delako. Eztabaida handia eragin zuen Ipar Euskal Herriko CGTren egituran; ez zuten gutxik jo Parisko zuzendaritzaren aurka. Auzitegietan gorabehera bat baino gehiago izan ondotik, hauteskundeetan parte hartzea onartu zioten LABi

Aramendik jakinarazi duenez, Korsikako STC eta Bretainiako SLB sindikatuen kontra ere egin du FOk. Bretainiakoaren kasuan Frantziako Errepublikako balioak ez errespetatzea leporatu diote, sindikatuaren estatutuak bretoieraz idatziak dituztelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.