Interes tasen jaitsierak baldintzatutako 2025eko lehen erdia izan du Laboral Kutxak. Diruaren merkatzeak maileguak eskatzera animatu ditu hainbat herritar eta enpresa, eta lana pilatu zaie Mondragon taldeko kreditu kooperatibako bulegoetan. Baina, aldi berean, maileguen truke eskatutakoa ere apaldu behar izan du, eta horrek %9,2 txikitu du bere interesen marjina. Balantzea, nolanahi ere, ona izan da Laboral Kutxarentzat, 145,5 milioi irabazi baititu, 2024ko lehen erdian baino %8,3 gehiago.
Emaitza hori lortu ahal izateko faktoreetako bat izan da hornidurak gutxitu dituela. Iazko lehen seihilekoan 34,7 milioi euro baztertu zituen ustel atera zekizkiokeen maileguak estaltzeko, baina aurten 4,9 milioi gutxiago jarri ditu (-%14).
Berez, maileguen berankortasuna gehiago jaitsi da, eta ekainaren amaieran kredituen %2,32 bakarrik ziren zalantzazkoak. «Entitatearen kreditu inbertsioa kalitate handikoa da berez, eta ez du zalantzazko zorroak hirugarrenei saltzeko premiarik», azaldu du Laboral Kutxak, bere lehiakide batzuek zer egiten duten aipatuz.
Mailegu gehiago
Maileguak emateko orduan «zuhur» jokatzen duela dio kreditu kooperatibak, baina zenbakiek diote ez dizkiela ateak itxi balizko bezeroei. Horrela, maileguetan utzitako dirua %5,5 handitu da urteko lehen erdian, 15.957 milioi euroraino. Dirutan, horrek esan nahi du abenduaren 31n baino 833 milioi gehiago mailegatu dituela.
Hazkunde horren zati bat etxea erosi nahi dutenei emandakotik dator: 2024ko lehen erdian baino %49,1 gehiago eman du hipoteka maileguetan. Halaber, handitu egin da enpresei emandako finantzaketa (+%7,6).
Kreditu gehiago eman ahal izateko aurrezki gehiago izatea da biderik seguruena, eta horretan ere emaitza onak lortu ditu Laboral Kutxak. 32.793 milioi euro kudeatzen ditu, urte hasieran baino %4,3 gehiago. Egia da hazkundea txikiagoa izan dela balantze barruko baliabideetan —%1,5 handitu da ageriko kontuetan, aurrezki kontuetan eta eperako gordailuetan bildutako dirua—, balantzetik kanpokoetan baino. Horrek esan nahi du gero eta aurreztaile gehiagok jotzen dutela inbertsio funtsetara (+%15,9) eta halakoetara, beren aurrezkiari etekin handiagoa ematen dietelakoan.
Zifrak
%24,84Zenbateko kapitala duen. Lehiakideekin alderatuta, Laboral Kutxak «abantailazko posizioan» jarraitzen du kapitalari dagokionez. Lehen seihilekoko emaitzak kontuan hartu gabe, %24,84ko CET1 kalitate goreneko kapitala dauka. Espainiako banku sistemako batezbestekoa %12,5 izan zen iaz.
24,9Zenbat milioi euro ordaindu dituen zergetan. Urtarriletik ekainera Laboral Kutxak 24,9 milioi euro ordaindu ditu ondarearen gaineko zergan. Iaz baino %1,1 gutxiago da.