Familiek hipoteka gehiago eskatu dituzte, eta enpresek ere gehiago jo dute bankura finantzaketa bila. Mugimendu horrek indartu du Laboral Kutxaren negozioa urteko lehen seihilekoan, eta horri esker 154,5 milioi euro irabazi ditu, iazko epe berean baino %6,2 gehiago. Interes tasak oraindik altu dauden arren, familien eta enpresen kreditu eskariak indarra hartu du, akaso datozen hilabeteetan igoera handiagoa izango ote den beldur.
Kredituaren hazkundea izan da Laboral Kutxaren emaitzen oinarri nagusia. Mailegutan 17.036 milioi euro ditu guztira, iaz baino %6,8 gehiago. Etxebizitza erosteko maileguek eman diote bultzadarik handiena: indarrean dauden hipoteken saldoa %5,4 hazi da, eta sinatutako hipoteka berrien bolumena %11,1. Kontsumorako maileguek ere goranzko joera berretsi dute; saldoa %6,7 handitu da, eta formalizatutako eragiketak %10,4.
Enpresen jarduerak ere lagundu dio hazkunde horri. Autonomoei eta enpresei emandako finantzaketa berria %9,3 handitu da azken urtean, eta enpresentzako kredituen saldoa %7,1 igo da, 3.568 milioi euroraino.
Mailegu gehiago ematearekin batera, bezeroen aurrezkiak ere handitu ditu Laboral Kutxak. Gordetzen dituen familien eta enpresen aurrezkiek 35.295 milioi eurokoak dira, iaz baino %7,6 handiagoak. Hazkunderik handiena, hala ere, ez da kontu korronteetan edo gordailuetan gertatu, inbertsio funtsetan baizik. Horietan kudeatutako ondarea %23,5 handitu da, bezero askok errentagarritasun handiagoko produktuen alde egin baitute.
Interes marjina behera
Bankuen beste iturri nagusi bat interesen marjina izan ohi da —maileguengatik kobratzen duenaren eta gordailuengatik ordaintzen duenaren arteko aldea—. Laboral Kutxari dagokionez, %3,2 txikitu da, 285,9 milioi euroraino. Entitatearen arabera, Europako Banku Zentralaren azken interes tasen igoerak oraindik ez dira osorik islatu maileguen errentagarritasunean.

Alde batetik, komisio bidezko diru sarrerak %4,8 handitu dira, eta aseguruen negozioak ere ekarpen handiagoa egin dio emaitza kontuari. Aseguruen negozioa ere handitu eta handitu ari da. Bezeroek aseguruengatik ordaindutako kuotek 112,3 milioi euro eman dizkiote Laboral Kutxari, iaz baino %2,9 gehiago. Auto aseguruetan %5 hazi dira kuota horiek, eta etxe aseguruetan %7,3.
Beste alde batetik, iaz baino diru gutxiago erreserbatu behar izan du itzuliko ez diren maileguen galerak estaltzeko. Iaz 29,8 milioi euro gorde zituen horretarako; aurten, berriz, 5,8 milioi baino ez. Horri esker, emaitzak ere hobetu ditu.
Horiek hala, Laboral Kutxaren negozio bolumena —maileguak, gordailuak eta bezeroen gainerako aurrezki eta inbertsioak batzen dituen adierazlea— %8,1 handitu da urtebetean, eta 53.720 milioi eurora iritsi da.
Mondragon korporazioko kreditu kooperatibak azaldu duenez, emaitzak testuinguru ekonomiko ziurgabe batean iritsi dira. Euroguneak hazkunde motelari eusten dio, inflazioak gora egin du berriro energiaren garestitzearen eraginez, eta EBZk mahai gainean du interes tasak berriz handitzeko aukera. Hala ere, Laboral Kutxaren datuek erakusten dute bere jarduera eremuan ez dela motelaldi hori islatu, ez behintzat kredituaren eskarian.
Horrekin lotuta, bere maileguen kalitateak hobera egin duela nabarmendu du. Garaiz itzultzen ez diren kredituen pisua %1,87ra jaitsi dela azaldu du, eta Espainiako bankuen batezbestekoa %2,49koa dela. Entitateak, gainera, sektoreko kaudimen handienetako bati eusten diola adierazi du.
%72Zenbat bezero dituzten online. Laboral Kutxaren hamar bezerotik zazpik (%72) kanal digitalen bidez egiten dituzte dagoeneko bankuko izapide gehienak. Internet bidez kontratatutako produktuak guztizkoaren ia herena dira, eta ekainean aplikazio berria kaleratu zuen entitateak. Bizum eta gainerako ordainketak leku berean biltzeaz gain, segurtasun neurri berriak eta erabiltzaile bakoitzaren diru sarrerak eta gastuak aztertzeko tresnak ere baditu.