Finantzak

Laboral Kutxak 51,8 milioi irabazi ditu, %12,7 gehiago

Negozioaren handitzeak konpentsatu du interes marjinaren jaitsiera.

Txomin Garcia eta Xabier Egibar, Laboral Kutxako buruak. LABORAL KUTXA
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 4a
13:05
Entzun

Susperraldiaren olatua iritsi da finantza sektorera ere. Irabaziak handitu ditu Kutxabankek, eta gauza bera egin dute Euskal Herrian hedadura handia duten beste bi bankuk, Caixabankek eta BBVAk. Olatura igo da Laboral Kutxa ere, iragarri baitu 51,8 milioi euro irabazi dituela urteko lehen sei hilekoan, 2020ko tarte horretan baino %12,7 gehiago. Urrun ditu, ordea, 2019ko lehen sei hilekoko emaitzak, orduan 76,4 milioi euroko mozkina izan zuelako.

Hedabideetara bidalitako oharrean, Laboral Kutxak onartu egin du uste baino hobeto joan zaiola 2021eko lehen erdia, eta azaldu du perspektiba makroekonomikoen hobetzearen ondorio dela. Haren kasuan, negozioaren hobekuntzan ikusi da susperraldiaren eragina. %4,5 handitu da, eta 45.000 milioi eurora iritsi da. Handitzen ari dira Laboral Kutxako bezeroen baliabideak (+%5,4), eta, bereziki, inbertsio funtsetara bideratutako aurrezkia (+%8,3).

Mailegu gehiago

Kredituetan ere sendotu egin da iaz antzematen hasi zen joera: gehiago dira hartzen diren mailegu berriak amortizatzen direnak baino. Horrela, ekainaren 30ean 14.952 milioi euroren maileguak emanak zituen Mondragon taldeko kreditu kooperatibak, 2020an baino %4 gehiago. Hipotekak hazi dira gehien, %31,4 azken urtean.

Mailegu horiek ematen dituzten interesak txikiak dira, interes tasa ofizialak «ultrabaxuak» direlako, Laboral Kutxaren hizkeran. Ondorioz, beste koska bat jaitsi da (-%1,24) bankuaren negozio arrunta: aurreztaileei ematen dizkien interesen eta mailegua eskatzen dutenei kobratzen dien interesen arteko aldea (interesen marjina). Baina galera hori aise konpentsatu du bezeroei kobratutako komisioekin (+%12,46).

Komisio horietako batzuk aseguruen salmentaren ondorioz lortu ditu Laboral Kutxak, gorantz doan negozio bat baita. 2021eko lehen seihilekoan aseguruen atalak 25,4 milioi euroren emaitzak lortu ditu, iaz baino %16 gehiago.

Ehun milioiren hornidura bereziak

Kooperatibaren irabazia handiagoa izango zatekeen baldin eta ez balitu 35,4 milioi euroren hornidurak egin, ustel atera dakizkiokeen maileguak estaltzeko. Kutxak dio bere kreditu zorroak ez duela «narriadura zantzurik», eta horren ondorio da berankortasuna sei hamarren jaitsi duela urtebetean —kredituen %3,65 ziren zalantzazkoak iazko ekainean, eta %3,03 aurtengoan—. Baina «zuhurtziarik handieneko ohiko irizpideekin bat», jada 100 milioi euro baztertu ditu COVID-19ak eragin ditzakeen arazoengatik. Adi dago, esaterako, zorrak pagatzeko laguntzak edo atzerapenak amaitzen direnerako.

Hornidura horiek ez diote kalterik egin Laboral Kutxaren kaudimenari. Jada %19,99ko kapitala du, CET1 ratioaren arabera neurtuta, lehiakide dituen finantza erakundeena baino handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.