Olatuaren gainean jarraitzen du Laboral Kutxak. Emaitza historikoak izan zituen iaz: 305 milioi euro irabazi zituen, %11,2 gehiago —espero baino sei puntu gehiago—, eta aurten beste %5 handituko dituela kalkulatu du. Edonola ere, «zuhurtzia handiz» egin du aurreikuspen hori. Nazioarteko tentsio geopolitikoei erreferentzia eginez, ohartarazi du «presio inflazionista argia» dagoela, eta horrek interes tasetan «goranzko tentsioak» eragin ditzakeela, baliteke-eta maileguak eta inbertsioak uzkurtzea horren eraginez. Ekonomia globala geldiarazteko arriskua «gero eta handiagoa» dela ohartarazi du.
Adierazpen horiek Donostiako Kursaal jauregian egin ditu Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusiak, Mondragon taldearen kreditu kooperatibaren urteroko batzarrean, gaur. Bilera horretan, bazkideek ontzat eman dituzte iazko kontuak.
Bere hitzaldian, Egibarrek, ikuspegi hurbilago batean, konfiantza agertu du tokiko ekonomian, bereziki enpresa sarearen —eta zehazkiago kooperatiben— «erresilientzian». Jokaleku horretan, entitateak «hazkunde moderatua baina sendoa» espero duela esan du.
«Hazten jarraitzeko tartea, energia eta konfiantza ematen digute emaitza on hauek»
ADOLFO PLAZA Laboral Kutxako presidentea
Bankuaren iazko emaitzei dagokienez, Laboral Kutxak aurreko urteetan baino mailegu gehiago eman ditu. Donald Trumpek munduko ekonomiara ekarri duen ziurgabetasunak ez ditu haren bezeroak kikildu, eta Europako Banku Zentralaren azken urteetako interes tasa apalek lagundu dute horretan. Laboral Kutxak sinatutako hipoteken kopuruak %39 egin du gora, eta enpresei emandako kreditua %7 handitu da, batez ere enpresa ertain eta handiei dagokienez (%10).
Inbertsio funtsen indarra
Baina hori ez da hazkundearen faktore bakarra izan. Aurrezkien alorrean ere, bezeroen baliabideak %7,8 handitu ditu, sektorearen batezbestekoa baino ia bi puntu gehiago.
Horrekin lotuta, Egibarrek inbertsio funtsen kontratazioa azpimarratu du: bankuak alor horretan kudeatutako bezeroen diru bolumenak %25 egin du gora, sektorearen batez besteko hazkundea hirukoiztu egin da, eta hortik eratorritako komisio sarrerak ere handitu ditu. Adierazi duenez, negozio hori hazkunderako ardatz estrategiko nagusietako bat bihurtu da entitatearentzat.
Horren harira, nabarmendu du alor hori indartzen ari direla, sare espezializatuago baten bidez eta nazioarteko aliantzak baliatuta —besteak beste, Morgan Stanleyrekin—. Zehaztu du horren helburua dela balio erantsi handiagoko produktuak eskaintzea eta bezeroen aurrezkien kudeaketan pisu handiagoa hartzea, interes tasen zikloen mendekotasuna murrizteko.
6Zenbat bulego dituen KatalunianÂ
Laboral Kutxak azaldu du bere hazkundea Euskal Herriari lotuta dagoela. Hala ere, gaur egun 85 bulego ditu kanpoan, Espainian bereziki. 2025-2027ko plan estrategikoan, Katalunian haztea jarri zuen helburu gisa. Gaur egun sei ditu —horietatik bost partikularrentzat, eta bat enpresentzat—. Iaz han sortutako negozio bolumena 125 milioi euro handitu zuela azpimarratu du.
Adolfo Plaza Laboral Kutxako presidenteak, berriz, entitatearen osasuna azpimarratu du: kaudimen maila —bankuak bere arriskuak estaltzeko duen kapital propioa— %26,2koa dela gogoratu du, gainbegiraleek eskatzen duten gutxienekoa baino hamalau puntu handiagoa. Likidezia mailari dagokionez —bankuak epe laburreko ordainketei aurre egiteko duen gaitasuna—, LCR adierazlea %572,3koa da, araudiak eskatzen duen maila baino bost aldiz handiagoa.
Plazak azaldu duenez, azken urtean Laboral Kutxaren arduradunek zuhurtzia handiz jokatu dute etor zitezkeen ezustekoei aurrea hartzeko. Horren adibide jarri ditu zor publikoko aktiboen salerosketan egindako doikuntzak —etorkizuneko errentagarritasuna hobetzeko, epe motzeko galerak bere gain hartuta— eta kreditu zorroaren estalduren handitzea.
Haren irudiko, iazko emaitzek erakusten dute entitatea «bide egokian» dagoela 2027ra arteko plan estrategikoa betetzeko. «Hazten jarraitzeko tartea, energia eta konfiantza ematen digute emaitza on hauek».
Luzera begira, eraldaketa teknologikoa izango da Laboral Kutxaren ardatz nagusietako bat, Egibarrek azaldu duenez. Horren harira, ohartarazi du adimen artifizialak «erabateko aldaketa» ekarriko duela bankuen jardunean, bai lehiatzeko moduan, bai bezeroei arreta emateko orduan.