Eragile bat baino gehiagoren azken txostenetan ideia bat nabarmentzen da: kontsumoa eta inbertsioa ari dira euskal ekonomiari eusten. Haiek dira hazkunde apalaren motorra. Baina noiz arte? Laboral Kutxak ohartarazi duenez, kontsumitzaileen aldartea ez da hobetzen ari. Are, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek egoera ekonomikoari buruz duten iritzia okertzen ari da apurka, ekonomiak hazten jarraitzen duen arren eta lan merkatuak sendo jarraitzen badu ere. Hala ondorioztatu du finantza erakundeak, gaiari buruz egin duen azken azterketan.
Horren arabera, urteko bigarren hiruhilekoko konfiantza indizea -9an kokatu zen, aurreko hiruhilekoetako emaitzen oso antzera —puntu bat beherago—. Dena den, ñabardura bat egin du. Lehen hiruhilekoan kontsumitzaileen artean «zuhurtzia» nagusitzen ari zela ondorioztatu zuen; oraingoan, urrats bat harago egin du bere diagnosian: «eszeptizismoa» finkatu dela esan du.
«Europako familiak itota daude, hobetu beharrean okerrera baitoa egoera, eta haien itxaropenak zeharo baldintzatuta daude, ongizate estatua makalduko dela aurreikusten baitute»
LABORALÂ KUTXA
Ezkortasun hori, baina, ez dator bat ekonomiaren bilakaerarekin, Laboral Kutxaren arabera. Izan ere, azken bost hiruhilekoetan %2tik gorako hazkundea izan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinak, eta gogoratu du lan merkatua ere «garairik onenetako batean» dagoela. Maiatzean, Gizarte Segurantzak inoizko afiliatu gehien zenbatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan —1.042.680 langile—, eta 103.733 pertsona zeuden langabezian, «azken hamazazpi urteetako kopururik txikiena».
Aurrezkia eta kontsumoa
Laboral Kutxak gogoratu duenez, baina, familien iritzia ez dute soilik adierazle ekonomikoek osatzen; nazioarteko ziurgabetasunak eta kontsumitzaileen «egunerokoak» baldintzatzen dute pertzepzio hori, bereziki, osasun sistemaren, etxebizitzaren eta erakundeen inguruko «mesfidantzak».
Horren erakusgarri da ekonomiaren bilakaerari buruzko iritzia. Adierazlea -26ra jaitsi da, eta aurreko hiruhilekoan baino bi puntu txikiagoa da. Etxeko ekonomiari buruzko aurreikuspenak ere negatiboak dira (-11).
Dena den, familiek aurrezteko gaitasunean konfiantza dute oraindik ere: adierazlea +4koa da, lehen hiruhilekoan baino zertxobait handiagoa.
Kontsumoari dagokionez, ez da aldaketa handirik izan aurreko hiruhilekotik. Erosteko garai txarra dela uste dute familiek (-21), baina horrek ez du esan nahi erosketak egiteari uko egin diotenik. Izan ere, erosketak egiteko asmoa jasotzen duen indizeak balio positiboari eusten dio (+1).
Etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa erabili ohi da erosteko ahalmena neurtzeko, eta aurreko hiruhilekoetako antzeko neurrian dago. Hori bat dator, gainera, merkatuaren bilakaerarekin. Urteko lehen hiruhilekoan 6.748 etxebizitza salerosi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz aldi berean baino %0,2 gutxiago, baina jarduera handiko mailari eutsiz. Ibilgailu berrien salmentek, berriz, gora egin dute: urtarriletik apirilera bitartean 9.252 auto saldu dira hiru lurralde horietan, iaz baino %4,2 gehiago.
Familien kezka nagusia, dena den, prezioen bilakaera da. Horri buruzko adierazlea -28ra jaitsi da, eta hori da txosteneko baliorik txarrena. Laboral Kutxaren arabera, kontsumitzaileek berehala antzematen dituzte garestitzeak —energia edo eguneroko produktuen prezioetan, esaterako—, baina prezioak moteltzen direnean pertzepzio hori ez da neurri berean aldatzen.
EUROPAN, «ITOTA»
Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, egoera ez da hain iluna. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaileen konfiantza indizea -9koa da. Europako Batasuneko batezbestekoa, berriz, -19koa; eta are okerragoak dira Frantziako (-21), Alemaniako (-19) eta Herbehereetako (-23) datuak.
«Europako familiak itota daude, hobetu beharrean okerrera baitoa egoera, eta haien itxaropenak zeharo baldintzatuta daude, ongizate estatua makalduko dela aurreikusten baitute», azpimarratu du Laboral Kutxak.