Zer da hilabete bat gehiago 25 urtez iraun duten negoziazio batzuetan? Hori pentsatuz kontsolatu beharko dute gaur Europako Batasuneko agintari askok, eta baita Mercosurrekoek ere. Azkenean, Frantziaren eta Italiaren jarrera garaile atera da Bruselan gaur hasi den Europar Kontseiluan, eta Ursula von der Leyenek iragarri du azkenean Europako Batasunak eta Mercosurrek urtarrilean sinatuko dutela merkataritza libreko ituna.
Berez, Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Kontseiluko presidenteak larunbat honetan sinatu behar zuten ituna Brasilen. Baina bilkuran ez da Europar Kontseiluaren onespenerako nahikoa gehiengorik erdietsi, eta, ondorioz, bihar ostiralez hartu behar zen erabakia atzeratu egin da, eta baita sinadura bera ere.
Aukerak asko ziren Brasilgo sinadura atzeratu behar izateko. Gaur Italiak irmo eutsi dio onespena atzeratzearen aldeko jarrerari, Frantziarekin batera. Eta Italiaren jarrera hori erabakigarria zen onespena blokeatzeko, oraintsu arteko ezezkoei gehitu egiten baitzitzaien —hala nola Frantziarena, Poloniarena eta Hungariarena—.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren ustez, ezinbestekoak dira nekazariak defendatzeko babes neurri gehiago. Aldiz, Friedrich Merz kantzilerrak goizean akordioaren garrantzia azpimarratu du, «EBk munduan eta beste merkataritza akordio batzuei buruzko negoziazioetan duen sinesgarritasunari eusteko».
Bada, azkenean, Meloniren esku hartzea izan da giltzarria. Atzo Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak esan zuen atzerapenen bat egonez gero akordioarenak egin zuela, baina gaur Italiako presidentearen telefono dei bat izan duela adierazi du Da Silvak; Melonik «pazientzia» eskatu diola, azaldu diola Italia ez dagoela itunaren kontra, baina hilabete bat beharko duela nekazarientzako neurriak lotzeko. Brasilgo presidentea, gainera, prest agertu da Mercosurreko beste bazkideei —Argentina, Paraguai eta Uruguai— sinadura atzeratzea proposatzeko.
Adierazpen horietatik ordu gutxira etorri da EB-Mercosur itunaren sinadura atzeratuko den albistea, Von der Leyenen ordezkarien bitartez.
Haserrea eta istiluak
Eta drama eta suspense horren guztiaren ondoan, nekazariek euren haserrea agertu dute Bruselan. Hamar bat mila laborari eta bostehun bat traktore ziren protestan, Mercosurreko itunaren kontra, baina baita nekazaritzarako aurrekontu txikiagoen kontra ere.
Nekazariak Mercosurreko akordiora erakartzeko, hain zuzen, babes klausula batzuk onartu dira aparteko arau batean. Atzo lortu zuten akordio hori Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Ondorioz, produktu jakin baten inportazioak %8 handitzen badira edo prezioak %8 jaisten badira, eten egingo dira inportazioak.
Baina neurri horiek ez dira nahikoak nekazarientzat. Klausula horiek «ez dira oso argiak eta ez dira eraginkorrak», ziurtatu du gaur ENBA sindikatuak agiri baten bitartez. Sindikatua beldur da Euskal Herriko supermerkatuak «euskal ustiategi baten kostuen oso azpitik» dauden Brasilgo eta Argentinako behi haragiaz beteko ote diren. Gainera, Europako nekazarien beste kexua gogorarazi du: Mercosurreko ustiategiak ez dituztela bete behar EBkoen ingurumen, lan eta animalien ongizateari buruzko baldintzak.
Bruselan, laborariek patatak eta arrautzak bota dituzte kalean, eta ilara luzeak sortu dituzte traktoreekin. Gero, manifestazioaren bukaeran istiluak sortu dira. Laborariek piztutako suen kea Poliziaren negar gasarekin eta ur kanoiekin nahaspilatu dira ordu batzuetan auzo europarrean.