Presioak batetik eta bestetik. Leihotik begiratuz gero, Europako Batasuneko gobernuburuek milaka nekazari eta traktore ikusiko dituzte gaur, ozen eskatuz Mercosurrekin egindako merkataritza ituna inolaz ere ez sinatzeko. Baina sakelakoei erreparatzen badiete, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentearen oharra irakurri ahal izango dute; zera iragarri du: beste atzerapenen bat badago, akordioarenak egin duela.
Gobernu gehienak akordioa sinatzearen aldekoak dira. Arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte horretarako, espero dutelako itunari esker merkatu zabal bat irekiko zaiela haien industriei eta zerbitzu enpresa handiei.
Baina badira arrazoi geopolitikoak ere ituna babesteko. Mercosurrekin harremanak estutuz, mezu garbi bat bidaltzen diote Donald Trumpi eta haren olde protekzionistari: EB mundura zabalduta dago oraindik, gai da erabakiak bere kabuz hartzeko, eta AEBekin galdu dezakeen harreman komertziala Hego Amerikarekin konpentsa dezake.Â
Baina argudio horiek ezer gutxirako balio diete EBko nekazariei, uste baitute berriro ere beste interes batzuen pagaburu direla. Europako Batzordeak azaldu du Mercosurren merkatua zabalduko zaiela EBren lehen sektorearen hainbat produkturi, hala nola gaztari eta ardoari, eta nabarmendu du babes klausulak indarrean jarriko direla sektorea gehiegizko inportazioetatik babesteko. Hain zuzen ere, klausula horiei buruzko akordioa lortu zuten asteazkenean Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Ondorioz, produktu jakin baten inportazioak %8 handitzen badira edo prezioak %8 jaisten badira, eten egingo dira inportazioak.

Klausula horiek «ez dira oso argiak eta ez dira eraginkorrak», ENBA sindikatuak gaur agiri baten bitartez ziurtatu duenez. Sindikatua beldur da Euskal Herriko supermerkatuak «euskal ustiategi baten kostuen oso azpitik» dauden Brasilgo eta Argentinako behi haragiaz beteko ote diren. Gainera, Europako nekazarien beste kexua gogorarazi du: Mercosurreko ustiategiak ez dituztela bete behar EBkoen ingurumen, lan eta animalien ongizateari buruzko baldintzak.Â
Ikusi gehiago
Antzeko mezuak zabaltzen ari dira kontinente osoko nekazariak Bruselako kaleetan. Goizean goiz traktoreak atera dituzte Belgikako hiriburuko kalera, eta trafiko arazo handiak sortu dira. Ia hamar mila laborari eta 500 traktore espero zituzten antolatzaileek. Manifestazioa eguerdian hasi da, eta eguerdia pasata sortu dira lehen istiluak, manifestariak auzo europarrera iritsi direnean eta Polizia negar gasak eta ur kanoiak erabiltzen hasi denean.Â
«Dagoeneko ohartarazi diet [europarrei]: ez badute orain sinatzen, Brasilek ez du tratu gehiagorik egingo ni presidente naizen bitartean. 26 urtez izan gara zain. Akordioa hobeagoa da haientzat guretzat baino»
LULA DA SILVA Brasilgo presidentea
Nekazarien kezkekin bat egin dute hainbat herrialdek, Frantzia, Polonia eta Hungaria buru direla. Baina ituna blokeatu ahal izateko, ezinbestekoa dute Belgikaren eta, batez ere, Italiaren ezezkoa. Atzo, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak eskatu zuen bozketa aste batzuk atzeratzeko, baina aldi berean argi utzi zuen ez duela azken erabakirik hartu, eta ez duela ezinbestean ituna blokeatuko. «Kontua da akordioa onartu nahi dugula soilik baldin eta gure nekazaritza sektorearentzako neurri egokiak biltzen baditu. Konfiantza osoa daukat datorren urtean baldintza horiek bete egingo direla», azaldu zuen.Â
Baina Mercosurreko herrialdeak prest al daude 2026rako itxaroteko? Ezetz dio bloke horretako herrialde nagusiak, Brasilek, Lula da Silva presidentearen ahotik: «Dagoeneko ohartarazi diet [europarrei]: ez badute orain sinatzen, Brasilek ez du tratu gehiagorik egingo ni presidente naizen bitartean. 26 urtez izan gara zain. Akordioa hobeagoa da haientzat guretzat baino. Macronek ez du sinatu nahi bere nekazariengatik. Italiak ez du sinatu, nik zer dakit zergatik». Â
Ikusi gehiago
Â