Hego Euskal Herrian zerga erreforma egitea «premiazkoa» dela aldarrikatu du ELA sindikatuak, eta informazio kanpaina hasiko du hura jokaleku politikoan ezartzeko. «Aberastasunaren banaketa tabua da herri honetan, eta hori onartezina da», salatu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. Premia horri data jarri dio, gainera; uda aurretik ekin beharko litzateke: «Zorra handitu egin da, eta orain behar dira baliabideak».
Erreforma eskaeraren muina enpresen eta ondarearen mozkinen gaineko zergak handitzea da. «Fiskalitate propioa erabiltzen ari dira enpresa handiei eta aberatsei tratu pribilegiatua emateko», salatu du Mikel Noval sindikatuko ikerketa buruak. ELAren ustez, lau dira berehalako zerga erreforman «berehala» hartu beharreko neurriak. Aurrenekoa, sozietate zerga «gutxienez» irabazien %25ekoa izatea da, «salbuespenik gabe».
Salbuespenak inbertsio jakin batzuengatik enpresek lorturiko kenkariak dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egun, %24koa da; Nafarroan, %28koa enpresa handientzat, eta %23koa txikientzat.
Beste hiru neurriak hauek dira: PFEZen, errenta handiei eta kapital errentei aplikaturiko beherapenak kentzea; ondarearen gaineko zergaren taula egungoaren bikoitza izatea; eta bi errekargu aplikatzea 2020ko emaitzei: sozietate zergaren bitartez %20koa iazko mozkinetan, eta %1 eta %10aren artekoa ondare zergan. Sindikatuaren arabera, aldaketa horiekin 2.600 milioi euro bilduko lirateke Hego Euskal Herrian.
Rementeria, «Ayuso txikia»
ELAk gutunak bidali zizkien Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta hiru aldundiei, erreformaz hitz egitea eskatuz, eta Iñigo Urkullu lehendakariak bakarrik erantzun die, eta, Lakuntzaren hitzetan, haren ardura ez dela esateko, aldundiena baizik. «Herri honetan ez dago garrantzizko gaiei buruz hitz egiteko mahairik», salatu du. Nafarroako Gobernuari, berriz, Novalek egin dio kritika. «[Javier Remirez] Presidenteordeak esan du harro dagoela presio fiskal baxuaz. Fiskalitatea ezin da izan lehiakortasun erreminta bat».
Kritika zorrotzena, dena den, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari zuzendu dio: «Bere nahia Isabel Ayuso edo Esperanza Aguirre izatea da [Madrilgo erkidegoko egungo presidentea eta presidente ohietako bat dira, biak PPkoak]. Atzerrian Bizkaiari buruzko azalpenak ematen dituenean Ayusotxo txiki bat izan nahi du, eta ELA aurka dago».
Lakuntzak, bere aldetik, errieta egin die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi: «Pultsu politikoa falta zaie, ezkerra aurrekontuen eztabaidatik desagertu da. Ahotsa altxa behar du, bestela oraingoa gertatuko da, Joe Biden berak ezkerretik hartu diela aurrea». AEBetako presidenteak %21etik %28ra igo nahi du sozietate zerga, eta gutxieneko tasa bat ezartzeko eta multinazional handiak zergapetzeko sistema bat proposatu dio OCDEri.