Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Europan, agintariek industria biziberritu nahi duten honetan

Altzairugintzaren etorkizunagatik kezka agertu dute Frantzian, eta esku hartzeko eskatu diote estatuari. Lanaldia laburtzea izan dute hizpide Madrilen, eta lan osasuna Erroman.

Teslako langileak elkartasunaren aldeko lelo bat erakusten duen pankarta batekin, Berlinen, Maiatzaren Leheneko manifestazio batean.
Teslako langileak elkartasunaren aldeko lelo bat erakusten duen pankarta batekin, gaur, Berlinen, Maiatzaren Leheneko manifestazio batean. CLEMENS BILAN / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 1a
18:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako gobernuek industria biziberritzeko planak eta inbertsioak hizpide dituzten honetan, kontinenteko sindikatuek eta ezkerreko alderdiek langileen bizi baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dituzte. Eskariak herrialde bakoitzeko egoera ekonomikoaren araberakoak izan dira: metalgintzaren arazoei erreparatu diete Frantzian, lanaldiaren laburtzeari Espainian, eta lan osasunari Italian.

Alemanian, 300.000 herritar baino gehiago atera dira kalera gaur, eta 420 mobilizazio inguru egin dira denera, DGB Alemaniako Sindikatuen Federazioak adierazi duenez. Elkarteak eskatu du langileei egonkortasuna bermatzeko eta kalitatezko enpleguak sortzeko, eta enpresariak deitu ditu «dagokien rola» jokatzera. Yasmin Fahimi federazioko buruak nabarmendu du oraingoa abagune egokia dela enpresek langileen baldintzak hobetu ditzaten, «inbertsio konpromisoak bete baitira, eta energiaren kostua jaisten ari da». Gaineratu du baldintzak hobetuta langileek bide emango diotela ekonomiaren hazkundeari.

DGBko presidenteak, hitz horiekin, erreferentzia egin dio Alemaniak zorpetze muga malgutzeko martxoan onartu zuen konstituzio erreformari. Haren bidez, modua izango dute armagintzan gehiago gastatzeko, eta azpiegiturak hobetzeko 500.000 milioi euroko inbertsio funts bat sortzeko. Sindikatuen federazioak eskatu du ahalegin horren barruan lan baldintzak hobetzeko.

Frantzian, metalgintzari begira

Metalaren sektorean arriskuan dauden lanpostuei arreta berezia eskaini diete Frantzian. Arcelor Mittal enpresak 636 lanpostu ezabatzeko asmoa iragarri du, eta, horregatik, Dunkerquen —enpresa horren lantegi bat hartzen duten hirietako batean— mobilizatu dira sindikatu eta ezkerreko alderdi batzuetako ordezkari nagusiak; tartean, Alderdi Sozialistakoak, Berdeenak eta Frantzia Intsumisokoak. Indar horiek, alderdi komunistarekin batera, estatuari eskatu diote esku hartzeko Arcelor Mittalen, eta gogorarazi dute konpainiak 392 milioi euroren laguntza publikoak jaso dituela azken urteetan.

Espainiako CCOO eta UGT sindikatuen eskari nagusia, bestalde, lanaldia laburtzea izan da. Hain zuzen, 40 ordutik 37,5 ordura laburtzeko proposamena onartzekoa zen gobernuko Ministroen Kontseilua aste honetan, baina ez da hala gertatu, asteleheneko itzalaldiaren ondorioz, eta datorren astera atzeratu dute erabakia. Egitasmoa Espainiako Gorteetan eztabaidatu beharko da.

M1
Pepe Alvarez (UGT) eta Unai Sordo (CCOO) Madrilgo manifestazioan, atzean Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa dutela. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak eta Pepe Alvarez UGTko buruak ohartarazi dute «iruzurra» litzatekeela Espainiako Gorteek lanaldi murrizketa eragoztea eta sindikatuek gobernuarekin arlo horretan lortu duten adostasunari trabak jartzea. Madrilgo manifestazioan, haien atzean, Yolanda Diaz Lan ministroa izan da, Sumarrekoa, lege proiektu horren bultzatzaile nagusia.

Italian, berriz, sindikatuek lan heriotzak jarri dituzte erdigunean. Iaz, 1.090 behargin hil ziren lan istripuetan, 2023an baino %5 gehiago. «Odolustetzat» jo dute hori CGIL, CISL eta UIL sindikatuek. Ekainaren hasieran Italian egitekoa den galdeketari ere erreparatu diote, 2016ko lan erreformaren zenbait puntu indargabetuko diren erabakiko baitute herritarrek, tartean dela kaleratzeen kalte ordainei jarritako gehienezko muga.

GREZIA
Emakume bat alaba besoetan duela, langileen aldeko oroitarri baten ondoan, Tesalonikan. AKHILEAS KHIRAS / EFE

Grezian, garraio grebak eragin nabarmena izan du. Soldata eta lan baldintza hobeen alde, geldituta egon dira trenak eta bidaiarien itsasontziak. Horrez gain, lanuzte partziala egin dute Atenasko autobus, tranbia eta metro zerbitzuek. Hiriburuan, «duin» bizi ahal izateko soldata igoerak eskatu dituzte sindikatuek. Grezia izan zen iaz erosahalmen txikieneko herrialdeetan bigarrena Europako Batasunean, Bulgariaren atzetik. 

Turkian, segurtasun neurri zorrotzen pean egin dira mobilizaziorik jendetsuenak. Lan baldintzak hobetzearen aldeko protestak bakarrik ez, Recep Tayyip Erdogan presidentearen erregimenaren kontrakoak ere izan dira han. Azken urteetan bezala, gobernuak debekatu egin du Istanbulgo Taksim plazan manifestatzea eta atxilo hartu ditu hara sartzen ahalegindu diren laurehun lagunetik gora.

Kontseilarien soldatak %50 IGO dira 2019tik

Enpresetako kontseilarien soldatak %50 igo dira batez beste munduan 2019. urtetik, Oxfam Internationalen azterketa baten arabera. Langileen soldatak, berriz, %0,9 igo dira epe berean. Hau da, proportzioan, 56 aldiz motelago handitu dira langileen soldatak, enpresetako kontseilarienak baino. 

Oxfamek 35 herrialdetako 2.000 enpresa baino gehiagoren datuak hartu ditu oinarri. Herrialde horietan, kontseilarien batez besteko soldata 3,8 milioi eurokoa izan zen 2024an

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.