Lan gatazkak

Lan baldintzak parekatzeko eskatu dute garbitzaileek

Bost asteko greba hasi zuten astelehenean. Protesta bateratua egin dute Gasteizen.

aitor biain
2020ko martxoaren 5a
14:34
Entzun

Laugarren greba eguna dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako garbitzaile azpikontratatuek. Bost asteko lanuztea hasi zuten astelehenean, eta protesta bateratua egin dute gaur, Gasteizen. Eskatu dute lan baldintzak parekatzeko unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak zuzenean kontratatutako garbitzaileek dituztenekin. Izan ere, bost urtez ari dira hitzarmena berritu nahian, baina salatu dute patronalak ez duela horretarako borondaterik. 

Unibertsitatean hasi dute manifestazioa, eta Emakunderen egoitzan amaitu. Administrazioari dagokion ardura gogorarazi nahi izan diote horrela, martxoaren 8a baliatuta. Izan ere, langileek adierazi dute arduradun politikoek «erantzukizun zuzena» dutela auzian. «Martxoaren 8a egun garrantzitsua da emakume langile guztiontzat, baina egun hori beren irudia zuritzeko erabiltzen dute politikari askok. Ez diegu utziko; planto egingo dugu prekaritate egoera hau diru publikoz finantzatzen delako, diru publikoz hornitzen delako, eta egoera jasanezina delako», esan du Ane Alberdi Legorburuk, ELAko ordezkariak.

Langileak kexu dira azpikontratatuen lan baldintzekin. Salatu dute zuzenean kontratatutako garbitzaileek baino 2.200 euro gutxiago kobratzen dituztela urtean, eta haien aldean eremu zabalagoak garbitzen dituztela egunero. «Hezkuntza sailarekin kontratua duten garbitzaileek 1.240 metro koadro garbitzen dituzte egunero; azpikontratatuek, berriz, 2.500 eta 2.800 artean; hau da, bikoitza». Gogorarazi dute, halaber, azpikontratatutako langileen %40k lanaldi partzialak dituztela, eta soldatak ere partzialak direla.

Lan karga horren ondorioz gaixoaldi asko izaten direla esan du Alberdik, baina salatu du ez direla «lanaren ondoriozkoak» kontsideratzen, «gaixoaldi komunak» baizik. «Sektore prekarizatuenetan eta feminizatuenetan inoiz ez dira lan gaixotasun moduan kontatzen lan kargak eragindakoak».

«Ez gara bandaloak» 

Langileek esan dute zikinkeria «bistakoa» dela eraikinetan, eta greba izaten ari den erantzun handiaren ondorio da hori, Alberdiren arabera. Garbitzaileen lana «soilik» zerbitzu minimoak daudenean nabarmentzen dela gogorarazi du. «Garbitzaileen lana derrigorrezkoa da EHUko eta Hezkuntzako eraikinak egunero normaltasunez ireki ahal izateko, eta horri ez diote baliorik ematen, ez enpresa pribatuek, ez eta sektore publikoak ere».

Hain zuzen, grebaren lehen egunetan izandako «ekintza bandalikoak» salatu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak. Arabako eta Bizkaiko campusetan zakarra eraikinetako sarreretan, atondoetan eta eskaileratan bota izana gaitzetsi zuen erakundeak ohar bidez, eta «pertsonen osasuna eta osotasuna arriskuan» jarri zutela ondorioz.

Salaketa horri erantzun diete langileek gaur: «Ez gara bandaloak», azpimarratu du Alberdik. «Egunero pilatzen den zikinkeria da guk egunero garbitzen duguna. Gure lana egiteari utzi diogu, eta horregatik daude zikin eraikinak». Gainera, salatu dute bai EHUn eta bai Hezkuntzan zuzendaritzatik ikasle taldeak antolatu dituztela garbiketa lanak egiteko: «Hori ez da legezkoa». Langileek adierazi dute horrek beren greba eskubidea urratzen duela, «ez dagokien lana egiten ari direlako». «Onartezina da unibertsitateko arduradunek halakorik onartzea».

Aldarrikapenak aintzat hartu ezean protestarekin aurrera jarraituko dutela esan du Alberdik: «Indartsu gaude, eta aurrera jarraituko dugu». Hala ere, langileek adierazi dute prest daudela patronalarekin «behar den guztietan» esertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.