Eduardo Zubiaurre (Adegi-ko presidentea)

"Lan erreforma enpresariontzat ona da, lan harremanak orekatu baititu"

Adegi oso pozik dago lan erreformarekin, enpresarien eta langileen arteko botere harremana irauli duela uste duelako: enpresetan aldaketak egiteko «eskuak lotuta» eduki ondotik, erabakiak azkar, merke eta baimenik gabe hartu ahal izatea.

jakes goikoetxea
2012ko otsailaren 19a
18:05
Entzun

Eduardo Zubiaurrek (Eibar, 1962) ez dio aitzakiarik jartzen Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformari: "Zuzena, egokia eta positiboa da. Beharrezkoa zen eta eraginkorra izango da".

Lan erreformarekin oso pozik zaudete. Zein hobekuntza ekarriko dizkie enpresariei?

Lan harremanak orekatu egin ditu. Aspalditik ari gara esaten gure lan harremanak eta lan merkatua ez zirela egokiak gaur egun lehiatzeko eta enpresak aurrera ateratzeko. Oso zurrunak ziren, eta, ondorioz, enpresek eskuak lotuta zeuzkaten lan harremanak egoera berrira egokitu nahi zituztenean. Hori agerian geratu da krisi honetan, horrelako legediak izan dituzten herrialdeetan. Espainia da kasu adierazgarriena: behin-behinekotasun handia du eta langabezia izugarri hazi da.

Enpresen egokitze prozesuak askotan egin dira sekulako kostu pertsonal eta ekonomikoarekin, eta iskanbilekin. Enpresa asko ixtera behartu ditu, ezin izan direlako egokitu baldintza berrietara. Legedia Europako baldintzetatik oso urrun zegoen, oso desorekatua zen, oso paternalista, oso protekzionista, Francoren garaitik zetorrena.

Adegik eta enpresarien beste elkarte batzuek aspalditik eskatu dugu beste lan araudi bat, hobeto lehiatzeko. Europako ereduetara hurbiltzea eskatu dugu. Gustatzen zaigun eredua malgusegurtasuna da: araudiak malgutasuna ematen die enpresei, lan egiteko eta erabakiak hartzeko; langabezian geratzen direnei, berriz, babes sarea eta bitartekoak —enplegu politika aktiboak, prestakuntza—, lanera azkar bueltatzeko.

Horretarako, lan erreformak eman dizkigun tresnak behar ditugu. Aldaketak gertatuz gero, erabakiak eta neurriak hartzeko, azkar, merke eta administrazioaren baimenik gabe. Lehen enpresek denbora gehiegi pasatzen zuten erabakiak hartu gabe.

Esan duzu lan harremanak orekatu egin direla. Horrek esan nahi du lehen desorekatuta zeudela? Sindikatuen edo langileen alde lerratuta?

Bai. Enpresentzat ia ezinezkoa zen beharrezko neurriak hartzea jarduera jaisten zenean, langile gehiegi zeuzkanean edo lan baldintzak egokitu nahi zituenean —lanorduak gutxitu, enplegua erregulatzeko dosierra indarrean jarri—. Ezinezkoa zen azkar, merke eta liskarrik gabe egitea. Lan araudiak eta negoziazio kolektiboak eragozten zioten. Horrek sekulako arazoak eragin ditu enpresetan. Egoera txarrak gainditu dituzten enpresariek sekulako kezka izan dute berriro langileak kontratatu behar izan dituztenean.

Lan erreformak ba al dauka abantailarik langileentzat?

Askoz ere errazagoa da kontratazio finkoa. Legediak zaildu egiten du behin-behineko kontratazioa. Enpresa bati egoera aldatzen bazaio, behar izanez gero, askoz ere errazago hartu ahalko ditu neurriak: lanorduak gutxitu, dosier bat aplikatu, baldintzak aldatu eta, kasurik txarrenean, jendea azkar kaleratu. Argudioak eta arrazoiak mahai gainean jarrita, baina azkar, merke eta era normal batean, inolako baimenik gabe egin ahal izango baitu.

Kontratu mugagabeei buruz hitz egiten ari zarenean, zer ari zara, Espainiako Gobernuak «ekintzaileei laguntzeko» sortu duen kontratu mugagabeaz?

Erreformako kontratu batzuek laguntza bereziak jasoko dituzte. Lan erreforma honek behin-behineko kontratuak zailtzen eta finkoak errazten ditu. Hori da bere filosofia. Orain arteko bikoiztasuna desegin nahi du: alde batetik, lan finkoak daude, kalte-ordain handiekin, berme handiekin eta aldaketak egiteko oztopo ia gaindiezinekin; bestetik, behin-behineko lanak daude, malguak, iskanbilarik gabeak, merkeak eta, behar izanez gero, bertan behera uzteko modukoak.

Kontratu berri horri mugagabe deitu diote, baina gazteen proba epea urtebetera luzatu dute, eta, urtebete baino lehen kaleratuz gero, ez dute kalte-ordainik jasoko.

Zenbait taldetako langabeek lana ahalik eta azkarren lortzea da lehentasuna, talde horien langabezia gutxitzea. Bi gaztetik bat langabezian dago Espainian.

Enpresek normalean behar duten pertsona kontratatzen dute, beharrezko gaitasunekin eta behar duten lanerako. Normalean, pertsona onek eta egokiek enpresan irauten dute, ez dira urtebete baino lehen kaleratzen.

Ez al da paradoxa enplegua sustatu nahi duen erreforma bat kaleratzeetan oinarritzea?

Kaleratzeetan baino gehiago, enpresen malgutasunean. Kasurik okerrenetan kaleratzea gerta daiteke; baina, funtsean, erraztu egiten du egoera okertzen denean lan baldintzak aldatzea, enplegua erregulatzeko dosierrak indarrean jartzea eta lan hitzarmenetako baldintzak ez betetzea. Enpresariak lan araudia eta ziurtasuna behar ditu erraz eta kezkarik gabe kontratatzeko. Lan erreforma ona da enpleguarentzat, enpresariak bitartekoak izango dituelako: lana daukanean langileak kontratatzeko, eta ez daukanean neurriak hartzeko.

Paradoxaren eredua Danimarka da. Europako langabezia tasa apalena dauka, %5ekoa, eta bertan langileek ez dute kalte-ordainik jasotzen kaleratzen dituztenean. Danimarkan, jakina, langileak kaleratzen dituzte, enpresak krisian daude, eta jendeak lanpostuz aldatzen du; baina lan merkatua oso dinamikoa da.

Kalte-ordainik ez dute jasotzen, baina gizarte laguntzak Euskal Herrian baino handiagoak dira.

Langabezia saria jasotzen dute, eskaintzen dizkieten ikastaroak egiten badituzte; bestela, ez. Danimarka eta Herbehereak dira gure eredu. Oso barneratuta daukate beti ez direla arituko lanean lanpostu eta enpresa berean.

Alemania da zuen ereduetako bat. Hango egoera gainerakoena baino hobea da, baina badu bere ifrentzua: milioika langile ditu minilanak egiten, soldata eskasekin.

Sistema bat aurkitu dute jende askori lana erraz eskaintzeko. Prestakuntzarik gabeek, beste aukerarik ez daukatenek... gutxienez halako lanak dituzte.

Gure eredua malgusegurtasuna da, eta hori Danimarkan aplikatzen dute.

Malgusegurtasunak malgutasuna bermatzen du, baina zein da langilearentzako segurtasuna?

Lana aurkitzeko gaitasuna. Gaitasun hori eskaini egin behar zaio. Langileak, langabezian geratuz gero, babesa behar du. Diru sarrera batzuk bermatu behar zaizkio, ezin da ezer gabe geratu. Baina horrek ez du esan nahi langabezian edo laguntzak jasotzen ari den bitartean ezer egin gabe egon behar duenik. Betebehar batzuk izan behar ditu: astero frogatu behar du lan bila aritu dela, curriculumak aurkeztu dituela...

Baina, horretarako, lan egiteko aukerak behar dira, eta, gaur egun, Euskal Herrian, oso gutxi daude.

Bai, aurrena lan egiteko aukerak behar dira. Horretarako, enpresek prest egon behar dute jendea erraz kontratatzeko. Erraztasun hori, ziurtasun hori, zerk ematen dio enpresariari? Jakiteak gero egokitzeko aukera izango duela. Ez dela arazoa izango jende asko kontratatzea eta, gero, egoera aldatzen bada, kaleratzea.

Danimarkan oreka hori lortu dute. Emaitza zein da? Krisirik larrienean ere langabezia tasa %3tik %6ra igo dela. Liskar gutxi daude enpresarien eta sindikatuen artean, lan harremanak baketsuak dira. Lan merkatu oso dinamikoa daukatelako lortu dute. Hemen izan dugun zurruntasunaren parekorik ez da beste inon egon, Portugalen eta Grezian salbu.

Zurruna diozu, baina enpresek langileak, kaleratu behar izan dituztenean, kaleratu dituzte. Asko, gainera, kalte-ordain garestienarekin, 45 egunekoarekin, ezta?

Kaleratu dituzte, baina hiru urte eta erdiko soldata arteko kalte-ordainak ordainduz. Hori izugarrizko kaltea da. Hainbat enpresak ezin dituzte halako kalte-ordainak ordaindu, eta irauten ari dira, oso egoera larrian.

Enpresak beti izan ditu eskuak lotuta. Kaleratze espresa ankerkeria bat izan da. Hemen, langile finko bat kaleratzen zenean, 28 urteko antzinatasuna bazuen, enpresak hiru urte eta erdiko soldata ematen zion. Bi urteko langabezia saria ere jasotzen zuen. Bost urte eta erdiko lansariarekin kaleratzen zen jendea, inolako betebeharrik gabe. Hori sekulako kostua da gizarte batentzat.

Kaleratze objektiboak lortzeko administrazioaren baimena, hitzarmenak... behar ziren. Horrek guztiak akordio berantiarrak, oso garestiak eta liskartsuak eragin ditu. Enpresak ahuldu ditu, kalte-ordainetan xahutu dituztelako egoerara egokitzeko eta enpresa birmoldatzeko baliabideak. Hori jasan duen enpresa batek, jarduera berreskuratzen duenean, ze ziurtasunekin kontratatuko du? Kontratatuko du, baina ahal duen gutxien, behin-behineko kontratuak baliatuz... Hori guztia, enpresa itxi behar izan ez bazuen. Hori zen gure lan merkatua.

Orduan, lan erreformak hogei eguneko kalte-ordaina orokortzeak lagundu egingo dizue, ezta?

Bai, laguntzen du administrazioaren baimena behar ez izateak, gutxiago ordaindu behar izateak, eta, gainera, azkarrago egin ahal izateak. Enpresariak eguna ez du pasatzen jendea nola kaleratu pentsatzen; alderantziz, enpresa nola jaso, nola handitu eta jendea nola kontratatu pentsatzen du.

Lan erreformaren ondorioak neurtzeko orduan aintzat hartu behar da testuingurua. Adegiren arabera, aurten Gipuzkoako enpresen %5 itxi egingo dira, eta goia joko du dosierrak aurkeztuko dituzten enpresen kopuruak. Lan erreformak, gainera, langile horiek kaleratzea erraztuko eta merkatuko du, ezta?

Baina askoz ere hobea da horrelako araudi bat edukitzea, egoera okertzen denean, enpresak neurriak azkar hartzeko, egoerara egokitzeko eta lehenbailehen ateratzeko. Era berean, kontratatzeko aukera daukanak askoz ere azkarrago kontratatuko du. Hori da bizkortu behar duguna.

Lan erreformak lanpostuak sortuko al ditu?

Uste dut baietz, baina berak bakarrik ez du ezer konponduko. Gauza gehiago behar dira: proiektu bideragarriak, merkatuak, finantzaketa, langile egokiak... Orain arte laneko araudia desabantaila izan da; orain, ez. Europako hainbat ekonomiaren pare egongo gara. Mundua gero eta aldakorragoa da, eta egokitzeko malgua izan behar duzu; bestela, kanpoan zaude.

Legea erraztu egin du enpresariak langileak kaleratzea, lan baldintzak aldatzea eta hitzartutakoa ez betetzea. Ez al ditu langileak babesik gabe uzten?

Berriro diot: babes maila handiek zaildu egiten dute enpresaren jarduera eta aldatzeko gaitasuna. Babes hori epe motzekoa izan daiteke, baina luzera begira enpresaren proiektua ahuldu dezake. Erreformak, luzera begira, proiektuak bermatzen ditu.

Lan erreformari buruzko balorazioan diozue dosierrek administrazioaren baimena behar izateak oztopoak baino ez zituela jartzen. Orain ez duzue baimenik beharko. Ez al dute behar gutxieneko kontrol bat?

Kontrola badago. Langileak auzitegietara joan ahal izango dira, dosier bat salatzeko. Epaileak erabakiko du.

Bai, baina arrazoi ekonomikoen araberako dosierra zuritzeko nahikoa izango da hiru hiruhilekotan salmentak edo diru sarrerak jaistea. Enpresa gehienek erabili ahal izango dute arrazoi hori, ezta?

Horrek egoera argitu egin du. Lehen halako arrazoiak ematen ziren, baina epaileek gehienetan ez zituzten onartzen. Epaileak enpresariaren eta langileen arteko akordioa eskatzen zuen, eta akordioak zailak ziren. Ondorioz, dosierren irtenbideak iskanbilatsuak, luzeak eta garestiak izaten ziren. Orain egoera argitu eta erraztu egin da. Enpresek erabakiak azkarrago hartuko dituzte, eta azkarrago egokituko dira egoera berrira.

Erreformak lehentasuna ematen die enpresetako lan hitzarmenei. Hori eskatzen zenuten.

Ona da, negoziazioak eta lan baldintzak enpresaren egoerara egokituko direlako. Hitzarmena enpresatik zenbat eta gertuago, hobe. Enpresan akordioa lortzen ez bada, erreferentzia probintziako ituna izan daiteke, baldin badago. Bestela, Espainiakoa.

Lan baldintza kaskarragoekin.

Bai, zalantzarik gabe.

Horrek sindikatuak akordioak lortzera behartuko al ditu?

Espainiakoa erreferentzia ez izateko probintziakoa hitzartu behar da. Horrek sindikatuei presioa eragingo die, akordioak lortzeko eta egoera berrietara egokitzeko. Ez du balioko norberaren jarreran tematzeak.

Negoziatuko al dituzue probintzietakoak?

Bai, hori da gure lanetako bat, enpresei lana erraztea eta erreferentziazko esparruak eskaintzea.

Sindikatu abertzaleek grebara deitu dute martxoaren 29an.

Gauden egoeran, grebak ez du onurarik ekarriko. Eskubidea dute deialdia egiteko, eta langileen esku dago aintzat hartzea, edo ez. Hori ez dago gure esku.

Lan baldintzak aldatu egingo dira. Enpresetan liskarrak ugaritzea espero al duzue?

Neurriak hartu ahal izateko arrazoiak eman behar dira, eta prozedurak bete. Langile bakoitzak badaki bere enpresa ze egoeratan dagoen, eta enpresariaren erantzukizuna da proiektuari irtenbideak aurkitzea, gauzak hitzartuta. Orain arte guri xantaia egin digute liskarrekin, eta hori ez da onargarria, are gutxiago gauden egoeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.