ESK, Solidari, LSB-USO, CGT, CNT eta beste talde batzuek ere greba egiteko eskatu dute, baina ez, ordea, ELAk eta LABek. Erabaki horrek grebaren erantzuna baldintzatu egingo du, eta antolatzaileek beraiek aitortu dute ekainaren 29koak baino arrakasta gutxiago izango duela. Edonola ere emaitza «duina» espero duela esan du Unai Sordok, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak.
ELAk eta LABek ordezkaritza sindikalaren %51 dute Hegoaldean, eta %39 CCOOk eta UGTk. Azken bi erakunde horiek, berriz, nagusi dira Nafarroan eta beste lurraldeetako eskualde batzuetan. Lantegi esanguratsu batzuetan ere gehiengoa dute. Grebarekin bat egin dute, esaterako, fabrika hauetako enpresa batzordeek: Arcelor-Zumarraga, Michelin-Lasarte, Mercedes, Naval, ACB-Sestao, Negarra eta Sidenorren.
Sordok eta Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak Bilboko Kale Nagusian behera egingo duten manifestazioan izango diragaur eguerdian. Ordubete lehenago ESK-k kontzentrazioa egingo du Plaza Biribilean. 12:00etan abiatuko dira CCOOren etaUGTren Gasteizko eta Donostiako protestak, eta 11:30ean Iruñekoa, geltoki zaharretik. Han izango dira Juan Goien (UGT) eta Jose Maria Molinero (CCOO). Tuteran, Tafallan eta San Adrianen ere aterako dira kalera.
«Makineria mediatikoa»
Grebak Espainian izango duen erantzunari buruz emaitza nahiko kontrajarriak eman dituzte inkestek: batetik, galdekatuen bi herenek esaten dute greba egiteko nahiko arrazoi badaudela, baina heren batek baizik ez du argi eta garbi esaten lana utziko duela. Kopuru horiek sindikatuak «kriminalizatu nahi dituen makineria mediatiko boteretsuari» egotzi zizkion atzo Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak, eta parte-hartzea hori baino handiagoa izango dela ziurtatu zuen.
Gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla salatu du Toxok, eta hitz gogorrak izan ditu Gerardo Diaz Ferran patronaleko buruarentzat informazio piketeen beharra auzitan jarri duelako.«Beldurraren piketea Diaz Ferranen moduko enpresaburuek osatzen dute», enpresak ixten dituzten «eskrupulurik gabeko» ugazabek. «Galde diezaietela bestela Marsanseko langileei edo Air Cometekoei».
Grebarako giroa berotu nahian, azken egunotan Espainiako Gobernuaren aurkako mezua gogortu dute CCOOko eta UGTko buruek. Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren arabera, grebak lor dezake lan erreforma bertan behera geratzea, Jose Luis Rodriguez Zapatero «zerbaitetan aditua bada, politika aldatzen baita». Film ospetsu bati erreferentzia eginez, bere «avatar-etik dimisioa emateko» eskatu dio Espainiako gobernuburuari: «Filmekoa bezala, erraldoi urdina bihurtu da, baina bere alderdia edo hautetsiak ez dira urdinak».
Gobernuak, ordea, ez die sindikatuei aurre egin nahi. Greba errespetatzen duela esan du Zapaterok, eta antolatzaileen aurka ez duela hitzik esango agindu du. Lan erreformaren muina -kaleratzeak errazteko eta merkatzeko neurriak batik bat- ez duela aldatuko esan du, baina beste hiru proposamen egin dizkie langileen ordezkariei: pentsioen erreformari buruz hitz egitea, aurrekontuak eztabaidatzea eta lan erreformaren legea garatuko duten araudiak negoziatzea.
Espainiako Parlamentuan eskuinaren eta ezkerraren artean zatiketa nabaria dagoela erakutsi du deialdiak. Desadostasuna azaldu dute PPk, CiUk eta EAJk, grebak ezer konponduko ez duelakoan. Sostengua adierazi diote, berriz, ERCk eta IU-ICVko parlamentarioek. Azken horiek gaur ez dira joango Kongresura. Saioan parte hartuko dute PSOEko diputatuek, baina gutxienez haietako lauk esan dute manifestazioetara joango direla.
Grebak Espainian
1979az geroztik gaur arte Hego Euskal Herrian hamar greba orokor egin dira. Espainian, berriz, honako sei hauek:1985. Pentsioa jaso ahal izateko urte gehiago kotizatu behar izatea eta kalkulatzeko epea bi urtetik zortzira luzatzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Greba orokorra antolatu zuten CCOOk eta beste sindikatu batzuek.
1988. Felipe Gonzalezen gobernuak gazteei kontratu bereziak egitea proposatu izanak orain arteko grebarik handiena eragin zuen: %90ek egin zuten, sindikatuen arabera, %50ek gobernuarenarabera. PSOEren eta UGTren arteko harreman organikoak hautsi egin ziren.
1992. Egun erdiko protesta izan zen, langabezia laguntzak jaistearen aurka eta Greba Legearen kontra.
1994. Langileak kaleratzeko arrazoi «objektiboak» sortu zituen lan erreforma batek, eta behin-behineko kontratuei atea zabaldu zien. Aurreko grebak baino erantzun handiagoa izan arren, gobernuak ez zuen amore eman.
2002. Langabearen mugikortasuna handitu nahi zuen dekretuaren aurkako greba, PPko gobernuaren aurka egindako bakarra. Gobernuak %16ko parte-hartzea izan zela esan zuen; UGTk eta CCOOk, berriz, %84koa. 2007ko martxoan, Auzitegi Konstituzionalak erreforma bertan behera utzi zuen.