ELA sindikatuko negoziazio kolektibo arduraduna

Pello Igeregi: «Lan esparru propioa ez da lehentasuna alderdi abertzaleentzat»

Euskal lan esparruaren eskaera bizi mantentzeko premia ikusten du Igeregik, baina nabarmendu du eskuduntza osoak eskatu behar direla. Ez du uste LABek elkarlanera gonbidatu duenik ELA.

Pello Igeregi, ELAk Bilbon duen egoitzaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pello Igeregi, ELAk Bilbon duen egoitzaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

13 urte zituen Pello Igeregik (Sopela, Bizkaia, 1981) euskal lan esparruaren aldeko lehen mobilizazioa egin zenean; hala ere, badaki «mugarri» bat izan zela sindikatuaren ibilbidean. Dena den, hiru hamarkada geroago, argi du oraindik asko dagoela lortzeko.

30 urte lan esparruaren aldeko manifestazio handi hartatik. Zein oroitzapen duzue?

Sindikatuan egun haren oroitzapen oso ona dugu. 1990eko hamarkadan hiru ardatzen bueltan ari ginen lanean, eta mobilizazio hura akuilu bat izan zen. 1992an agiri bat atera genuen, zeinak zalantzan jartzen zuen CCOOrekin eta UGTrekin genuen elkarlana, haiek negoziazioak gero eta gehiago zentralizatzen zituztelako. Bestetik, kezka genuen lantokietan baldintzak okertzen ari zirelako eta industria desagertzen ari zelako. Eta beste kezka bat ere bagenuen, EAEn bereziki; gure eskutik hainbat instituzio sortu ziren lan harremanak hemen gobernatzeko, eta Espainiaren azpisistema bihurtzen ari ziren, langileen kaltetan, gainera. Guretzat 1994ko mobilizazio hori oso garrantzitsua izan zen, beste aliantza batzuetarako ateak ireki zituelako.

Ilusio handia sortu zuen.

Ziur asko, ordura arte zeuden lubaki batzuk zalantzan jarri zirelako eta bestelako elkarlan eredu batzuei aukera ireki zitzaielako. Guk orduan itxaropen bat genuen: borroka armatua bukatzean ezker abertzale instituzionalean berrikuntza politikoa egoteko aukera egongo zela. Berrikuntza horren eskutik euskal sindikalismo autonomo bat indartuko zela uste genuen, ezker abertzale instituzional horri interpelazioak egingo zizkiona, eta aukera izango zuena erakundeetan ez moderatu eta kapitalari desafio egiteko. Eta, zoritxarrez, berrikuntza hori ez da gertatu.

Eta zertan dago gaur egun esparru propioaren aldarria? 

Beharra badago, eta duela 30 urteko hiru ardatz horiek bizirik daude. Guretzat txarrena da zoritxarrez euskal sindikalismotik ez garela gai izan orduko aliantza hori sendotu eta hemen erabakitzeko aldarrikapena benetan gauzatzeko.

«Guretzat txarrena da zoritxarrez euskal sindikalismotik ez garela gai izan duela 30 urteko aliantza hori sendotu eta hemen erabakitzeko aldarrikapena benetan gauzatzeko»

LAB sindikatuak agenda bateratu baten premia aldarrikatu zuen astelehenean. Lortu al daiteke esparrua hedatzea sindikatu subiranisten batasunik gabe? 

Estrategia bateraturik gabe hankamotz ibiliko gara. Grebarako eta mobilizaziorako estrategia bateraturik gabe ezin dugu eraiki guztion artean izan genezakeen indarra. Askoz potentzial handiagoa izango genuke aliantza estrategikoa bagenu.

LABek gauza bera dio. Ados zaudete, orduan. 

Asteleheneko LABen agerraldian entzunikoaren arabera, guk ez dugu ulertu elkarlanera gonbidatu gaituztenik; besteak beste, ez gaituztelako deitu. Bestalde, haien koordinatzaile orokorrak entzun ditugu, eta esan dute dolua pasata dutela, eta ELA gabeko elkarlanak bilatzen ari direla.

Eta CCOO eta UGTrekin egin al daiteke bide hori? Euskal esparruaren aldeko keinu batzuk egin izan dituzte.

Esango nuke egoera eskizofreniko batean daudela. Kimika sektoreko hitzarmena da horren eredu: batetik, elkarrekin mobilizazioak egiten ditugu hemen hitzarmen propioa izateko; eta, era berean, Madrilera goazenean haiek dira, patronalarekin batera, hemen negoziatzeari arazo legalak jartzen dizkiotenak.

Auzia alderdi abertzaleen agendan ikusten al duzue?

Ez da haien lehentasun nagusia, baina noizean behin lortzen dugu lehentasun bilakatzea. Eta zergatik ez den lehentasun? Agian ez dugulako nahikoa presio egiten. Lehen aipatu dudan harreman hori nahi ez izatearen arrazoia da erakundeetan erradikalizazioa eragiten duela, eta orain, gure ustez, ez dute hori bilatzen. Orain gutxi, eta greba feminista orokor bat egin ondoren, Nafarroako aurrekontuak erabaki dira, eta greba horietako aldarrikapenak ez dira jaso aurrekontuetan.

Gaur egun alderdi abertzaleak indartsu daude Madrilen. Hau al da garai aproposa?

Taktikoki aldarrikapen batzuk epe laburrean gauzatzeko, agian bai. Horrek, baina, ez du eragozten gaur irabazitakoa bihar galtzea, are gehiago gaur dagoen botere banaketa aldatzen bada. Guk argi dugu estatua ez dela demokratizatu eta estatuan ez dagoela nazio aniztasuna benetan jasotzeko gogorik. Beste kontu bat da aurrekontu batzuk onartzearen truke eskaera jakin batzuk lortzea.

Zer falta da oraindik lortzeko esparru propioa izateko?

Lehendabizi, jasotzat ematen diren eskuduntza batzuk benetan jasotzea. Hemen sortu diren instituzio batzuk espainiar sistemaren azpisistema dira. Lan ikuskaritza, adibidez. Ikuskari kopurua estatuan erabakitzen da; hemen, giza baliabideen antolaketa egiten da bakarrik. Gizarte Segurantza transferitzen bada, bakarrik exekuzio hutsa transferituko da. Hemen ez da erabakiko zein pentsio edo zein kotizazio izan behar duten euskal langileek: erabakiko dena da Madrilen erabakitakoa nola kudeatuko den hemen. Eta hori ez da eskuduntza bat. Guk nahi duguna zera da, langileak hobeto bizi ahal izateko hartu beharreko erabakiak hemen hartu ahal izatea.

Gutxieneko soldata zehazteko ahalmena ere hor dago. 

Gauza gehiago daude: langabezia prestazioak hemen erabakitzea, esaterako. Gutxieneko soldatak duena da patronalak nahiko balu hemen arautu daitekeela, baina patronalak ez du nahi.

«Euskal enpresek ez dute kimika sektoreko hitzarmena hemen negoziatu nahi; zergatik? Langileak esplotatu behar direnean erabat espainolak dira»

Patronalari interesatzen zaio euskal esparruan hedatzea? 

Hor ere beste eskizofrenia bat bizi da. Confebaskek eta barneko patronalek hemen negoziatzea behar dute euren existentzia justifikatzeko, hori baita euren zeregin nagusia. Baina patronal horretan dauden enpresentzat arazo bat da hemen negoziatzea. Kimiketako hitzarmena ez dute hemen negoziatu nahi; zergatik? 18.000 eta 19.000 euroko soldatak ordainduz oso ondo bizi direlako. Langileak esplotatu behar direnean erabat espainolak dira.

Esparruaren eskaeraren barruan dago Ipar Euskal Herria ere. Nola eragin daiteke?

Gure ustez, 1990eko hamarkadan aukera bat galdu zen Iparralderako. LABi proposatu genion Iparraldera proiektu bakar bat eraman behar genuela, eta hori ez zen posible izan. Ondoren, guk erabaki dugu Iparraldeko gure presentziak Iparraldeko beharren eta militanteen araberakoa izan behar duela. Hori bai, agian Iparraldeko langileek erakutsi behar digute Hegoaldekooi elkarlanerako bideak zelan eraiki. Izan ere, abiapuntu okerrago bat izanda ere, gai dira elkarlanean aritu, presio egin eta garaipen txikiak lortzeko. Agian haiei galdetu behar diegu erabakitzeko esparrua nola eraiki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.