Lan istripuak saihesteko ikuskatzeak gehituko ditu Eusko Jaurlaritzak

Industria eta eraikuntza enpresetako segurtasun neurriak zainduko ditu batez ere, istripu gehien horietan izaten delako

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Lan istripuak saihesteko asmoz, ikuskatzeak gehitzeko agindu du Eusko Jaurlaritzak.«Lan segurua bermatzeko, beharrezkoak diren neurri guztiak indartuko ditugu», esan du. Batez ere eraikuntza eta industrian areagotuko ditu lan segurtasunari buruzko kontrolak, «bi sektore horietan izaten delako heriotza eta istripu larri gehien». Orain hasi eta datorren urtea amaitu arte iraungo du kanpainak.

Makineriaren erabileragatik eta obretako erorikoengatik izaten diren istripuak zaindu nahi ditu batez ere. Hori dela eta, Osalani «agindu zehatzak» eman dizkiola jakinarazi du Lan kontseilariordetza sailak ohar baten bidez. Era berean, lan arriskuen prebentzio legea betetzen ez duten enpresei erantzukizunak eskatzeko agindu dio.

Kontrol kanpaina indartuta, eraikuntza enpresek, kontratazio enpresek eta azpikontratatutakoek indarrean dauden arauak betetzea ere nahi dute. «Helburua lana ahalik eta modurik seguruenean egitea da. Izan ere lan istripu traumatiko bakoitza guztion porrota da, gehienetan ekiditea posible izaten delako».

Azken egunotan izandako lan istripuak ere gaitzetsi ditu Jaurlaritzak. «Lehen unetik Osalaneko teknikariak eta Lan ikuskaritza istripuak aztertzen ari dira, gero behar denari erantzukizunak eskatzeko».

Hiru hildako asteon

Hain zuzen hiru langile hil dira aste honetan, hirurak ostegunean. Bilbon izan zen ezbeharretako bat, hegoaldeko saihesbideko lanetan. Iraulki kamioi bat gidatzen ari zela, bihurgune batean ibilgailua bidetik ateraeta 30 metroko amildegi batetik erorita hil zen kamio gidari bat. 42 urte zituen. ELAk eta LAB elkarretaratzea egin zuten atzo ezbeharra gaitzesteko, bakoitzak bere aldetik.

Luzaiden, 67 urteko artzain bat hil zen, Sastra mendiko amildegi batetik erorita. Lezaman, berriz, tren batek horma jo zuen eta gidaria zendu egin zen. Euskotreneko lankideek egun osoko lanuztea egin zuten atzo gertatutakoa gaitzesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.