Laugarren fruitua eman du Patxi Lopezen Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak. Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek enplegua sustatzeko 11 neurri onartu dituzte. Horien artean daude lanbide heziketa eta ekintzailetza sustatzea, sektore berrietara irekitzea eta kontratatzeko laguntzak. Planak 321 milioi euroko aurrekontu «blindatua» izango du, eta etor daitezkeen murrizketek ez diote eragingo.
ELAk eta LABek ez dute mahaian parte hartzen. LABen arabera, atzoko akordioa Jaurlaritzak eta Confebaskek «aurpegia garbitzeko» da, «zerbait egiten dutela erakusteko». 2009ko urrian, 7.000 langabe kontratatzeko laguntzak hitzartu zituen mahaiak. 2010ean, berriz, Lotu kanpaina abiatu zuten eraikuntzan erorketak gutxitzeko, eta Lanbide berrituaren estatutuak hitzartu zituzten.
Nafarroako Gobernuak 12,5 milioi euroko planari egingo dio aurre langabeziari. Kontratazioak bultzatuko dituzte, enpresa berrien sorrera erraztu eta langabeak trebatu. 4.200 langaberen eta gizarteratzeko errenta duten 800 lagunen kontratazioa eragin nahi dute.
Lanbide heziketa
LH Lanbide heziketako ikastaro oso bat egiteko zailtasunak dituztenentzat, modulutan ikastea eskainiko die Jaurlaritzak. Gainera, ikastetxeetara joaterik ez dutenek Internet bidez ikasi ahal izango dute. Prestakuntza hasten ari diren edo kualifikazio maila txikia duten gazteei laguntzeko programak indarrean jarriko dira, lana eta trebakuntza uztartu ditzaten. Etorkizuneko aukerak dituzten sektoreetan eskainiko zaie.
Sektore berriak
Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie gazte langabeei «lan merkatuan aukera gehien duten hizkuntzak» ikas ditzaten. Goi mailako kualifikazioa duten gazteei prestakuntza praktikak eta lan esperientziak eskainiko zaizkie indartzen ari diren sektoreetan: hala nola ingurumen zerbitzuetan, energia berriztagarrietan eta turismo iraunkorrean. LHko edo unibertsitateko titulua dutenek prestakuntza eta praktikak uztartzeko neurriak egongo dira. Praktikak atzerrian egin ahal izango dira.
Lanbide eta enpresak
«Produkzio sareari begira» jarriko duela Lanbide dio planak. Horretarako, enpresa sarearen arazoak, joerak eta premiak jarraitzeko sistemak sortuko ditu Lanbidek, eta enpresentzat zerbitzu espezifikoak eratuko ditu.
Negozio berriak
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren sorrera bultzatuko dute. Haren esku geratuko dira negozio berri bat sortzeko prozesuan laguntzeko neurriak ematea, eta kultura ekintzailea bultzatzea. Aholkuak emango ditu, eta lan burokratikoa arinduko du.
Kontratazio laguntzak
Familia zaintzeko lanaldi murriztua edo eszedentzia hartu dutenak ordezkatzeko laguntzak egongo dira. Laneratzeko zailtasunak dituztenak edo gain behera doazen eskualde edo sektoreetan kontratatzeko laguntzak ere izango dira. Langabezia saria enpresa bat sortzeko baliatu dutenei Gizarte Segurantzaren kotizazioak pagatzen lagunduko die.
Nafarroan, laguntzak kontratuei
Nafarroako Gobernuak hiru neurri hartu ditu enpresetan kontratazioa errazteko. Batetik, 25 langile baino gutxiagoko enpresek laguntzak izango dituzte honako hauek kontratatuz gero: 30 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak edo urtebetez langabezian izan direnak. Kontratu mugagabeetan, Gizarte Segurantzaren kotizazioa osorik pagatuko du gobernuak lehen urtean. Laguntza jasoko dute behin-behineko kontratua mugagabe egiten bada. Bost milioi euro gastatuko ditu horretan, eta espero du 2.200 lanpostu sortuko dituela.
Behin-behineko kontratua dutenei kontratu finkoa egiten dietenek 4.200 euro gutxiago pagatu beharko dituzte zergetan, betiere kontratu horiek enpresak langileak hartzeak ekartzen badu. 10,3 milioi euroko aurrekontua izango du eta 2.400 lanpostu sortzeko balioko duela uste du gobernuak.
Azkenik, gizarteratzeko errenta jasotzen duten 800 lagun kontratatzeko laguntzak emango dizkiete enpresei eta tokiko erakundeei. Enpresen kasuan, gober- nuak 3.848 euro (sei hileko errenta adina) emango dizkie, eta haiek Gizarte Segurantza pagatu beharko dute. Diru horren truke lan itunean dagozkion orduak sartuko dituzte. Udalen kasuan, ez dute Gizarte Segurantza ordaindu beharko.
Ekintzaileak
Nafarroako Gobernuak 2,5 milioi euroko aurrekontuarekin lagunduko die enpresa bat sortzen duten 30 urtez azpikoei. Gehienez 15.000 euro edo inbertsioaren erdia finantzatuko du. Martxoan egingo dute lehiaketa, eta espero dute 150 enpresa eratzea.
Prestakuntza
Langabezian dauden 4.600 laguni ikastaroak emango dizkiete Iturrondo eta Cenifer zentroetan, irailetik 2013ko martxora arte. 110 langile kontratuko dituzteikastaroak emateko.
Lanbide heziketa eta ekintzailetza bultzatuko ditu enplegu planak
Lopezek bultzatutako Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak 321 milioi agindu ditu aurten langabeziari aurre egitekoNafarroak langabeen kontratazioa sarituko du eta enpresa berrien sorrera lagunduko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu