Enplegu zerbitzuetako datuekesandakoa berretsi du Eustaten Biztanleria Aktiboaren Inkestak: langabeziak behera egin du udaberrian. Jaitsiera, ordea, oso apala izan da. Eustaten inkestaren arabera, urteko lehen hiruhilekoan baino 2.000 langabe gutxiago baizik ez daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horri esker, aspaldiko partez arindu egin da langabezia tasa, %11,2tik %10,9era jaitsi baita.
Enpleguaren sorkuntza ere oso txikia izan da. Bi mila landun gehiago zenbatu dituzte apiriletik ekainera, huskeria bat urtarriletik martxora galdutako 16.400ekin alderatuz gero.
Duela urtebeteko emaitzekin konparatuta ere, krisia enpleguan eragiten ari den triskantza are nabariagoa da: 2011ko udaberrian orain baino 30.000 lagun gehiagok zuten lana. Langabezia tasa %10,9koa zela zabaldu zuen orduan inkestak.
Ugarituz doaz, berriz, kide guztiak langabezian dituzten familiak: 41.000 dira orain (%4,8), duela hiru hilabete baino %1,6 gehiago. Kide guztiak lanean dituzten familiak ere handitu dira, eta 477.900 dira (%55,8).
Sektoreei erreparatuz gero, aldeak oso handiak dira. Udako kanpainaren hasieran ohikoa den moduan, enplegua ugaritu da zerbitzuetan, 7.200 lanpostu gehiagorekin. Nekazaritzak ere 1.100 lanpostu gehitu ditu. Beheranzko joerari eusten diote, berriz, industriak (-2.300) eta eraikuntzak (-4.100). Azken sektore horrek 12.300 enplegu galdu ditu urtebetean, eta 9.600, berriz, industriak. Horrenbestez, langileen %23,6 ari dira industrian, 2011ko udaberrian baino 0,3 puntu gutxiago.
Behera jarraitzen du kontratu mugagabea dutenen kopuruak ere: %63,8 ziren duela urtebete eta %63,3 orain.
Lurraldeka, emaitza bitxiak ematen ditu inkestak: Bizkaian 4.500 langabe gutxiago ageri dira (%14,6ko tasa) eta 3.200 gutxiago Gipuzkoan (%8,6), baina 5.000 gehiago Araban (%9.9).
Langabeak gutxitu eta landunak ugaritu dira udaberrian
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 41.000 familiatan inork ez du lanik egiten, eta 447.900etan, guztiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu