«Inoiz ez bezalako krisi batean gaude», nabarmendu du gaur goizean Carmen Maeztuk, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak. Horrek isla izan du lan munduan bigarren hiruhilekoan, baina uztailean egoerak apur bat hobera egin du bederen. Goiz da ezer ondorioztatzeko, eta «zuhurtziaz» jokatu nahi du Maeztuk uztaileko «suspertze zantzu ahularen inguruan, ziurgabetasuna handia baita».
Gaur, Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak lan munduari buruz landutako txosten bat laburbildu du Maeztuk, Luis Campos behatokiko zuzendariarekin batera. Txostenean, besteak beste, eskualdekako eta sektorekako azterketa egin dute. Bigarren hiruhilekoan, langabeziak %16 egin zuen gora Nafarroan, lehen hiruhilekoarekin konparatuta. Batez besteko hori baino handiagoa dute Iruñerriak (+%17,9), Iruñerri inguruko eskualdeek (+%22,3), Izarbeibarrek (+%17,7), Sakanak (+%18,1), Leitzaldeak (+%24,4) eta Pirinioek (+%29,5). Langabezia ez da hainbeste igo eskualde hauetan: Bidasoan %8,1 handitu da; Zangoza aldean, %6,7; eta Lizarraldeko Erriberan, %2,5.
Apiril eta ekain artean, 40.681 lagun zeuden izen emanda batez beste Nafar Lansareren bulegoetan. Lehen aldiz, langabe kopurua baino handiagoa izan da prestazioa jaso dutenena (43.454). Izan ere, aldi baterako erregulazio espedientean egon direnek saria jaso dute, baina ez dira langabe gisa kontabilizatu, enpresek konpromisoa baitute langileak berriz hartzeko eta sei hilabetean ez kaleratzeko. Maeztuaren arabera, konfinamenduak enplegua azkar suntsitu badu ere, erregulazio espedienteak babesleku bat izan dira. Alta, txostenean kezka bat islatzen dute: «Babes tresna bikaina dira orain, baina langabezia handiagoa ezkutatu dezakete, erregulazio espedienteak luzatzeko aukera dela eta».
Langabeziaz gain, kontratazioak eta afiliazioak ere behera egin dute nabarmen. Deigarria da bigarren hiruhilekoan 39.222 kontratu gutxiago izenpetu direla lehengoan baino, eta horietatik gehienak 27.306 Iruñerrian egin direla; hots, jaitsiera handiena izan duen eskualdean.
Sektoreka, konfinamenduak ia sektore guztiei eragin die, baina batik bat autogintzari eta ostalaritzari. Autogintzan, lehen hiruhilekoan baino 4.457 kontratu gutxiago egin dira, eta %90 erori da kontratazioa. Ostalaritzak ateak itxita eduki dituenez, kontratazioa %80 jaitsi da batez beste. Konfinamenduak eragindako beste sektoreetan ere islatu da jaitsiera: hezkuntzan %76 jaitsi da; metalgintzan, %69; garraioan, %62,8; bankuetan eta enpresen zerbitzuetan, %50,9; eta plastikoen ekoizpenean, %49,1.
Errealitate horri lotuta, afiliazioak behera egin du sektore guztietan, hirutan ezik: nekazaritzan %0,8 igo da Gizarte Segurantzan izena eman duten langileen kopurua; administrazio publikoan, %2; eta osasun zerbitzuetan, %1,7. Hain zuzen, aurreko urtean aldean, osasun beharrei aurre egiteko 1.995 langile gehiago daude izen emanda.
Gaztea eta gizonezkoa
Lan munduaren erradiografia horrek adierazten dituen beste datuetako bat hau da: nori eragin dion gehien langabeziak. Langabeziaren igoera handia izan da, apiriletik ekainera 9.274 langabe gehiago izan baitira. Sexuka, gizonezkoek gehiago nabaritu dute igoera hori, haien artean langabezia %40 igo baita. Emakumeen artean %22,6 handitu bada ere, oraindik ere emakumeak dira langabeen %57. Adinari erreparatuz gero, gazteak gogor jo ditu egoerak: 25 urtetik azpikoen artean %50,8 handitu da, eta 25 eta 34 urte dituztenen artean, berriz, %46,2.
Halaber, hiru hilabeteotan lanik gabe geratu direnen artean, hamarretik bat aurretik langabezian egon da luzaroan.