Lan merkatua

Langabezia puntu erdi jaitsi da azken urtean EAEn, %7,5eraino

2023ko hirugarren hiruhilekoan 4.300 landun gehiago eta 1.300 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek.

Lanbideren bulego bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 20a
11:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleria aktiboaren inkestaren berri eman du gaur Eustatek. Horretan ikusten denez, 2023ko hirugarren hiruhilekoan 78.900 lagun zeuden lanik gabe hiru lurralde horietan. Aurreko hiruhilekoan baino 1.300 gehiago dira, baina duela urtebete baino 4.700 gutxiago. Ohikoa da bigarren hiruhilekotik hirugarrenera langabe kopurua handitzea.

Horrenbestez, langabezia tasa %7,5ean kokatu da. 2023ko bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago da, baina 2022ko hirugarrenean baino puntu erdi gutxiago.

Langabezia erregistratuaren datuetan ez bezala, biztanleria aktiboaren inkestetan ez da alde handirik gizonen eta emakumeen artean. Lanbiden eta Nafar Lansaren langabe gisa erregistratuta daudenen ia %58 emakumeak dira; Eustatek, kontrara, gizon langabe gehiago zenbatu ditu (40.000) emakumeak baino (38.900). Hori bai, langabezia tasa pixka bat handiagoa da emakumeen artean (%7,7) gizonen artean baino (%7,3), azken horietan biztanle aktiboak gehiago direlako.

Lurraldeen artean, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena (%6,3), eta ondoren datoz Araba (%7,8) eta Bizkaia (%8,1). Joera hori antzematen da hiriburuetan ere: Donostiak %6,5eko langabezia tasa du; Gasteizek, %8,5; eta Bilbok %8,8.

Adinak aurrera egin ahala txikitu egiten da langabezia tasa: 16 eta 24 urte bitartekoen %16,3 daude lanik gabe, eta %8,6 dira 25-44 adin tartean, eta %5,7, berriz, 45 urtetik gorakoetan.

Herritartasuna ere faktore garrantzitsua da: espainiar herritartasuna dutenen %6,1 daude lanik gabe, eta espainiar herritartasuna ez dutenen %19,7.

Inoiz baino okupatu gehiago

Lana dutenen kopurua etengabe igotzen ari dela nabarmendu du Eustatek. 2023ko hirugarren hilekoan 975.900 ziren, bigarrenean baino 4.300 gehiago, eta iazko hirugarrenean baino 8.400 gehiago. Eustatek ez du halako kopururik neurtu 2008. urteaz geroztik.

Okupatuen %52 dira gizonak, eta %48 emakumeak. Zerbitzuetan aritzen dira %73,4, eta industrian, berriz, %19,9. Eraikuntzan %5,8 dira, eta lehen sektorean, %0,8 baizik ez.

Langileen %82,3 dira soldatapekoak, eta horietatik %77,9k dute lan kontratu mugagabe bat. Aldi baterako kontratu batekin edo kontraturik gabe aritzen dira beste 177.600 langile (%22,1). Azken urteetan gutxitu egin da aldi baterako kontratua dutenen kopurua; 2019ko hirugarren hilekoan, esaterako, 243.600 ziren, orduko soldatapekoen %30,9. Hau da, lau urtean ia bederatzi puntu jaitsi dela haien kopurua.

Hori bai, 2019an bezala orain ere, emakumeek lan prekaritate handiagoa jasaten dute: haien artean %24,9k dute aldi baterako kontratua; gizonen artean, %18,1ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.