Azken urteotako daturik onenak eman ditu Eustaten lan merkatuari buruzko inkestak. Haren arabera, gaur egun 61.100 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %5,7koa da EAEn. 2008ra egin behar da atzera hori baino tasa txikiagoa aurkitzeko —%3,8 izan zen orduan—, baina bada alde esanguratsu bat urte horrekin konparatuta: gaur egun, 1.010.400 lagunek dute enplegua, eta orduan baino 200.000 langile gehiago daude (817.800).
Estatistika erakundearen arabera, hobekuntza handia gertatu da 2025eko lehen hiruhilekotik bigarrenera. Hiruhileko bakarrean, 18.900 landun gehiago eta 13.200 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek. Horri esker, landunen kopurua inoizko handiena da. Edonola ere, jarduera tasan ez da aldaketarik izan, eta %56an da orain ere, 18 urtetik gorako biztanlerian eta biztanleria aktiboan ere hazkunde handia gertatu baita.
Gero eta gehiago dira kanpotik etorritako langileak, eta horrek zerikusi nabarmena izan du hazkunde horretan. Hori dela eta, Espainiako herritartasuna dutenen artean enplegua %1,5 handitu da; beste pasaporte bat dutenen artean, berriz, %5,3.
Emakumeak, okerrago
Sexuen araberako aldea handia da oraindik ere. Jarduera tasa %60,2koa da gizonen artean; %52,2koa, berriz, emakumeen artean. Alde hori handiagoa zen aurretik —1992an, %67,4 zen gizonen tasa eta %38,4 emakumeena—, baina 2015etik hona ez da aldaketa handirik izan.
Langabezia tasan ere bada diferentzia sexuen artean, baina ez langabezia erregistratuaren datuek adierazten duten bezain handia: Eustatek dioenez, gizonen %5,3 leudeke lanik gabe, eta emakumeen %6,1.
Aldeak handiagoak dira herritartasunari erreparatuz gero. Espainiako herritartasuna dutenen artean, %4,7 daude lanik gabe, eta beste estatu batekoa dutenen artean, berriz, %14,1. Proportzio hori aldatu egiten da jarduera tasari begiratuz gero; izan ere, EAEn dauden atzerritar gehienak lan egiteko adinean daude, eta, horregatik, beren jarduera tasa %64,7koa da; %55,1ekoa da, ostera, Espainiako pasaportea dutenena.
DATUAK
%4.1Zenbatekoa den langabezia tasa Gipuzkoan. Lurralde guztietan ari da txikitzen langabezia, baina Gipuzkoan inoiz baino gehiago (-1,6 puntu). Herrialde hori dagoeneko langabezia teknikoko egoeran dago —%5etik beherako langabezia—, aktiboen %4,1 baitaude lanik gabe. Araban %5,6 dira, eta Bizkaian, berriz, %6,7.
18.600Zenbat etxetan dauden kide guztiak langabezian. 2025eko bigarren hiruhilekoan 927.600 etxe zeuden hiru lurraldeetan. Horietatik, herenean ez zegoen aktiborik —erretiratuak ziren haietako gehienak—, eta hamarretik seitan denak ari ziren lanean. 18.600 etxetan daude kide aktibo guztiak langabezian (-%24).
%8,8Zenbatekoa den langabezia tasa Bilbon. Lurralde batetik bestera ez ezik, hiriburu batetik bestera ere alde handia dago lan merkatuan. Bilbon, esaterako, %8,8 da langabezia tasa, eta nabarmen txikiagoa da Gasteizen (%5,5) eta, batez ere, Donostian (%3,9).
Sektoreei dagokionez, zerbitzuek gero eta pisu handiagoa dute EAEko ekonomian ere. Han ugaritu dira gehien landunak (+13.800), baina bilakaera positiboa izan dute industriak (+3.400) eta eraikuntzak ere (+1.900). Lehen sektorean, ordea, 300 langile gutxiago zenbatu ditu Eustatek.
Horrenbestez, hiru herrialdeetako langileen %73 aritzen dira zerbitzuetan, %20 industrian, %6 eraikuntzan, eta %1 nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan.