Langabezia tasa %7,9ra igo da EAEn

Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023ko azken hiruhilekoan baino 9.100 langabe gehiago izan dira 2024ko lehenengoan. Landunen kopurua ere handitu da, baina gutxiago: 1.500 gehiago.

Emakume bat lanean, Tecnaliaren laborategi batean. JON URBE / FOKU
Emakume bat lanean, Tecnaliaren laborategi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 18a
13:00
Entzun

Ohi bezala, urte hasierak eten egin du langabeziaren jaitsiera. Eustaten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren langabezia tasak zazpi hamarren egin du gora 2023ko azken hiruhilekotik 2024ko lehenengora, %7,2tik %7,9ra. Edonola ere, duela urtebetekoa baino txikiagoa da, 2023ko hasieran aktiboen %8,9 baitzeuden lanik gabe.

Kopuru osoetan hazkunde esanguratsua izan du langabeziak, 9.100 langabe gehiago aurkitu dituelako Eustatek: 5.800 gehiago Bizkaian, 2.900 gehiago Gipuzkoan, eta 300 langabe gehiago Araban. Bizkaiak du, alde handiz, langabezia tasarik handiena, %9,1. Araban %7,8 da, eta Gipuzkoan, berriz, %6,3. Txikiagoa da langabezia tasa Europako Batasunean: %6.

Langabeziak batez ere emakume aurpegia duela esaten dute enplegu bulegoek hilero ezagutarazten dituzten datuek —hamar langabetik sei emakumeak dira—. Eustaten inkestak ere badio emakumeen egoera okerragoa dela, baina ez hainbesteko aldearekin: emakumeen langabezia tasa %8,2 da, eta gizonena, aldiz, %7,7.

Berez, lanik ez duten gizonak emakumeak baino mila gehiago dira, baina kontuan hartu behar da emakume gutxiago ari direla etxetik kanpoko lanetan: 512.400 gizon eta 468.500 emakume. Gainera, ez die mesede egin urte hasierako pattalaldiak: 2.000 emakume landun gutxiago daude, baina 3.500 gizon gehiago.

DATUA

%56,4

Jarduera tasak gora egin du urte hasieran ere. Batez beste, 16 urtetik gorako biztanleen %56,4 ari dira lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2023ko azken hiruhilekoan baino 0,5 puntu gehiago.

29.300

Eustaten arabera, 920.600 familia unitate daude bere eremuko hiru lurraldeetan. Horietatik, 311.100etan ez dago pertsona aktiborik (erretiratuak gehienbat), eta beste 542.000 etxetan 16 urtetik gorako guztiek dute enplegua. Kide guztiak langabezian dituzten familiak 29.300 dira.

%22,4

Espainiako herritartasuna dutenen %6,2 daude lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halakoa ez dutenen artean, berriz, langabezia tasa %22,4 da.

 Atzerritarren artean, ordea, nabarmen handiagoa da jarduera tasa, %69,3.

Sektoreka banatuta, zerbitzuetan enplegatzen dira langile gehien, %73,2 ari baitira lan horietan. Gainera, zerbitzuek izan dute bilakaerarik onena urte hasieran (+4.100 landun). Lehen sektorean ere gora egin dute okupatuek (+700), baina ez dira %0,9ra ailegatzen. Industriak 1.200 okupatu galdu ditu, eta langileen %20,4 enplegatzen ditu. Eraikuntzan 54.000 lagun aritzen dira (-2.000).

Eustaten arabera, langileen %81,9 dira soldatapekoak, eta gainontzekoak autonomoak eta enpresaburuak dira. Soldatadunen artean, %79,7k dute kontratu mugagabea; gainontzekoek aldi baterakoa dute, edo ez dute kontraturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.